Salaketa jarrita zegoen haien kontra: Bentan legez kanpoko bilera politikoak egin ohi ziren. Juan Bautistak 66 urte zituen eta Mari Kruzek 60. Biak Donostiako Ondarretako espetxera eraman zituzten. Mari Kruz, bigarren solairuan zegoen emakumeen moduloan sartu zuten; Juan Bautista behekoan. Ez ziren, esan dugun bezala, han zeuden urnietar bakarrak. Esan beharrik ez dago salaketa gezur hutsa zela, Bentan ez zela inongo bilera politikorik egiten, bertara bai Goiburu eta Urnieta osoko herritarrak bildu ohi ziren hamaiketakoa edo mokadua jatera, etxe hartako ateak gerra aurretik bezalaxe edozeinentzat zabalik baitzeuden. Bikotearen alabak alde batera eta bestera ibili ziren laguntza eske, guztia gezurra zela, ama gaisorik zegoela, ez al zuten gurasoek nahikoa semea frontean galdu izanarekin…
Laguntza lortu zutenerako –preso zegoen Tolaretxipi donostiarra izan zen lagundu zituen aurrenetakoa–, salaketa Burgosko epaitegi militarrera bidalita zegoen eta handik prozesuaren hasiera agindu arte itxoin beharra zegoen: gutxienez hiru hilabete, bitartean ez zegoen ezer egiterik. Eta halaxe izan zen, hiru hilabete egin zuten espetxean, Mari Kruz azkenean San Martin kaleko San José gaixo-etxera eraman zuten arren, bere diabetesa zela-eta. Hiru hilabeteren buruan argi eta garbi gelditu zen salaketak ez zuela inolako funtsik eta libre gelditu ziren. Irtetera zihoazela abokatuak esan zien salaketa jarri zietenen aurka jo zezaketela, eskubidea zutela orain beraiek haien aurka salaketa jartzeko: Ez! –erantzun omen zuen lehor Juan Bautistak– Beste nonbaitetik etorriko zaie horiei Justizia!
Gerraoste gogorrean, 1947. urtean, Benta tabernari izena eta izana eman zion Mari Kruz Urretabizkaia hil egin zen. Bere alaba Mikelak, berriz, ez zuen Urnietan ez Gipuzkoan etorkizun gozorik somatzen eta, izebaren arrastoari jarraituz, Argentinara joan zen, Mar de Plata hirira. Hara iritsi berritan Juan Bautista aita hil zen, bi urte geroago. Geroztik, Mikela Miner Urretabizkaia Mar de Platan bizi izan da, baina azken urte hauetan maiz etortzen da Urnietara, sorterrira, sortetxera, familiarengana, gauza jakina baita erbestera joandakoek bihotza erdibiturik izan ohi dutela jaioterriaren eta aberri berriaren artean. Mikelak ezin izan ditu burutik kendu gaztaroko urte gogor haietan bizituriko irudiak, estualdi guztiak, Martin anaiaren eta ingurukoen heriotza, hitz egiteko edo ezer kontatzeko beldurra hezurretaraino sartuta, gurasoen espetxealdia…, haiek libre ikustearen poz ikaragarria!
Orain laurogeita bost urteko emakumea da, izaera goxo eta apalekoa, sasoian dagoena, buru biziki argia eta bizitza oso baten eskarmentuaz begietara garbi begiratzen dizun horietakoa: pasta batzuk nahi al dizutue? Neronek eginak ditut! –esan digu. Jan ditugu pastak, goxoak benetan!, eta horretan ari ginela esan dit aurreko batean Urnietako kalean gizaseme bat hubildu zitzaiola gerrako kontuekin, azkenik esateko haien etxeko aitak ez zuela parte hartu orduan izan ziren gizatxarkeriatan, guztia on Juan erretorearen eta anaia Juan Bautista sekretarioaren gauza izan zela. Baita zera ere! Haiek bakarrik salatu al zuten herri erdia, haiek hustu al zituzten etxeak? Haienak al ziren bakarrik mehatxu eta madarikazioak? Haiek salatu al zituzten gure gurasoak? –galdetu dio bere buruari Mikelak. Baina beste ezeren gainetik gauza bat garbi du Mikelak: berari ez zaio burutik pasa ere egin inori konturik eskatzea…, zer irabazteko? Ez diot inori opa urnietar askori eta guri pasarazi ziguten sufrimendua, ezta beraiei ere! Nahikoa deritzo gertatutakoa, berak ikusi edo jakindakoa kontatzeari, haien ondorengoei minik, orbanik edo sufrimendurik eragin gabe.
Orain bizpahiru urte –hasi da Mikela– Goiburuko bizilagun bat inguratu zitzaidan Bentan, esan egin nahi zidala gure gurasoen salatariak nortzuk izan ziren, berak bai baitzekien bere aita kartzelan egona zelako haien salaketengatik, baina aitak zin arazi egin omen zion salatariak bizi ziren bitartean ez ziola inori haien izenik esango. Halako beldurra baitzion jendeak seme-alaba edo gazteagoei ezer kontatzeari! Hil dira denak –esan zidan–, eta nortzuk ziren esan nahi dizut. Alfer-alferrik esan nion ez nuela jakin nahi nortzuk ziren, ez nuela jakin nahi eta nahiago nuela ez jakitea! Banan-banan bota zizkidan guztiak: Goiburu auzokoak denak, batzuk etxeko laguntzat genituenak! Tristura handia eman zidan, egia esateko, baina gizakia halaxe da, halaxe gera. Bai ongi asmatuta dagoen esaera zahar hori: herri txikia, infernu handia!