Aurrekoan azpimarratu nahi izan nuen bezalaxe Espainiaren batasunaren alde dezente egindakoak garela euskaldunok eta ez hainbeste, berriz, euskal aberriaren alde, gaur nabarmendu nahi nuke ditxosozko España Una, Grande, Libre horretan Grande horren alde asko izan dela ere, eta gaur hala dela oraindik, euskaldunok egin eta egiten duguna, eta mende askotan oso gogo onez gainera. Begiratu bat besterik ez gure Historiari edo gure erakundeei, eta nonahi aurkituko ditugu adibideak: Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiko aitzinaldean, esate baterako; bertan goretsita dauden gipuzkoar historikoak –gizasemeak denak– Espainiaren handitasun eta bikaintasunaren alde lan itzela egindakoak dira guztiak: Okendo almirante handiak noren eta zeren alde egin zuen borroka, bada, bizitza osoan? Eta Txurruka brigadierrrak Trafalgarko borrokan hil zuten arte lortutako garaipen guztiak zer bikaintzeko izan ziren? Noren alde eginez garaitu zituen Blas de Lezo y Olabarrieta itsasgizonak gudaontzi ingelesak Indietako Cartagenan izan zen borroka ospetsuan?…
Eta gure patroi handiak sortu zuen Lagundiak –Jesuiten Konpainiak, alegia– Espainiaren batasun eta bikaintasunaren Historian egin duen lana inoiz orain artean baino sakonago monografikoki aztertzen baldin bada, frogatu ahal izango da berebiziko garrantzia izan zuela Estatu modernoen sorkuntzan, bai behintzat Erromako Eliza Katolikoaren kontraerreformaren interesen aldeko estatu eredu jakin bat sortu eta modernizatzeko garaian, tuntunenak ere bai baitaki Frantziako iraultza ez zutela josulagunek gidatu. Eskerrak etxean bertan azpeitiarrari ardi beltz ugari sortu zitzaion –eta zaio– geroztik beste aberririk aldarrikatzen, lehena eta garrantzitsuena Manuel Larramendi andoaindarra, eta geroztik euskal aberriaren kontzeptu garaikidea osatu zuten arana goiritarrak ere josulagunekin ibiliak izanik… Baina ez gaitezen orain adar horietan gal…
Espainiaren handitasun eta bikaintasunaren alde asko egindakoak garela euskaldunok, kontxo!, eta hori ez duela inork gaizki hartu behar, balio bailezake ulertzeko zergatik gaur egun, oraindik ere, euskaldun ustez abertzale askok bere ekarpentxoa egiten dion Espainiari handi izaten jarrai dezan, garai bateko bikaintasun eta hotsandiarekin ez bada ere. Egun hauetan Sarean irakurtzen ari naizen albiste eta adierazpenak egiazkoak baldin badira, Eroski taldea izan liteke club xelebre horretan sartu den azkena, baina asko dira –edo gara– dagoeneko bertatik pasatakoak. Gure idazle, zientzialari, politikari eta enpresari ospetsu ugari edo Azkoitiko zalduntxoak bakarrik ez aipatzearren, hor ditugu kirol munduan hain ospatuak izan diren Jose Angel Iribar, Arkonada, Bakero eta geroztikako guztiak, gizartearen aparretan Espainiaren izen ona –eta bikaina-– goraipatzen. Hain luze jo lezake zerrendak ez daukagula zertan hemen aipatzen hasi beharrik.
Espainia 500 urtetan handia eta bikaina izan zedin gertatu dugun baliabiderik garrantzitsuena castellanoa edo española izan da, eta gure hizkuntza horretan egindako kultura. Orain, sarri entzun ohi dugu Espainia zera dela: un rico mosaico de lenguas y culturas, baina diskurtso hori 500 urtetan folklorera baizik ez da egon mugaturik, mosaiko horretan gailendu den hizkuntza eta kultura bakarra gaztelerazkoa izan baita, Hego Euskal Herriari gagozkiolarik, jakina. Horrela baizik ezin zen sortu literatura gaztelarraren Urrezko Aroa eta mundu osoan zehar barreiatu dugun literatura garaikidea. Euskarak eta euskaldunok Espainiari egin diogun oparirik bikainenetakoa izan da gaztelera edo castellanoa, Iñigo de Loyolaren Lagundia, goi-mailako militar eta marinel andana, punta-puntako enpresari eta eliz-gizonak eta kirolari gutxi batzuez gain, ez baitugu ahaztu behar euskara oinarrizko, funtsezko eta ezinbesteko izan zela gaztelera edo castellanoa sortzeko garaian. Nola ez dugu ba somatuko bikaintasun horren zama gaur egun oraindik ere gure gogo-barrenean: una unidad y grandeza de destino en lo Universal, Falange-koek gutxi gorabehera laburbildu zuten moduan.
