Gero eta garbiago dakusat orain hogeita hamar urte inguru biziberritutako egitasmo abertzaleak, bere edozein aldaeretan –EAJ, Ezker Abertzalea, EA…–, porrot egin duela jada bere funtsezko muin nagusietan. Ezker Abertzaletik orain urte batzuetako hauteskundeetan iragarri baitziguten jaiotzear zegoela haurra, baina, nonbait, guztiz galdu zen, eta larrutik ordaintzen ari dira geroztik ezker abertzalearen inguruko gizarte mugimendu guztiak ETArekiko bideratu duten estrategia politikoa. EAJ-k, berriz, 1979an, euskal selekzioak agindu zizkigun beste hauteskunde batzuetan, Estatutuaren bidean berehala izango genituelakoan. Adibide bat besterik ez da, Estatutu horren bidean agindu bai, baina gauzatzerik izan ez dugun hainbat promesarena. Aurrera egin dugula ezin uka, baina askoz aurrerago egingo genukeen gure eskura jarritako hainbat bitarteko burutsuago erabili bagenu, eta haur mukitsuek bezala dena egun batetik bestera eskuratzeko irrikatan galdu ordez, hiru eginkizun nagusitara mugatu bagina: euskal abertzaletasuna eraberritzera, gizarte-ekonomia berregituratzera eta kultur pizkundera.
Beste baterako utziko dut bigarrena, arras ikuspegi ezberdinak azaldu behar baitira horren gainean, gure gizarte-ekonomiak lehenengo sektorean –nekazaritza, arrantza…– eta bigarrenean –industria, enpresa ekimena…– hain bide ezberdinak hartu baitzituen.
Euskal abertzaletasuna eraberritzea ezinbestekoa zen diktaduraren ondorenean, baina erronka ezinezkoa epe motzean, klandestinitateko inertzia ideologiko-politiko guztiei aurre egingo zien eragile berririk, aitzindaririk, ez zelako suertatu mugimendu politiko nagusietan: Ajuriagerrak EAJ-n ez zuen izan bere mailako oinordekorik, ez eta Ezker Abertzaleak bere lehen belaunaldi hartan eginbehar zail horri helduko zionik; baina, batez ere, ETAk itsukeria hutsean bereari eutsiz abertzaletasunaren eraberrikuntzari kalte ikaragarria eragin zion. Bost ajola, nonbait. ETA garaiz desagertu balitz eta ezker abertzaleak ikuspegi ezkertiar modernoago eta burutsuagoa izan balu, epe erdira euskal abertzaletasuna, EAJ barne, guztiz eraberritzea politikaren bidean –nahi eta ezinaren bidean askotan, bai!– etorriko zatekeen.
Pizkunde kulturalarena larriagoa izan zen, ordea. Ezaugarri modernoez jantzitako eta euskararen erabilera suspertzea ardatz nagusi izango zukeen pizkundea posible zen diktaduraren ostean, ezinikusi politikoetatik kanpo, eta posible baino ezinbesteko zitzaion aberriari. Pizkunde horren ardura aitzindari bakan batzuek ez ezik herri honen kultura erakundeek hartu beharko zuketen bere esku, eta, hain zuzen ere, horiexek huts egin ziguten, berrogei urteren ondorenean ez baikenuen ez Euskal Herri barruan ez atzerrian ere pizkunde horren ardura bere gain hartzeko gauza izango zen erakunde bakar bat ere; horra hor gure bekatu izugarria! Hortik aurrerakoak guztiok ezagutzen ditugu: kultur mugimendu eta ekimen berriak, erakunde publikoen ekimenekoak batzuk, ezker abertzalearen magalean sorturikoak besteak, batzuetan aurrez aurre liskarrean, bestetan baliabide egokirik gabe jardunean, zenbaitetan euskaltzale askoren bizkarra sumatuz… Nor bere bidetik alegia, eta gerizpe politikoaren babesean.
