Antselmo Unanue 1952. urte inguruko udaberriko egun batean Kontzejuzar etxeko teilatura igoa zen, bertan ipinita zeukan haize orratzari olioa ematera errodamenduetan, hura haizearen laztanetan egoki eta behar bezala biratuko baldin bazen. Haize orratza teilatu hegalean zegoen –orain ere halatsu dago–, eta gure osaba Antselmo eserita eta bi zangoak teilatutik kanpora zintzilik zituela hasi zitzaion haize orratzari olioa ematen. Halako batean hor ikusi zuen Erretore-etxetik on Juan Aierbe erretorea kalera zetorrela, eta bera teilatuan zintzilik ikusi orduko hantxe hasi zitzaion erretorea beso luzeaz espantuka burutik oinetarainoko gurutzeak egiten behin eta berriro, Antselmo!, Antselmo!, deitzen zion bitartean. Ez zuen pentsatuko on Juanek, noski, gure osabak bere burua bota-edo egin behar zuenik, baina bada ezpada ere, bedeinkazio batekin utzi zuen lanean. Garai haietan on Juanek Urnieta osoa bere artaldea zuen, eta denak zaindu behar zituen…
Astekari honetan idatzi ditudan azken artikulu guztiak Urnietan –eta zertxobait Andoainen– Gerra zibilean zehar gertatu ziren hilketa izugarriei, bortizkeriari eta gehiegikeriei buruzkoak izan dira, eta gaurko honekin idatzi dudan sorta luze horri amaiera eman nahi nioke, oraingoz, Urnietako etxe batzuetan gai horren gainean ezin eraman handia baitago, oraindik. Aurrerago, noizbait, heldu beharko zaio lan osoago bati garai haietakoa guztiz argitzeko.
On Juan aipatu dut, eta bere artaldeaz zuen ikuspegia, oso zoritxarrekoa izan zelako bere jokabidea Gerra zibilean, eta dirudienez batere kristaua ez. Urnietako Udalaren jokabidea ez zen garbiagoa izan, fusilatu edo bide bazterretan piztia balitz bezala akabatu zuten urnietar askorentzat Udaletxea bera izan baitzen segadan erortzeko zuloa, bai lehenengo milizianoen aldetik bai, batez ere, ondoren frankisten aldetik ere. Eraildako gehienak bertara deitu zituzten bere egoera argitze aldera: hantxe sartuko ziren, agian batzarraldiak egiten ziren gela handi hartara, eta akaso Jesusen Bihotz Santuaren irudiaren begiradapean –han baitzegoen, orain dagoen bezalatsu–, bere aurkako salaketarik zelebreenak entzungo zituzten; akaso hori ere ez.
Gure Udaletxeak orban hori du, on Juanek eta orduko alkateek duten bezalaxe. Baina gerra hura antolatu eta piztu zuen diktadorea hil ondorengo 30 urteetan Urnietako herria eta Udala ez dira gauza izan behar bezalako omenaldi bat antolatzeko gizatxarkeria osoz hil zituzten gizaseme haien guztien alde eta, bide batez, baita indarkeria eta bortxakeria jasan behar izan zuen beste urnietar askoren oroitzapenez ere.
Eta omenaldi hori eraildako guztiak aintzakotzat hartzekoa behar zuen izan, guztiek merezi zuten-eta: hala Itxaso-Asuko Garatetarrak –ustez milizianoek karlistatzat jo zituztenak– edo Paulino Mediaville falangista, nola frankisten esku hamarretik gora hil ziren urnietarrak. Bakearen aldeko pedagogia ez da egiten gertakari haiek ezkutuan utziz, lurraz berdinduz, gizalegez agerian jartzen baizik.
Huts larria izan dute horretan azken 30 urteetako udalbatzek eta alkateek, Udaletxea bera baitzen, gainera, oroitzapen hori irudikatzeko lekurik aproposena. Iaz, Gerra hura hasi eta hilketa haiek egin zireneko 70 urteurrena bete zen. Euskal Herri osoan asko izan ziren gertakari haien inguruan antolatu ziren omenaldi eta gorazarre ekitaldiak, urrutira gabe Andoaingo Alfaro parkean eraikitako monumentu ederra. Hortik ere Aiurrin hartu genuen ahalegina –xumea baina ahalegina– orduko triskantza hura apur bat argitzen. Nik behintzat ahalegin horretan asko ikasi nuen: besteak beste, nolako mixeriak gordetzen ditugun bizidunok gure baitan. 70. urteurren horretan aukera paregabea genuen urnietarrok, eta herriaren aitzindari beharko genukeen Udala, zor hori kitatzekotan.
Azken 30 urte hauetan ez da Euskal Herrian, ez gure herrietan, erailketa eta indarkeria falta izan, ez gaude orain ere zauri mingarrien eskasian. Gaur gaurko zauri horiek garbitzeari heldu beharko diogunez noizbait, ez al genuke hobe aurreko haietaz behin betikoz oroitzapen zintzo eta egokia egitea? Ez dugu, baina, ia ezertxo ere egin. Pena bakar horixe daukat nik barruan.