Lehenago ere zenbaitetan hitz eginda nago zutabe honetan abertzaletasunak bizi duen krisi larriaz, eta ez dut nire burua horretan errepikatuko, baina martxoaren 9ko hauteskundeen emaitzei buruz nik ere nire balorazioa egin nahi nuke, herri honetan ezjakinenek ere hala egin ohi dutenez. Aurrekoak irakurri izan dizkidana ez da orain harrituko esaten baldin badut niretzat sorpresa, ezusteko gordin bakarra –hemen Euskal Herri mailan– EAJ-k Bizkaian izan duen galera izan dela, hori oraingoz ez bainuen espero, bai, ordea, aurrerago. EA-k diputatua galtzea denbora kontua zen –jada 2004koetan galtzea espero bainuen–, eta Aralarrekoak egin duten hauteskunde kanpaina penagarria ikusi besterik ez zegoen jakiteko ez ziotela beste inori botorik harrapatuko. Ezker abertzalea, berriz, ikasi dugu –garai batean euskara bezala– zertan den…
Baina bakoitzari berea. Nik ere uste dut beste faktore askoren artean bipolarizazioak izan duela eraginik alderdi abertzaleei botuak galarazteko garaian, eta abertzale askok, kolore guztietakoak, nahiago izan duela Zapateroren aldeko apostua egin Rajoy gobernuan probatzeko zorian jartzea baino. Baina ez dugu ahaztu behar, ordea, Kataluiniako alderdi abertzale kontserbadoreek ez dutela Zapateroren aldeko halako galerarik izan, ezkerreko abertzaleak izan direla ZP-ren alde botuemailea galdu dutenak. Zergatik, baina, Euskadin bai? Agian Isaias Carrascoren hilketa basatiak ikustekorik izan du EAJ-k 120.000 botu inguru gal zitzan? Ibarretxe lehendakariak agindutako herri-galdeketak atzera bota du hainbat boto abertzale? Zein benetako ezaugarri ditu EAJ-k galdu duen botuemaileak?
Ez batek, ez bik, hainbat faktorek baizik eragin du ziurrenik alderdi abertzaleen boto-galera; hiru aipatu ditut, gehiago aipa nezake, baina bada bat, inork aipatzen ez duena.
Abertzaletasunak bizi duen krisi larriaren adierazgarrietako bat hauteskunde kanpaina da; ez dago ezer garbiago azaltzen duenik gure politikoengan dagoen imajinazio falta eta fosilizazio maila hauteskunde kanpaina baino: mezu politikoak ferietako tonboletako chochona famatuarenaren gisakoak bihurtu dira, eta hor askoz lotsagarriago jokatu dute –esan dezadan bide batez– PSOE-k eta PP-k alderdi abertzaleek baino. Baina alderdi estatalista handien ahalmenak, hain zuzen ere, errazago lortzen du lotsagarrikeria horiek guztiak behar bezala jaztea, look itxuroso batez ukitzea, jendea errazago mobilizatzea ustezko mitinetara, larrosa edo eskuorrien banaketara, azken orduko eslogan guztien zabalkunde mediatikora. Hamabost egunetan saldu beharra aurreko lau urteetan inon azalarazi ez den prestutasuna. Dirurik eta baliabiderik ez duenari ergelkeria horietako asko modu negargarrian egitea egokitzen zaio; nire iritziz Aralar ibili den moduan, txiroena aipatzearren. Jendeak, jada, ez du sinisten komunikatzeko modu horietan: XX. gizaldi hasierakoak dira, eta orduan ere politikoak beste ezpal batekoak ziren. Eta hauteskunde kanpaina egun ditugun alderdien nortasun eta izaeraren erakuslehio baino ez da.
Fosilizatzen ari dira alderdi politikoak; oro har denak, eta bereziki alderdi abertzaleak. Fosilizazio bihurbide horietan errazago fosilizatzen da –izadiaren legea– bere egoera politikoan txandakatzen ez dena –boterean luzaro egoteagatik ala inoiz ez iristeagatik–, txandaka aldatu behar izaten duena baino; bere diskurtsoa eta dialektika politikoa zaharberritzen ez duena, inoiz errotik aldatzen duena baino. EA laster politikagintzaren museoko fosila izango da, eta EAJ-ren fosilizazioa bere bihurbidean izugarri bizkortzen ari da; lehenengo sintomak aspaldi eman zituen eta gero eta nabarmenagoak izango dira.
Lehen ere gure politikagintzaren historian asko dira fosilizaturik gelditu diren ideologia politikoak eta alderdiak. Fosilizazioak, baina, ez dira hutsik alderdi zaharren gaitza, mimetismoz jardun ohi duten berriek ere –EA hor dugu, eta bide berean dator Aralar– zaharragoaren patua izan dezakete baita hark baino goizago. Fosilizazioa, hara hor inork aipatzen ez duen faktore bat, besteekin bat eginik alderdi bati milaka botu galaraz diezaiokeena egun gutxi batzuetan.
Ezkerra, eskuina; ezker berria, sozialdemokrazia; demokrazia kristaua, sozialismoa; komunismoa, sozialismo libertarioa… Atzean gelditzen ari den dialektika politiko baten kontzeptuak dira, jendea guztiz gogaitu dutenak dagoeneko; XIX eta XX. gizaldiko oroigarriak. Gure alderdi abertzaleak fosilizatzen ari dira, eta ez dirudi inor gai izan litekeenik hori ekiditeko. Politika ausartak behar dira, suharrak, berritzaileak, eta gure alderdietan halako dohainik gutxi antzematen da.
Nahi nuke Urkullu EBB-ko lehendakari berriarengan dohain horienik ikusi, baina zalantza dut, bere gorbataren korapiloak salatzen du-eta.