Laugarrenez gertatu zait gaur arratsaldean eta burutazio zahar bat ekarri dit burura. Urtetan aurrera egindako bikotea da, baina itxura gaztearekin zahartzen den horietakoa. Gehiago esango nuke, gizasemea gizon polita da, Cosmopolitan edo gisa horretako aldizkarietan azaltzen diren horietakoa, argala eta fina, bere burua sport jantzitakoa, antiparra modernoen atzean begi urdinak, eta ile ere urdindua; golf-eko jokaldi batetik letorke itxura horrekin. Andrea apalagoa, alderdi guztietan. Andoaindik Urnietara ia egunero egiten dudan moduan oinez noala buruz buru aurkitzen ditut maiz Aranaztegi industrialdeko espaloietan, eta gurutzatu egin behar. Gizasemeak keinua lehenengoz egin zuenean ez nion aparteko garrantzirik eman; bigarrenean zer pentsaturik eman zidan, eta hirugarrenean barrua irauli zidan: posible ote da? Gaur laugarrenez egin du.
Bikotea urrunetik niregana datorrela nor bere zamarekin dator beti, eskua eman gabe, besoez elkar lotu gabe, nor bere gogoetekin. Nire parera iristear direla, ia gurutzatzeko unean, gizonak automatikoki andrea besoaz lotzen du, eta besarkada txiki horrekin bere aldera hurbiltzen du apur bat, bera ere pittin hori beste alderantz aldenduz. Hain itxura bilau eta galdua ikusten ote dit gizaseme horrek?
Orain hilabete gutxi antzekoa gertatu zitzaidan. Kaletxikin behera nindoan Urnieta aldera, bizi samar, eta espaloia bustita zegoenez oinak indar piska batez finkatuz, irrist ez egiteko. Joseba altzaridendaren parean emakume mardul samar bat zebilen, erakusleihoan barrena dendara begira, itxuraz euskalduna baina ez agian andoaindarra, so eta so muebleei. Halako batean baten bat aldapan behera zetorrela somatuko zuen eta begirada bota zidan, orain ere ia bere parean nengoenean: hara zer saltoa eman zuen esku artean zuen boltsoa bi besoez bularraren kontra gotortzen zuen bitartean! Hark hartu zuen sustoa hark!
Izadiak edo Goi-goikoak –nahi duzuen aukeran– eman didan beltzaran-kasta edo –herriko hizkeran– ijito-kasta hau. Hara hor arrazoia. Baina ez da berria, ezta, beste batzuekin alderatuta, mesfidantza edo bazterkeria larria ere. Gure buruarekiko arrotz gertatzen zaigun orok guregan sarri sortzen duen erreakzioa da mesfidantzarena, eta hurrengo pausoa bazterkeria, bere neurri eta tonalitate guztietan. Txikitandik ezagutu dudan beste erreakzio bat zera izan da: ezagutzen ez ninduten euskaldunek niri lehenengo hitza beti gazteleraz egitea, eta harritzea, noski, euskaraz erantzuten nienean. Gaur egun ere maiz gertatzen zait hori.
Gure nortasun psikiko, fisiko edo moralarekin lotu ezin duguna baztertzeko joera dugu, edo behintzat urruntasunez ibili edo hartzekoa; joera ia saihestezina.
Hizkuntzekin ere halako jokabidea izan ohi dugu, oso ulergarria hizkuntzak atzerrikoak direnean: ahal bezain laster baztertzen ditugu, gurera itzultzeko. Arazoa gorriagoa da hizkuntza etxekoa dugunean, hots, arrotza etxekoa gertatzen zaigunean; orduan, neurri batean ala bestean arrotza zaigunean, bi aukera erabili ohi dira: guztiz baztertu, sarritan ikusten duguna euskararekiko, edota, politikoki guztiz baztertzea ezinezko denean, era zuriagoa erabili hizkuntza horrekiko mesfidantza edo bazterkeria adierazteko: haren idazkera etzan egiten dugu, kurtsibaz idatzi, alegia. Ez al du ba idazkera etzanak adierazten hitzak berez izan dezakeenaz besteko adierarik? Polisemia moduko bat, idazten ari denaren pentsamendu eta gogoarekin baino hirugarren –arrotz– batekin lotzen duena?
Gure erakundeak txapeldun ditugu hizkuntza bazterkeria horretan, oso bereziki Eusko Jaurlaritza. Zenbat eta zenbat agiri, idazkun, afitxetan jokatzen ote du horrela Jaurlaritzak? Inspección Periódica del Ascensor / Igogailuaren Aldizkako Azterketa irakurtzen dut egunero lanera abiatzerakoan, hitz etzan horiek beste maila baterako utzi nahi balira bezala, zelebreren batek –zelebre eta idatzi duenarengandik arrotz– irakurtzeko?
Nortasun etzan horiek polisemikoak dira eta, jakina, poliarriskutsutzat jotzen dira arrotzak diren heinean. Arrazakeria puri-purian dagoen eztabaida da gure gizartean, baina arrazakeriraino iritsi gabe badira hain agerian salatzen ez diren bazterkeri ankerrak. Hizkuntzagatiko bazterkeria bezalaxe bazterkeria ideologikoa beste bat izan liteke, herri honetan alde batetik zein bestetik maiz ikusi ohi duguna, ideologikoki onartzen ez den gizabanakoa jazarri edo zapaldu egiten denean, zenbaitetan hiru tiro eman edo torturatzeraino. Horiek bizi duten izua eta larrimina ikaragarria da. Eta batzuren batzuk ezagutu ditut nik; gure artean bizi ziren edo bizi dira. Gizaki etzanak dira horiek ere.