Hamalau urteko neskatxo hark, nerabe hark, haiek guztiak hurbilxeagotik ala urrunxeagotik bizi izan zituen, ez zuen agian ongi ulertuko gerra hura zergatik eta zertara zetorren, baina bazekien galtzaileetakoa zela, edo galtzaileetakoa izan zitekeela, eta beldurra noiznahi azaltzen zen.
Mikela Miner, maiz ahizparen batekin, Donostiara joaten zen baserriko esnea saltzera herriko gainontzeko esneketariekin batera Balentin Aldanondoren autobusean. Hernaniko Tellerigain, Sorgintxulo eta inguru horietan Loretokiraino, noiznahi gorpuak ikus zitezkeen bide edo erreka bazterrean. Balentinek berak abisatzen omen zien: Hara! Bart izan degu hemen zeozer ere!, eta esneketariak bide edo erreka bazterreko gorpuari erreparatuko zioten. Bat baino gehiago ikusi ahal izan zuten Miner Urretabizkaia ahizpek, Hernanin barrena Donostiara bidean esnea saltzera zihozenean.
Gerra aurrera zihoan, Molaren tropek Gipuzkoa ia osoa menpean zuten eta gauzak, piskanaka-piskanaka, garaileen normaltasunera-edo lerratzen hasi ziren: bi agirik garrantzi handia zuten egun haietan bizi ahal izateko: salvoconductoa, komandantzian betetzen zutena, batera eta bestera mugitzeko beharrezkoa zena joan-etorria komandantziako ziegan edo Ondarretako kartzelan bukatuko ez bazen. Bestea, errazionamenduko kartila, jakiak eskuratu eta tripak berdintzeko ezinbestekoa eta agintean zirenak ongi aprobetxatzen jakin izan zutena.
Tropa errebeldeak Urnietara sartzearen beste ondorio larrietako bat –ez fusilamenduak, atxiloketak eta mendekuak bezain larria, baina– aurrera joanda zirenen etxeetara sartu eta ahal zen guztia harrapatzea izan zen. Etxe batzuk guztiz hustu zituzten. Mikelak gogoan du Bartolome Lasarteren Mikaela-enea etxea hustu zutenekoa. Bartolomek familiarekin Iparraldera alde egin zuen, eta tropak sartu zirenean, agintari berriek etxe hura hartu zuten Glorioso Movimiento Nacional-aren Urnietako ordezkaritza zabaltzeko, besteak beste, Falange eta Sección femenina-rena bertan kokatzeko.
Etxea familiak bere ihesean utzi bezalaxe zegoen, erabat jantzita, Matxonean bizi zen anaiaren eta haren andrearen kargu utzita, baina txatalik ere ez omen zuten utzi bertan: lehenengo iritsi zirenak zilarra, baxerak, jantziak eta altzariak eraman zituzten, eta harrapalariak etxe batetik baino gehiagotik etorri ziren, batzuek eraman ez zutena besteek hustu baitzuten. Ongi gogoan du Mikelak halako urliaren etxeko alabei Mikaela-eneko alabaren soinekoa edo gabardina jantzita ikusi izana… Gogoan du ere izan zela lapurretaz damutu zenik, eta gauaren laguntzarekin halako sandiaren etxekoek alfonbrak eraman zituztela bueltan Bartolomeren etxera. Aurrerago, Mikaela-enea suak kiskali zuen, eta ez dago batere garbi sua nork eragin zuen.
Gerra beti gertatu izan ohi da bekaizkeria zaharrak –inbidiak, alegia– loratu eta gorroto eta ezinikusiak bizkortzeko garaia. Alkain eta Arizmendi familietako neskei, eta Alarikuko Mari Petrari buruko adatsak erabat moztu zizkieten, eta Andoaingo komandantziara astero-astero joan arazi. Urnietan emakumerik ez zuten fusilatu, baina ahal zuten modurik mingarrienean iraindu zituzten. Mendeku gose eta gorrotoaren hatzaparkadetatik herriko apaizak ere ez ziren salbu gertatu, ez behintzat abertzaletzat jo zituzten on Eustakio, on Jose eta on Inazio. Salataria etxean bertan zuten, herriko erretore on Juan Aierbe Irastortza, eta haren anaia, Urnietako udal idazkari zen Juan Bautista, azken hau gorriek Bilbora preso eramandakoa baina alferrik galdutako preso-truke batean libre geratzea lortu eta Roke Lasarte abertzalearen aholkuari esker Urnietara iristea lortu zuena. Ez zen gero bera gauza izan lasartetarrei laguntzarik txikiena emateko…
On Juan erretorearen salaketak herriko hiru apaizak Ondarretako espetxean jarri zituen bolada batean, baina onik atera ziren bertatik, ziurrenik Vaticanoaren presioen menpe Francoren gobernuak apaiz euskaldunekiko fusilamendu-saioak arindu egin zituelako. Urnietar askok dakite –batek baino gehiagok azaldu baitit– on Juan eta on Eustakio ez zirela batere ongi konpontzen elkarrekin, diosalik ere ez ziotela egiten elkarri, eta ez zutela ezkutatzen elkarri zioten ezin ikusia kalean edo bideren batean –Almortzategi eta Aldamuño bitarteko bidean, esate baterako– topo egitekotan zirenean elkarrengandik aldentzeko egiten zuten ahaleginean.
Multak ere hor zeuden, sobretxo urdin batean noiznahi eta edozein salaketa txoro bitarteko etxe askotara irits zitezkeenak. Eguneroko bizimodua nolabait bizirik irautekoa zen garai hartan, isun haiek min ikaragarria egin zuten Urnietako familia askoren ekonomian. Bentan sobre urdin haietako batzuk jaso zituzten. Eta kalamitate horiekin guztiekin aurrera, ustez gerraren bukaera iristen ari zenerako Mikela nerabe izateari utzi eta hamazazpi urteko andereño polita zen. Gerrako hiru urte haiek, ordea, anaia bat kendu zioten, familia sakabanatu, eta dolumina, miseria eta sufrimendua ekarri zuten galtzaile ziren urnietarren etxera. Gerra hura nork galdu zuen azkar antzematen zan trenera-edo sartzean: irabazleak burua tente-tente; galtzaileak burumakur, esan digu Mikelak. Haurtzaroa –nerabezaroa– eta gaztaroa sustraitik ebaki zioten Bentako alaba gazteenari.