España Una egiten laguntza handia eman dugu euskaldunok, baita España Grande egiten ere –oso Handia–, eta hirutasun gorenera iristeko, España Libre egiten laguntzea baino ez zaigu falta; horrek behar du izan gure hurrengo helburua. Eta oso serio hartu behar dugu lana.
Arazoa da orain arte guztiz kontrakoa egin dugula, ezen antitesi edo kontraesan handia baitago aipatu dudan hirutasun horren baitan, alegia, España Una eta Grande egin ahal izateko Aske edo Libre ez izateko egin zitekeen guztia egin dela –eta dugula–. Ea argixeago azaltzen dudan: España bakar eta handi hori egiteko erabili diren bitarteko, baliabide eta bidezidorrek, maiz bortxakeria, indarkeria eta gogorkeriarik ankerrena izan dute ardatz nagusi, ez askatasuna, ez bakea, ez nork bere eskuko borondatea… Askatasun, bake eta borondate bakarra mendeetako joan-etorrietan hilerri eta kanposantuetan, hilotzez josiriko gudaleku mortuetan gelditutakoa izan da; ez besterik. Bahamondekoak gerra ondorenean 25 años de Paz ospetsu haiek ongi egurtu ondoren opa zizkigun bezalaxe, Errege Katolikoez geroztikako monarkiak, penintsulan izan ala Inperioaren atzerrietan bere menpekoei aske eta gure buruaren jabe izateko oso era bitxiak eskaini dizkigu, bere bitartekoez edota Elizaren Inkisizioaren laguntzarekin, beste adibideren bat aipatzeko.
Kontua da Una eta Grande egiteko habsburgotarrek eta borboitarrek erabilitako indarkeria horretan euskaldunak penintsulako beste askorekin batera biktima galtzaile eta errugabe izateaz gain, sarri zigortzaileen artean puntan-puntan ibili garela ere, baita atzerriak txikitzera joandakoen artean, zoritxarrez. Lope de Agirre aski ezaguna izango da, baina bada beste zientoka bat kupidarik gabe Ameriketan sarraskitan ibili zena, haien artean Colombiako Santa Fe de Bogotako museo nazionalean jakingarri duten Arana abizeneko euskaldun bat, Colombiako Amazoniako konkistatzailerik basatienetakoa. Muin-muinean dugula euskaldunok ere antzina-antzinako bortxakeria hori, eta ez garela inoren askatzaile izan gure buruarena izan nahian hasi ginen arte. Baina zer askatasun opa diogu gure buruari?
Bahamondekoa hil zenean hasi zen ditxosozko transizioan ikusi genuen gure askatasunaren unea, hainbeste itxarondakoa, eta gure burua Historiaren korapiloetatik askatzeko egokiera, Frankismoaren osteko Estatua eta abertzaletasun espainiarra guztiz motelduta baitziruditen askatasun haize berrien aurrean. Dena aurretik eramango genuen lehenik euskal presoak askatu eta, ondoren, Euskadiren askatasuna –zazpi herrialdeena, noski– lortzen ez bagenuen. Xibertako hartan euskal abertzaleen artean ez zegoela adostasunik, bost axola!, indarrean geunden eta ETA ere hor genuen behar izanez gero Carrero bezala beste dozena bat aidean jartzeko…
Gehienetan bezala, ez genuen tutik ulertu, eta indar gehienekin zetozenak, gutxiena haietxek ulertu zutelakoan nago, maiz gertatu ohi denez.
Transizioak guztientzat balio zuen, eta Askatasuna eta Demokraziarena ez zen hutsik euskaldunentzat eraiki beharreko etxea, guk bezainbeste behar zuten espainiarrek, balore espainiar unibertsaletan askatasunez eta demokrazian aurrera egin nahi zutenek. Baina ez genuen jakin oraindik atzaparkada latzak ematen zituen Estatu zapaltzailearen aurka Euskal Herritik erabiltzen genuen indar armatua garaiz gerarazten, garaiz…; ez al genuen orduan nahikoa, esate baterako, Jose Ramon Ansa doilorki erail zutenean Andoaingo herriak eta Gipuzkoa osoak kaleetan bat eginik azaldu zuen mesprezua eta indarra? Askatasun eta demokrazia horiek espainiarrekin batera eraiki behar genituen, haiengan gogo eta izpiritu libreak guregan adina edo gehiago behar genituelako, gaur egun oso bistan denez. Ariketa zaila eta apur bat erromantikoa agian, baina gurea bezalako nazio txiki eta bi handien arteko ahul batentzat ezinbestekoa. Ez da, ordea, bi Estatu boteretsu horiena bakarrik; nork espero zezakeen euskal abertzaleen urteetako ametsak egun batetik bestera egi bihur zitezkeenik diktaduratik eta gure Historiatik arrastaka genekarren Euskal Herriko soziologia nolakoa genuen ikusirik? Zer abertzale ditugu, baina, Iparraldean? Nafarroan? Araban? Ezkerraldean? Donostian?…
Gurean eta atzerrian Askatasunaren abertzaleak sortu ordez, Aizkora eta Sugearen abertzaleak sortu ditugu, eta aske izateko, jakina, besterik behar genuen. Euskaldunon askatasun egarriari kalte ikaragarria egiteaz gain –orain guztien begi bistan dagoena–, espainiarren askatasunari ere kalte itzela eragin diogu, espainiarrak nazio bat, estatu bat eta aberri bat izan arren ez baitira ez aske bizi ezta askatasun betean ere, halamoduzko demokrazia batean baizik. Eta barka nazate Iparraldeko euskaldun frantximant guztiak esaten baldin badut Frantzian ere askatasun ments edo defizit ikaragarria dutela, haien eta inguruko guztien kalterako.