Eta historikoki gure kulturgintzan erroturiko kultur erakundeek –Eusko Ikaskuntza, esate baterako– ezin guztien mesederako erronka haiei aurre egin, ezta ziurrenik halakorik nahi aitapontegoan. Hogeita hamar urteren ostean hainbat egitasmo –ez guztiak oraindik– senez eta lasaitasun handiagoz bideratzen hasi ahal izan gara, baina urte horietan guztietan lagun, ahalegin eta baliabide franko alferrik hondatzen edo galtzen ikusi ondoren eta ekimen zenbait kinka larrian ikusi dugunean. Alferrik galdutako egiazko pizkunde horrek bere erantzule politikoak ditu, baita politikoak ez direnak, alderdi guztietan, izen eta deituradunak; eta noizbait kontu eske etorri beharko gatzaizkie –edo zaizkigu?-–. Baina kontua da, 30 urteren buruan aipatu hiru eginkizun nagusi horietan, euskal abertzaletasunaren muina behar zuten horietan, oso larri huts egin dugula.
Eta zein da, bada, gaur, Euskadi edo Euskal Herriaren etorkizuneko egitasmoa? Zer aberri edo nazio-muin dugu bizitzekorik, gozatzekorik, ospatzekorik?
Ez. Esan dezagun garbi. Abertzaletasunean, berriro ere, hazi berriak erein beharrean gara, ia behe-behetik hasi beharra –ez hutsetik, jakina!–, guztiz berregituratu, mezu eta helburu berriekin abiatu, hauteskundez hauteskundeko presarik gabe, baina denbora luze baino lehen.
Bien bitartean, ospatzeko iritsiko zaigun bakarra 2012. urtekoa izango da, hots, Espainiaren batasunaren mitoak bostehun urte beteko dituenekoa. Eta urtebetetze sonatu hori ospatu beharko dugula diot, asko baita Espainiaren batasunak erkidego autonomoko euskaldunei zor diena, 1512. urtean sortu zen Espainia handi haren amatasuna edo aitatasuna –hori ez dut oso garbi– neurri handi batean erkidegoko euskaldun agintedunena izan baitzen, batez ere. Ez dezala bere burua luzeago engaina uste duenak erabat arrotz gertatu zitzaigula batasun hori –besteak beste, urte horretan Nafarroako eta Granadako erresumen kaltetan–, asko baita euskaldunok egin duguna España una aldarri horren alde, Espainiaren aldeko abertzaletasun horrek irabaziez gain zekarzkigun kalte itzalez erromantikoki jabetu ginen arte. Gaur egun ezin baita ukatu errealitate hori, batasun hori, gero eta borobilagoa denik.
Nolanahi ere ez dut oraingoz somatu burrunba handirik lau urte barruko urtebetetze horren gainean, eta 2012ko Joko Olinpikoak Madrilen kaltetan Londresen egitekoak diren arren, buruan dabilkit ez zela txiripa hutsa izango 2012koak Madrilen ospatu nahi izatea, hain urte seinalatuan. Orain, Madrilerako 2016. urtean nahi dituzte, Beijingo aurtengoetan berriz ere garbi frogatu baita Joko Olinpikoek nazio baten nortasun eta indarra azaltzeko zein aparteko erakusleiho diren. Eta azken urte hauetan muturreko abertzaletasun espainiarrak hartu duen indarra ikusita, martxa honetan 2012n ospatuko duguna ez da izango España una… ditxosozko hori, baizik eta España es una unidad –y realidad suprema– de destino en lo universal… zioen beste hura.
Baina 2012n beharko du, 2016ko Joko Olinpikoak ez baitira Madrilen izango, Rio de Janeiron baizik, sen olinpikoak agindu bezala eta buruan egin dudan ariketa txiki baten arabera. Gogoan izan: 2016an Rio de Janeiron –samba, samba, samba!!!–. Ordurako euskal abertzaletasuna biziberriturik izango dugu, noski, eta 2020an ez, baina 2024an –batek daki– Jokoak Iruñean, Bilbon edo… Tolosan!