Bat nator guztiz orain hilabete batzuk Joseba Lizeagak idatzi zituenekin Felipe Izagirreren iritzi bati jarraituz astekari honetan, Urnietako Udalbatza Sanmiel jaietako elizkizunetara prozesioan joateari buruz. Ez diot ezertxo ere kenduko Lizeagak esandakoari, baina bada azken hogeita hamar urte hauetan jokabide larriagorik Urnietako Udalarengan urtean behin gure herriko tradizio katolikoan zaindaria izan den Goiaingeruaren Meza Nagusira segizioan joatea baino, orain arte nonbait inork oso aintzakotzat hartu ez duena.
Gaur egun, gizarte hau inoiz baino akonfesionalagoa denean, edo konfesio tradizionaletatik nahikoa urrun sineste kontsumista berrietara makurtu denean guztiz, nik uste guztiok garbi daukagula eliza katolikoaren etxea zein den eta zein herriarena, eta Udalbatzak –alkatea buru– izan dezakeela urtean behin elizara hurbiltzeko adeitasuna ospakizun katolikoaren lekuko izateko, besterik gabe, sinesmenean partaide izan gabe, baina nolabait bozkarioan bat eginez; eta ondoren bakoitza bere etxera, bizikidetasunik jatorrenean. Erlijio bat baino gehiagorekin bizi diren herrialdeetan bada jokabide horren tradiziorik ospakizun berezietan, eta bizitza pribatuan ere halatsu jokatzen dugunez (zenbat dira begirune hutsez hurkoen ezkontza eta hileta elizkizunetara joaten direnak!) ez da jokabide bat bereziki asaldatzen nauena. Baina tira!, esandakoa, iritzia kontrakoa baldin bada ez zaio jira eta bira gehiegirik eman behar. Herriko erretoreak eta Urnietako kristau elkarteak badakite nortzuk diren elkartasun horretako partaide Udalbatza inor ordezkatzen ibili beharrik gabe.
Nik behintzat horregatik ez diot konturik eskatuko Udalbatzari, ez behintzat garbi dudan bitartean diodan begiruneak bultzatu dituela elizara, ez besterik. Andoaingo Udalbatza, esate baterako, aspaldiko urteetan ez da San Juan egunean Meza Nagusira joaten, baina okasio berezi batzuetan joan izan da udalbatza gisa elizara, Martin Ugalderen omenaldia zela-eta edo Ama Kandida beatifikatu zutenean, azkenetako adibide bi aipatzearren. Begirune hutsez, sineste katolikoak oraindik sustrai sakonak dituela herrian. Baina beste horrenbeste beharko lukete egin Andoaingoak edo Urnietakoak, mezkitatik, sinagogatik edo Jehovaren lekukoen elizatik –azken hau bai baitugu Urnietan– ospakizun nagusirako gonbitea jasoko balu. Inoiz berriro Akelarreak berpiztu eta biziberritzen baditugu Etenetan –Adarra aldean, ez soziedadean–, haruntz ere joan beharko lukete, begirunez, alegia, akerrarengana hurbildu gabe.
Udalak konfesionalitatearekiko duen arazo estetikoa ez da Meza Nagusi horretara joatea. Arazoa, eta ez nolanahikoa, Udaletxean bertan du, Batzarre Aretoan, bertan dagoelako duela ehun urtetik hona –gutxi gorabehera– Jesusen Bihotz Santuaren irudia, pareta batetik zintzilik. Nola liteke herri erakunde akonfesional bateko areto nagusian sineste jakin baten hain irudi garratzitsua aurkeztea? Horri erantzun beharko lioke Urnietako Udalak. Eta garbi utzi nahi dut Jesusen Bihotz Santuaren irudiari deboziorik handiena dioten herritarrek beharko luketela izan aurren-aurreneko irudi hori otoitzerako leku bildu eta egoki batera eramaten, irudiak gurtu edo otoiztuko ez diren lekuetan jartzeko jokabide hori –oso zabaldua gure herrietako erakunde askotan– itxurakeria eta zurikeriarik tristeenaren erakusgarri baizik ez baita. Andoaingo Udaletxeko Batzarre Aretotik orain hogeita hamar bat urte kendu zuten; zertan ibili da Urnietakoa urte horietan guztietan?
Eskerrak Jesusen irudia den eta ez apostolu edo santu batena; bestela, ehun urteren ondoren eginda zukeen Stockholmeko sindromeagatik inork ez luke lortuko irudia Udaletxetik ateratzea. Zer ez ote dituen entzun eta ikusi etxe horretan!