Beraz, ETAren indarkeria eta bortxakeria, herri honetako etxe askotara sufrimendu ikaragarria ekartzeaz gain, gure Askatasunaren guztiz kalterako izateaz gain, espainiarren askatasunaren kalterako izan da zeharo, eta bertako sistema edo erabide politikoa benetako demokraziara eramateko oztopo handia. Eta horrek gure kalteak areagotu besterik ez du egin. Ez nau batere harritzen, beraz, gaur Espainiako Estatuaren egituretan eta sistema politikoan ikusi behar ohi dugun zirkoa, euskal abertzaletasuna, erradikala zein moderatua, nolanahi desagertarazteko ahaleginean.
Arazoa ez da hutsik Eusko Legebiltzarrak onarturiko Kontsulta Legearen arabera kontsultarik egin ezin izana edota Kataluiniako Estatutua Auzitegi Konstituzionalak piska bat arindu zain egotea. Arazoa da hitza maizago eskaini behar zaiola herriari, gauzak oker eta garesti erabakitzeko arrisku eta guzti; arazoa da ez dudala ulertzen zergatik ez diogun herri honi Abiadura Handiko Trenari buruzko galderarik egin behar, edota Guggenheim berriaren egokitasunaz, zeren beldur garen horiek eta gisa horretako beste asko galdetzeko. Arazoa da, espainiarrek ezin izan diotela galdetu bere buruari Errepublika ala Borboia nahi duten. Arazoa da ez garela behar hainbat ahalegindu ez Espainian baina ezta Euskal Herrian ere Demokrazia eta Askatasuna biak ahalik eta bateragarrien egiten, eta hori gutxi balitz odol arrasto izugarria utzi dugula bide-ertzetan. Eta arazo nagusia da, jakina, gure etsairik handiena, Euskal Herrian eta Espainian gure askatasuna elbarritzen duten indarkeriak ditugula, nork bere gisakoak.
Aske izan nahi genuke, burujabe, baina herri txikia gara eta nagusiagoen morrontzan gaude ezinbestez. Sinestuta nago guztiz Espainian sistema federal batek eragin suspergarri ikaragarria izango lukeela bertako nazio guztientzat, eta Espainiak gehiago irabaziko lukeela erabide horretatik galdu baino. Eta sinestuta nago onura handiagoa izango litzatekeela oraindik Euskadirentzat eta Espainiarentzat, bientzat, alkartasunean eta Historiak loturiko harremanetan nor bere buruaren jabe izatea erabakitzerik bagenu, seme-alabek gurasoen mende bizitzeari uzten diotenean batzuek eta besteek onura izaten duten bezalaxe.
Baina morrontza horren ondorioz, Espainiari bere Askatasuna ere zor diogu, Una eta Grande egin genuen bezalaxe, Libre egiten lagundu behar diogu, bera ere bere indarkeria egitura eta izpiritutik aske gera dadin. Eta, jakina, ondoren edo bitartean gu ere aske eta libre izan gaitezen, azkenik. Garbi dago horretarako zein pauso diren lehen-lehenik eman beharrekoak. Libre egiten badugu Bahamondekoaren hirutasun sakratua osatuko dugu, eta hirutasun horren sorginkeria hautsiz, askatasun berri horrek indarrez egindako batasuna apurtzeko aukera emango digu, eta España Grande-ren handitasuna baino ez da geldituko; Askatasunaren handitasuna, hori bai, eta ondoan gu, gure txikitasunean ere libre, eta askoz handiago.