Museo hartako margolan nagusia zen, museo hari izaera eta nortasuna ematen ziona. Ohial handia zen, mundu honetako legea azaldu asmoz margoturikoa; zaharkituta zegoen oso: hamaika irudi, paisaia, leku, jende…, azaltzen zituen bere baitan, mundu honetako bekatu eta bertute guztiak, halako nahasketa begietarako astun batean. Irudi argirik ere bazuen arren, bere osotasunean margolan iluna zen, tristea, hitsa… Nekagarria eta abailgarria gertatzen zen hari begira egotea, ez baitzuen, jada, bizitzaren izpirik hedatzen. Museo hartako margolan nagusia izan arren, ia bakarra, zaintzaile eta bisitari gutxi batzuek baino ez zioten begiratzen. Bisitari gehienak hurbildu ere ez ziren egiten hura zegoen alderdira.
Baina zaintzaile batzuek asko maite zuten margolan hura, gurtu ere gurtu egin ohi zuten beste edozein gogoeta edo arrazoiren gainetik, eta garai bateko bikaintasuna berretor zekion garbitasun txiki bat egin behar ziotela erabaki zuten. Zaharberritzaile bat deitu zuten, margolan haren garaian aditua oso.
Zaharberritzailea bera ere, lehenengo begiratuez, erabat gogaitu omen zen. Ezagutzen zuen, ordea, margolan haren gaitza. Hala eta guztiz ere, bazter batean margoturiko irudi bat, gizatalde txiki bat azaltzen zuena, argitasun berezikoa iruditu zitzaion, eta argitasun hari begira jarri zen lanean. Berak uste bezalakoa zen, baina, koadro haren gaitza: urte eta gizaldien poderioz jatorrizkoaren gainetik behin eta berriro adabakiak margoturik zituen eta haiek garbitzen joan beharra zegoen, jatorrizko margoak bere indar guztiaz azalduko baziren.
Lan nekeza zen oso, hainbeste zen erantsitakoa. Tentu handiz aztertu behar zuen margoturiko txatal bakoitza, jakin hura jatorrizkoa zen ala gainetik erantsitakoa, eta adabakia zenean aztarrika hasi eta harrotu, kontu handiz, urteetan, mendeetan indar handiz oihalari jositakoa garbitzeko. Hilabeteak aurrera zihoazen eta zaharberritzailea behin baino gehiagotan etsitzeko zorian izan zen. Ia ezinezko iruditzen zitzaion jatorrizko margoa, jatorrizko mezua argitara ematea berriz. Izan ere, txuriaren gainean beltza, alaiaren gainean izua eta zabala estaliz meharra baitzen erantsitako guztia. Baina lanean aurrera egin ahala hasierako argitasun hura indartzen ari zela iruditu zitzaion, gizatalde hura esanahi berria hartzen ari zela hasierako anabasa hartan.
Egun batez, lanean ziharduela, margolan hari begira irauli bortitz bat nabaritu zuen bihotzean eta bat-batean guztia ulertu zuela iruditu zitzaion; bat-batean argitasun hark zaharberritzailea margolanak oraindik adabaki zuen guztia ezagutzeko gai egin zuen, eta bozkario izugarria nabaritu zuen bere erraietan. Hilabeteak eman zituen oraindik lanean, urteak, eta noizbait margolana guztiz zaharberriturik ikusi zuen bere aurrean: emakume eta gizasemeez osaturiko gizatalde baten margoa zen, hizketan eta olgetan, munduko beste kezkarik gabe jan-edanean, oinutsik ibai-ertz baten hegian eserita, haietako gizaseme batek buru-edo egiten zuelarik. Hasierako anabasa orain margolan garbi eta xaloa zen, argitasun eta indar izugarrikoa baina. Eta zaharberritzaileak halako bake edo asetasun bat sentitu zuen bere gogoan, bere arimaren mintz guztietan, mundu honetan zuen eginkizun nagusia amaitu balu bezalaxe.
Margolana zaharberritzailearen gelatik atera zuten, bere ohiko erakusgela zabalera eramateko. Bidean, bertara inoiz inguratuko ez zatekeen hainbat bisitarik ikusi eta kostata baina aho zabalik ezagutu egin zuen: zer zegoen, bada, adabaki haien guztien azpian ezkutatu!, zioten harriturik eta aho zabalik. Eta zer ziren, orduan, adabaki haiek guztiak?
Ahoz aho zabaldu zen eta bere erakusgelara iristerako bertan ziren haruntz urteetan inguratu ez ziren ehundaka bisitari. Guztiek bestelako margolan bat ikus zezaketen, hitsa zen lekuan argia, akidura eta izua nagusi zen margoetan orain bozkarioa eta indarra… Eta haietako askok zaharberritzaileak bezala halako asebetetasun bat –zoriontasuna batzuentzat– sentitu zuten, inoiz ezagutu gabea ordura arte, hainbeste urtetako margolan ilun, izugarrri eta hits haren eraginez.
Guztiz bestelakoa izan zen, baina, zaintzaileen iritzia eta irrintzia… Baina berandu zebiltzan, ordurako margolana milaka bisitarien aurrean erakutsia zen.
Zaharberritzaile haren pare ikusi dut Jose Antonio Pagola, eta Jesús bere ikerlanaren bidez guztiz zaharberritua erabateko itzaletan gelditzen ari zen margolana; kristau elkartea –nahi den esparruetara mugatua– iraultza baten aurrean jar dezakeena.