Bai Andoainen bai Urnietan ere, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria adostu eta onartzeko bidea zabalik da aspaldi honetan, euskaldunok hizketa arruntean norma jeneralak deitzen dugun hori. Herri baten barne-bizitzan dagoen gairik garrantzitsuena da hiri antolamendua, etorkizunean herria nondik nora haziko den, bere zerbitzuak non kokatuko dituen, etab. Hain da gai garrantzitsua guztiz katramilatuta aurkezten zaigula maiz edo beti, inork ulertu ez edo jaramonik ez egiteko moduan. Baina horrek ez du aitzakia izan behar, neroni naiz aurren-aurrena aitortzen dudana ez diodala gaiari behar eta merezi duen arretarik eskaini ez Urnietan ezta Andoainen ere. Hala eta guztiz ere, nahikoa izan da arau berri horien lehen idazketari begirada arin bat ematea, gauza batzuek nire arreta –eta beste zenbait jenderena– dei zezaten. Eta adibide bi baino ez ditut jarriko; bata Andoaingoa eta bestea Urnietakoa.
Andoainen, Bastero Kulturgunea egin zutenez geroztik badirudi herri osoan ez dela beste azpiegitura edo ekipamendurik behar gizarte eta kultur gaietarako; Basterok behar guztiak asetzen dituela. Eta hori ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. Hor dugu, esate baterako, udal liburutegia, oso txikia eta eskasa geratu zaion lokal batean sartuta. Kultur etxe baten zerbitzuak eskainiko dituen eraikinik ez dugu ere une honetan, Urigain Kultur Etxea zena beste gauza batzuetarako ipini dutenez. Adibide ugari aipa dezaket. Andoainek ekipamendu gehiago behar du gizarte eta kultur ekintza eta zerbitzuetarako eta ekipamendu hori ezin da nonahi eraiki. Andoain oso herri luzea da eta toki erdibideko eta estrategikoa aukeratzea funtsezkoa da. Gauzak horrela, antolamendu berriaren proposamenetan ikusi dugu Maiza zinea zena, bere areto eta etxabe ederrarekin desagertzea aurreikusten duela, bertan etxebizitzak eraiki ahal izateko.
Hori ezinezkoa da. Maiza zinea herrigunearen erdi-erdian dago, ongi komunikatuta, eta gaur egun zinerako erabili ezin bada ere, halako ekipamendu eder baten aukera ezin du galdu Andoaingo herriak, are gehiago kontuan hartzen baldin badugu, besteak beste, herrigune historikoan dagoela, Kale Nagusia behe aldean bizi-giroari dagokionez guztiz hondoa jota dagoela eta Basteroren osagarri egokia izan litekeela. Maizaneko kokapen horretan ekipamendu horri eusteak alderdi hori guztia biziki susper lezake etorkizun hurbilean. Gainera, Maizaren aurrez aurre Leizaur dorretxea izandakoa dugu –gaur egun Jauregi deitzen dugun baserria–. Beraz, Maiza zinea eta Leizaur dorretxea, biak Andoaingo Udalak ukitu egin beharko lituzke, etorkizunean gizarte eta kultur ekipamendu izan daitezen leku estrategiko horretan. Hala ez egitea utzikeria nabarmena litzateke nire iritziz. Izan ere, zentzu horretan Larramendi Bazkunak proposatzen den Plan Orokor horren gainean alegazioa aurkeztu berri du Andoaingo Udalaren aurrean.
Urnietan ere hainbat gauzak nire arreta deitu du –eta beste batzuena–, baina bat bereziki benetan larria iruditzen zait. Plazaolako Trentxikiak Lasarte-Oriaraino egiten zuen bidea guztiz utzita egon da urte askoan, eta bertan zeuden tunelak, Urnietan behinik behin, erabat itxita. Horietako tunel bat garai batean jabetza pribatura pasa zen eta txanpinoiak hazteko prestatu. Gaur egun txanpinoigintzan jarraitzen dute bertan. Txanpinoietako tunel honek, hain zuzen ere, Buruntza osoa zulatu eta Lasarte-Orian amaitzen zuen.
Azken urteetan bai Andoainen bai Lasarte-Orian ahalegin handia egin dute Plazaolako Trentxikiaren bidea bidegorri gisa txukun-txukun egokitzen, eta inork ez du zalantzan jartzen herritarrek zenbateraino eskertzen duten bide hori erabili ahal izatea. Urnietan, ordea, bide hori guztiz utzita egon da, galtzen utzita alegia, herriari mesede ikaragarria egin ziezaiokeen arren. Nik neronek egunero hartzen ditut horren frogak Andoain eta Urnieta arteko bidea oinez egiten dudanean: edo Saletxeberri atzera doan bidezidorrean gora igo –erabat lokaztuta euria ari duenean– edo kotxe edo kamioi batek bazterrera noiz botako zain errepidean aurrera joatea. Eta hor azpian, Saletxeberriren azpitik Aldemuñoraino doan Plazaolako tunela itxita!
Aurrerago, berriz, txanpinoigintzarako itxitako tunela, Urnieta oinez Lasarte-Oriarekin lotuko lukeena Buruntzaren azpitik. Konturatzen al dira urnietarrak zer aldaketa ekarriko ligukeen oinezkoek tunel hori erabili ahal izatea Lasarte-Oriaraino joateko, Buruntzari bizkar emanez? Zer aldaketa izango litzatekeen herriarentzat? Ba, nonbait, Urnietako arau berrietan tunel hori bere horretan uztea aurreikusi da, txanpinoietarako, alegia. Eta hori, egia esan behar baldin badut, guztiz onartezina iruditzen zait eta utzikeria galanta. Tunela jarduera ekonomiko baterako erabiltzen dela eta txanpinoiak ezin direla nonahi hazi? Ados, tunel artifizial bat egin beharko diogu, bada, jabeari. Baina urnietarren onura jarduera ekonomiko horri lehenetsi behar zaio, eta oso onura handia litzateke Lasarte-Oriarekin Buruntzara edo Harrikarteraino igo gabe oinez joan ahal izatea.