Beste askori bezalaxe niri bizkarraldean hotzikara edo hozkia modukoa eragiten dit sexu erasoez entzun edo irakurtzeak, bereziki horiek haurrenganakoak direnean. Eta ez da gaur egun izan ohi dudan sentipena hiru seme-alaba izateagatik-edo, betidanik sortu izan dit gai horrek gorputzaldi txarra, hozkia eta goragalearen artekoa. Gaur, irratian, EL PAÍS-en Maruja Torres-ek argitara emandako artikulu baten berri eman du Arantxa Iturbek, zeinean kazetariak irakurleak erne jarrarazi nahi zituen haurrek jasaten dituzten sexu erasoen aurrean; eta estatistikak ezerk baino argiago adieraz dezakeenez zein neurritakoa izan litekeen basakeria hori, Torresek dio lau haurren arteko batek jasaten omen dituela bere haurtzaroan sexu erasoak.
Datu horren aurrean burura etorri zaidan lehenengo txinpartak adierazi dit ez ote zen datu apur bat sensazionalista izango, irakurleak apur bat asaldatu edo kezkatzeko kazetariek bere neurritik ateratako horietakoa. Baina berehala jo dut gure haurtzaroa gogoan hartzera –gure diot, nirea eta nire belaunaldikideena–, aztertzera orain hogeita hamabost bat urte haurrek zenbateraino bizi genuen halako arriskurik. Eta aipatu dudan mikroeskala horretan egindako nire hausnarraldiak ondorio erabatekoa izan du: oso litekeena dela garai hartan ere Torres-ek emandako proportzio horren biran ibiltzea.
Eta, atrebentziatzat hartzen ez baduzue, ni neroni izan naiteke adibideetako bat: bederatzi eta hamabi urte bitarteko nerabezaro goiztiar hartan, gutxienez bitan ahalegindu ziren modu batera edo bestera ni erasotzen. Eta gutxien susma litekeen bazterretik etor liteke erasoa –hori ere ez da mitoa–; hara bestela: ongi gogoan dut bederatzi bat urte nituela, Donostiako udaberriko arratsalde eder eta bero batean, gure etxetik –Zabaleta kalean– Urumea ibai bazterrean barrena Avenida aldera nindoala aurrez aurre gizon altu batekin egin nuela topo, traje ilun korbatadun batez jantzita eta esku batetik zintzilik maletin txiki bat zeramana. Beste eskuko hatz muturren artean paper txatal bat, bertan zeozer idatzita zeukana, eta ezker-eskuin begira zetorren, zalantzati nora jo behar zuen. Burua nahikoa soildua zuen, baina ile argiko gizasemea zen, artean gaztea, oso planta eta itxura dotorekoa. Bere parera iritsi nintzenean, niregana hurbildu zen papera erakutsiz eta aldi berean galdetuz ea lagunduko ote nion, galduta zebilela eta ez zuela helbide jakin bat aurkitzen.
Gure etxean hamaika aldiz esango al ziguten ezezagunekin ez genuela hitz egin behar eta are gutxiago inora joan, baina baita erakutsi ere lagun hurkoa ahal genuen neurrian lagundu behar genuela, eta gizon hark ez zuen niregan inolako susmo txarrik piztu, hain dotore jantzita Santa Catalina zubiaren parean ia. Agirre Miramon kaleko helbide jakin baten bila zebilen gizarajoa. Baina hantxe ondoan genuen-eta!, esan nion, eta bertaraino lagunduko ote nuen galdetu zidan. Lagundu nahi horretan eskuko hatz artean zuen paper muturra neronek hartu eta bertan idatzita zegoen bebarruraino lagundu nuen. Laguntza erabatekoa izan zedin neroni sartu nintzen aurrena bebarruan eta paperean idatzita zetorren izenaren bila hasi nintzen buzoietan. Baita azkenean aurkitu ere! Baina, bien bitartean, gure lagunak ez zuen denborarik alferrik galdu. Buelta hartu nuenerako ¡aquí está!, edo halako xalokeriaren bat esateko, hor non ikusi nuen bebarruko ilun-argitan gure gizona bere hankarteko sexua zut-zut eskuan zuela, batera eta bestera eragiten, galtzak oinetaraino jaitsita. Zur eta lur gelditu nintzen: baina zer ari zen gizon hura?
Segundu bat behar izan nuen amarrua ulertzeko, nahikoa denbora berak galdera egin zezan: ¿quieres tocarla? Galdera bukatu zuenerako Santa Catalina zubiaren beste aldean nengoen ni. Arratsalde osorako sustoa utzi zidan gorputzean, eta etxean ezin ezer esan: ez ote nuen kaskarrekoren bat jasoko gainera tontoa izateagatik!
Bizpahiru urteren buruan eskolako hiru lagunek arazo berri bat izan genuen gu Land Roverrez ibiltzera eramateko kristoren seta zuen gizaseme batekin; Land Roverrean eramateko setarekin bat etorri zitzaion gure sexuarekiko neurriz kanpoko jakinmina. Lagun haietako baten auzoko bizilaguna zen gizon hura, eta azkenean lagunaren aitarengana jo behar izan genuen laguntza eske eta hitz erdi bat esan –orain baino isilago eramaten baitziren gauza horiek– umezakur hark bakean utziko bagintuen. Nolako begiratuak bota zizkigun geroztik!
Ordurako nerabeak ginen, apur bat bizkortuta geunden –buruz eta izaeraz bizkortuta esan nahi nuen–, eta lagun artean kontu horiek ahoz aho ibiltzen genituen. Orduan jakin nuen uste baino ohikoagoa zela gisa horretako sustoak hartzea, gehienak exibizionismotik hurbilago zeuden arren eraso sexualetik baino. Eta beraz sinets dezaket Torresek emandako datu estatistikoa errealitatetik ongi hurbil egon litekeela, ez dela kazetarien sensazionalismoa errealitate bortitza baizik, eta gizakion grina txar eta makur askoren mekanismoak ulertzera irits naitekeela, baina ez zaidala buruan sartzen haurrengan bortizkeria hori erabil dezakeena zerk bultzatzen duen basakeria horretara.