Mikaela-Enea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Unanue 2008ko uzt. 9a, 19:26

Berrittu-ren bidez jakin ahal izan dugu Urnietako Mikaela-enea etxean kultur-gune berria egiteko proiektua dela-eta zalantza sortu zaiola Udalari. Badirudi, etxearen egitura nahikoa egoera kaskarrean dagoela eta bere horretan berritzekotan, hiru horma nagusiak eta zimenduak baizik ezingo liratekeela iraunarazi, barrualde osoa eta atzealdea guztiz berria eraiki beharko bailukete. Esaten du eraikina Urnietako ezagunenetakoa dela, eta hori ez da harritzekoa zaharrenetakoetatik kalean oraingoz zutik utzi den bakarrenetakoa baita, herri eta bazter guztietan eman den adreiluaren sukar berritzailearen ildoan. Hirurogeita hamar urte inguru baino ez ditu, ordea, etxe horrek eta bitxia dirudi bere horretan gorde nahi izatea, askoz zaharrago eta osagai arkitektoniko eta historiko garrantzitsuagorik zuen etxe mordoa bota baita azken hogeita hamar urte hauetan etxe zahar hori zertarako? irizpide oso zentzudun eta zabalduaren indarrez. Baina egin dezagun historia piska bat, nik ere makina bat kontu baitut entzuna etxe horri buruz gurean eta gure etxetik kanpo.

Bartolome Lasarte zenak berreraiki zuen etxea gerra ondorenean, gerra garaian Mikaela-enea etxea kendu egin baitzioten agintari frankistek –ordurako guztiz garbituta zegoen–, eta baten batek ere noizbait su eman zion eta guztiz kiskali. Bartolome kontratista zen, gerra aurretik EAJk Urnietan zuen babesle nagusietakoa, eta gerrari buruzko eman ditugun ataletan berari buruzko hainbat kontu aurreratu dugunez, ez ditut hemen orain errepikatuko. Kontua da kontratista gisa kontratu oso ona izan zuela bere garaian RENFE-rekin eta horrek irabazi handiak eman zizkion. Etxea berreraikitzeko, beraz, kalitaterik oneneko materialak erabili omen zituen eta etxe dotorea egin nahi izan zuen zurezko eskaileran gora beira-leiho –bidriera– heraldiko eta guzti. Mikaela Barkaiztegi, hain zuzen ere, Bartolomeren emaztea zen. Hori da egun arte iritsi zaigun etxea.

Mikaela-enea etxeak zuen gauzarik ederrena –nire iritziz– lorategia zen, horrek ematen zion eraikin horri balio erantsia eta berezia, horrek ematen zion nortasuna, ez baitzegoen pentsatuta kale etxe soil baten gisara baizik eta txalet edo jauregi txiki baten moldean. Baina lorategi hura gordetzea pentsaezina zen Urnietan; zertarako? Mendiz eta baserriz inguraturik dagoen herri batean, natura, loreak eta belarra nahi dituena dihoala Adarra aldera! Oker ez banago sozialistek salatu zuten etxe horren lorategian eraiki den etxearen inguruko pelotazo beldurgarria, baina ez dut geroztik entzun horrek epaitegirako bidea hartu zuenik. Kontua da, beste askotan bezala, hankamotz eta besomotz utzi zutela etxea; hori bai…, Udalaren eskuetan. Benetan penagarria eta lotsagarria! Orain, hor dago, neurri askoz handiagoa duten eraikin bien artean janda eta erdi itsututa, eta zer eta kulturgune berri bat egitekotan…

Esan dudan bezala, etxe hori bertan bizitza egiteko eraiki zen, familia baten bizitetxe eta aisileku bezala. Azken urteetan batere jaramonik egin ez zaionez penagarri dago, beira-leihoak zulatuta, teilatua hondatuta… Ostatu, hotel edo aterpe bat egitekotan Bartolomek berritutako horma haiek gordeko nituzke nik, etxeari nahikoa hondatu zaizkion arren saihets guztiak. Baina kulturgune bat ezin da gisa horretako etxe batean itxi, dantzari bati oinak lotzea bezalakoxea bailitzateke. Nik, egia esateko, kulturgunearen proiektu hori ez dut oso garbi ikusten, baina garbi dakidana da kulturgune batek espazio bereziak behar dituela, eta kale zoko horretan argia, eta jendea trumilka hartzeko moduko lekua izan, leku bizia. Beraz, Mikaela-eneako horretan eraikin berria jaso beharko luke Udalak, eskuak lotuko ez dizkion aukera izan nahi erara proiektatzeko, eta Bartolomek berrituriko etxeari ohore guztiekin agur egin. Eskuak lotuta edukitzeagatik –eta batere imajinaziorik gabe inprobisatzeagatik, dena esan behar baldin bada–, txapuza asko egin baita gure herri honetan.

Txapuza ikaragarrien artean herriko frontoia –1979. urtean eraikitakoa– aipatu nahi nuke nik. Nola sartu halako ekipamendua udaletxearen eta Amoedoren etxearen tartean, daukan bolumenarekin? Zergatik ez zen, esate baterako, trenbide aldera jaitsi eta, bide batez, Gregoriyo Beltza-ren izena eman? Nolatan utzi zitzaien Presentación-eko mojei frontoi atzeko karkaba horretan horma zatar hori egiten, gaur oraindik zutik dirauena? Frontoi horrek guztiz baldintzatu du Udaletxearen eta plazaren inguruko antolamendu berria eta geroztik txapuzak baino ez zaizkio gehitu, ezen Lekaio Kultur Etxea bera beste lardaskeriatxo bat da, bata bestearen gainean, alegia… Hurrengo batean jarraituko dut zerrendarekin, baina orain, gaur, ahal dela Udaleko agintari andre eta jaunak, txapuza gehiagorik ez!

Mikaela-enean, Larburu-enean (Matxonean) eta Iraizoz etxean (harakinanean) bezala, gerra garaian ikustekoa eta entzutekoa ez zen gauza asko gertatu zen; gertakari latzak. Etxe horietan bizi izan ziren fusilatuetako batzuk –Lasartetarrak, Barkaiztegitarrak…–, errepideko kontrolak eta gertakari nagusi gehienak hor inguruan izaten ziren, Batzokia Larburu-enean zegoen eta Mikaela-enea bera frankistek bere egoitzatarako –Falange, Sección femenina…– harrapatu zuten, batzuen batzuk aipatzeagatik. Herriko bi gune nagusiak Idiazabal kalea eta San Juan plaza (udaletxea) ziren Errepublikaren urte haietan. Joan den urtean garai haietako zoritxarreko erailketen  gainean argi piska bat ematen ahalegindu ginen arren, hirurogeita hamar urtetik gora joan dira eta Urnietan ez da inolako oroigarririk ipini gertakari haiek ahaz ez daitezen. Alfer-alferrik esan dut lehenago, baina beste behin ahalegindu nahi dut: Mikaela-eneak aukera eman lezake, etxea bota behar baldin bada behintzat, eraikin berri baten abaroan gutxienez iraganeko egun eta gertakari latz haien oroitzapena betirako gordetzeko, oroigarri, eskultura alegoriko edo dena-delako baten bidez. Delako kulturgune berri horretan izan dezala iraganaren oroitzapen duinak lekurik ere, eta izan dezala, mesedez, lardaskeriarik gabe; bestela gaudenean hobe gaude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!