Ni izatez, eta zoritxarrez, pertsona ezkor samarra naiz, munduan ezer ona denik zalantza ugarirekin bizi duen horietakoa. Zer egingo diogu ba! Urnietako Marizulo herri-ikuskizuna antolatzen hasi zirenetik ez hurbiletik ez urrunetik jarraitu dut egitasmo horren eginbidea, jakinminez, ikustearren zer zen lor zitekeena Iñistorra Biltzarrekoei aurkeztu zigutenean egin ziguten planteamenduaz: antzezlana, dantza emanaldia eta musikaren doinuak Urnietaren eta urnietarren historiaren zantzu batzuk azaltzeko. Iñistorra Biltzarreko lagunak ikuskizunean esku hartu dutelako jakin dut, tarteka-marteka, egitasmoak aurrera egiten zuela, lagun ugari eta ordu ugariko lana zegoela hor atzean, eta, azkenik, iritsi bazetorrela ikuskizuna jendaurrean agertzeko eguna. Abenduaren 11ko emanaldi berezira joatea egokitu zitzaidan, hok zer ondu ote dute! pentsatuz.
Oso garbi nuen ikuskizuna ikusi aurretik, emaitza erdipurdikoa izanik ere egindako ahalegina eta lana merezi zuela, lortu zuelako, behinik behin, 70 lagun urnietar nahikoa bazterturik ditugun jarduera batzuetan esku hartzea, herri giroa suspertzeko eta biziberritzeko ahalegina egitea eta, garrantzitsuena, herri eta gizarte ekimena musika, dantza eta antzerkiaren bidez hauspotzea, nork berea aberastekoari ere indarra emanez. Eta hori ez zen gutxi. Hori hasteko askotxo zen urte asko itzalirik daraman gure Urnietan.
Txundituta gelditu nintzen ikusitakoarekin, zirrara kolpe batek hartua, eta aitortu egin behar dut hunkittu ere egin ninduela agertutakoak. Lehen-lehenik, ongi kontaturiko historia batekin egin nuen topo, ongi harilkatuta bere ardatzean, hizketaldi astunik gabe, elkarrizketa errazez eta ulergarriez osatua, soila baina erakargarria, handinahikeriarik gabe. Marizuloko lehen urnietarraren garaietatik hasita oso erakutsi sinplea azaldu nahi zigun ikusleoi: gure iraganarekiko, gure berezko historia eta izanarekiko ardura eta jakinmina. Kontraerreforma garaiko Inkisizioaren atzaparkada beldurgarrietan barrena eginez, Urnieta guztiz suntsitu zuen 1837ko lehenengo Karlistadara ekarri gintuen, azkenik, lau zatiko koadro hau, 1925. urteko Lasarteko zirkuitoko auto-lasterketetan amaitzeko. Amaiera egokia, Belle Epoque-aren aparretan, alaixeago bukatzeko modua, ondoren etorri zen gerra zibilaren eta hortik aurrerako mixeria guztien kontuetan sartu gabe. Oso ongi hautatua amaiera hori…, nahikoa baitzen Marizuloko Umezarrentzat sorgin-ehizaldietan eta Karlistadan sufritu eta ikusitakoekin!
Antzezleen lana, guztiak edo gehienak zaletuak, bikaina izan zen, aitzakiarik gabe, ederki mugitu eta bilakatu ziren agertokian zehar eta ezusteko ugari izan nuen gure kaleetan otzan-otzan ikusiz ezagutzen nuen zenbait urnietarrengandik: noranahiko antzeztaldea dugu hor! Bereziki azpimarratzekoa da Arantza Miguez protagonistak egindako lan ona, oker ez banago gazte hori euskaldun berria baita eta ez zuen euskaraz deklamatzeko ohiturarik izango.
Dantza emanaldiek eta musika doinuek ikuskizuna gailurrara eraman zuten. Koreografia soil eta garbiak, efektismorik gabekoak eta oso doi buruturikoak. Benetan ederra Muruamendiarazek egindako lana dantzariekin. Eta musika doinuak ez ziren atzean gelditu, ez gure folkloretik eratorritakoak ez musika-lan berriak, espreski ikuskizun honetarako sortuak. Hiru osagai horiek elkarrekin ahokatuz lorturikoa zirraragarria izan zen Saroben bildu ginen guztiontzat, eta ez bakarrik ostegunekoan taula gainean zeudenen sendiartekoez beterik zegoelako antzokia, larunbatean, emanaldia amaituta ni kanpoan zain nengoela ateratzen ari zen jendea –batzuk Urnietara ez aspaldi etorriak, beste batzuek euskaraz makal zekitenak...–, bat zetorren iritzia ematerakoan, zirrarak jota atera ziren eta hukitturik zeudela adierazi beharrean.
Hiru egun horietako klimaxa errepikatzea zaila izango da aurrerantzean, ziurrenik errepikaezina izango da, antzokiko giro bildua, eguraldia, jendeak lana ikusteko zeukan irrika..., guztiak lagundu baitzuen Marizulo lan ederraz gozatzeko. Bertan esku hartu duten guztiek bere curriculum-ean dagokien puska aipatzeko moduan dira, dagoeneko, hutsik hiru egun horietan ikusi ahal izan genuenagatik esan baitezakegu Txanbolin Txistulari Taldeak eta bertan partaide izan diren guztiek, zutoin berria jarri dutela Urnietako kulturgintzan eta, zalantza izpirik gabe urtekoa ez ezik urte batzuetako gertakaria izan dela Marizulo. Emanaldi gutxi batzu gehiagoren eskarmentuaz, ekoizpen mailan diru gehixeago gastatuz eta koipe piska bat emanda gauza pare bati, ikuskizunak beste herri batzuetarako bidea ere egin lezake, lasai asko. Beraz, zorionak guztioi!
Antolatzaileek etorkizunean ikuskizuna kalera ateratzeko asmoz antolatu dute. Hortxe ditut nik nire zalantzak, oraingoz dudan irudipena zera baita, ikuskizun honek, aldaketa dezente egin ezean, kalean ez duela emango antzoki barruan eman duena, ezta gutxiagorik ere! Baina, batek daki, ikusitakoak ikusita konfidantza osoa eta soka luzea eskaini behar zaie eragileei, eta babestu guztiz aurrerantzean proposatzen dutena.
Gisa honetako ekimen batek lan handia eta neketsua dakar berarekin. Zazpi urte badira –behintzat– Andoainerako proposatu genuela Larramendi Bazkunaren baitan Andoaindo gudua gogoan hartuko duen herri-ikuskizuna antolatzea, eta oraindik hor gabiltza, urte berriarekin antolakuntza lanei ekitekotan. Jakin dut, Marizuloko eragileek urtarrilean emanaldi berriren bat antolatu nahian dabiltzala, asko baitira hura ikusteko aukerarik gabe gelditu diren urnietarrak, baita kanpotarrak ere. Baina dirua arazo izan omen liteke hori eskaintzeko.
Ez, andre eta jaunak!, arazo izan liteke bertan parte hartu behar dutenak ezin elkartzea emanaldi berri baterako, edota beste ezusteko larriren bat gertatzea. Baina tresneria eta jantziak alokatzeko dirua arazo? Ziur naiz Udalak bidea egingo duela hori arazo izan ez dadin, emanaldi bat izan ala hamabost eskaini behar direnak hurrengo urtean, baita Herriko Etxea saldu behar badu ere, alafede!