Bernat Etxepareren Euskuara jalgi hadi mundura!, ospetsuak Hego Euskal Herriko euskaldunongan artean ez zuen eraginik sortu Larramendik Loiolatik bertatik euskararen eta euskaldunon kulturaren alde lehen aldarri historikoa egin zuenean, 1756. urte aldera. Eta garai hartako kultur eta jakintza gizon askok euren hizkuntzaren ezaugarri miresgarriak lau haizeetara zabaltzen zituzten hein berean, Larramendik ere euskara Europako hizkuntza guztien gainetik jarri nahi izan zuen bikaintasunari zegokionez. Ederki pagatu arazi diogu gizajoari geroztik bere garaiko beste jakintsuen estrategia eta amarruetara makurtu izana. Gero etorriko ziren Txaho, Sabino Arana eta, bere erara, Arturo Campion eta beste bidegile mordoa gure aberri eta kultur pizkundea suspertzera, baina ordurako gaztelera oso gailenduta zegoen gure euskararen aldean, Estatuaren hizkuntza moderno eta homologatua zen, gure goi-mailako kultur, politika, gizarte eta eliza-eragileek hitzetik hortzera zerabiltena, euskara txokokeria eta etxe-etxeko –edo plazako nahiago baduzue– agerpide eta folklorekerietara mugatu nahi zutelarik.
Hasi ginen gure pizkundea prestatzen, poliki baina gogoz, eta berehala jabetu ginen Estatuaren eta gizarte-eragile horien egituretan gaztelerak aurrera egindako urrats guztiak euskararen kaltetan eginda zituela neurri handi batean, eta ez zutela inolako asmorik etxean barrura egindako urratsetan atzera egiteko. Ordurako gure eskoletan eraztunaren pedagogiak hondamendi eta sufrimendu ikaragarria sortua zuen, eta ordura arte inoiz ez bezala euskara eta bere mundua, bere gizarte eta kultura galdurik ikusi genuen. Euskal Pizkundea zen, beraz, hurrengo hamarkadetako erronka, eta gogotik saiatu ziren euskal abertzale berriak, eta baita –egia historikoa oso inportantea baita– euskal abertzale ez zen hainbat ere. Eta Pizkunde hura hasi zen poliki-poliki gorputza hartzen, gorputza eta arima, 1936. urtean Patxi zaharrak gogorarazi zigun arte nahiago zuela Espainia gorri ikusi hautsita baino, eta Espainiak Bat izan behar zuela eta Handia, Bikaina, ahal bazen Nagusia. Eta munduan barrenako kolonia guztiak galdu ostean ez zegoela prest handitasun hura murrizten ikusteko. Eta hortik aurrerakoak badakigu zer izan ziren: eraztunaren pedagogiari makilarena eta kanposantuarena eranstea.
Eta hala ere historia luze horretatik ez dugu ikasi euskaldunok gauza handirik; ez dugu ikasi aberririk izango baldin badugu gure nortasuna behar dugula indartu, gure hizkuntza, gure adierazpide propio edo berariazkoa. Gure nortasuna gaur egun ez dela elebakarra, etorkizunean are gutxiago, ados!, baina gure nortasuna gure erroetatik haziarazi behar dugula beste inongo landaretan txertatu gabe, hori baita gure aberastasuna eta mundu osoarena ere. Horretarako ez zaio beste ezerri uko egin behar, horretarako gogoa behar da irmo eta begi zorrotza zein jokabide indartu behar den eta zein ez erabakitzeko.
Horrexegatik atsekabea hartzen dut ikusten dudanean Urnietako kiroldegiko tabernan idatziz dauden guztiak hilabetea joan hilabetea etorri gaztelera hutsez egon arren inork ez duela zipitzik esaten, ez bertako arduradunek, ez gure agintariek, ez –garrantzitsuena– herritarrek. Atsekabea hartzen dut ikusten dudanean Urnietako sagardotegi ospetsu batek bere botilak merkatuan gaztelera hutsez etiketaturik saltzen dituela, lerro bakar bat ez euskaraz…
Adibide txikiak dira, Andoaingoak ere aipa genitzake, eta hainbeste dira lana ematen duela sinisteak inoiz aurrera aterako garenik gure hizkuntzarekin, kultur adierazpide bakar eta handi bat egingo dugunik, gaztelerarekin mendeetan egin dugun bezala, baina gazteleraren handitasun hori zama gisa bizi gabe, jakinda guk Espainiaren handitasunaren alde asko egin dugula, gehitxo agian, Espainiak asko zor digula euskaldunei Una eta Grande izatearen kontu horretan, eta badela garaia gure etxekoaz ere behar bezala arduratzeko, auzokoa begi bistatik galdu gabe ordea, zor digun horretan laguntza eman beharko baitigu eta, batez ere, bakea.