Molaren tropak eta erreketeak Andoain hartu eta Leizotz eta Buruntzan barrena Urnieta aldera zetozela, iristear zeudela sua sutautsetan baino azkarrago zabaldu zen, ez bakarrik kalean, baita azken muturreko baserriraino ere. Ordurako Urnietatik aurrera alde eginda zeuden herritar batzuk, herrian abertzale edo errepublikazaletzat ezagunak zirelako –azken hauek ez ziren asko– bere burua arrisku bizian ikusten zutenak.
Baina bazen fenomeno bat, erreakzio bat, tropa errebeldeak hurbildu ahala herri guztietan gertatzen zena: jendea bere etxebizitzatik, bereziki bakarturik zeuden baserrietatik beste norabait mugitu beharra, bere burua lasaituko bazuen. Senak agintzen zuen: kaleko asko jatorri zuen baserrira igotzen zen edo herri handiago batera joaten; baserri batekoak, berriz, ehunka metro batzuk areago zegoen beste batera joango ziren, gero eta mendi alderago, bide nagusietatik gero eta urrutiago, hobe. Kontua zen etxean edo baserrian bakarrik ez gelditzea, familikoekin taldean egotea elkarri laguntza emateko… Giroa, kezka eta beldurra halakoxeak ziren egun haietan.
Goiburuko Benta instituzio bat da Urnietan gaur egun, eta gerra hasi aurreko egun haietan ez zen gutxiago, aspalditik baitatorkio ospea eta izen ona: urnietar askok eta beterritar askok estimu handitan izan duten taberna. Molarenak iritsi zirenean, Bentan Mari Kruz Urretabizkaia eta Juan Bautista Miner senar-emazteak ziharduten, eta haien seme-alabetako batzuek, eta tropak zetozela eta hartu zuten lehenengo erabakia Amuela baserrira joatea izan zen, familiartekoak baitzituzten haiek. Sendikoak izan ala ez, iritsi zirenerako Antso baserriko Anastasio amerikanoa, Altzibarkoak eta beste batzuk ere han ziren; koadrila polita Hernani aldetik Urnietakoa den azken baserrian. Bentan Mari Kruzen bi alaba geratu ziren aiton-amonak zaintzen. Semeek, berriz, Zubieta aldera egin zuten, eta handik sakabanatu egin ziren. Bentakoek beste baserri eta etxe askotakoen bidea hartu zuten: behi pare bat, oiloak eta poltsakada bat arropa hartu eta seguruagotzat zuten baserri batera jo: Amuelara. Hantxe egin zuten aste pare bat edo.
Bien bitartean, tropa errebeldeen albisteak iristen ziren Leitzaran bailaran barrena Olloki aldetik: Nafarrroako mugako zaintza-etxean bertako mikeletea hil zutela nafarrek eta bazetozela Andoain aldera. Eta 1936ko San Roke egunean iritsi ziren Andoainera, eta handik gutxira baita Urnieta hartu ere.
Itzuli ziren Bentara Mari Kruz, Juan Bautista eta beraiekin zituzten seme-alabarik txikienak, betiko bizimoduari ahal zen neurrian heltzeko asmoz. Baina tropak ere iritsiak ziren Urnietara eta soldaduak ohiko bihurtu ziren Bentan: alferez bati ere ostatua eman behar izan zioten bertan. Benta inguruko mutil gazteak ere noiznahi hurbiltzen ziren tabernara hamaiketakoa egitera, bertako seme Martinen kintakoak-eta, Antsokoak, Oiarbidekoak, Azkonobietakoren bat…, esate baterako. Egun batean teniente-koronel bat azaldu zen eta berehala gogor hartu zien kargu: zer demontre egiten zuten han, troparekin frontera joan gabe, oiloak bezala sasipean gordeta! Gazte haiek larritu eta beldurtu egin ziren eta modu batera edo bestera frontera joatera deliberatu zuten: Oiarbideko Ramon eta Juanito eta Antsoko Markos erreketeekin joan ziren eta Azkonobietako Joxek, berriz, Falangen eman zuen izena. Mari Kruzen eta Martin semearen kezka eta larritasuna ez ziren txikiagoak izan, eta amak alferezarekin hitz egin zuen, galdetzeko komeni ote zen semea batzuekin ala besteekin frontera bidaltzea: No tenga Ud. prisa, señora, ¡ya le llamarán!, izan zen alferezaren erantzuna. Eta halaxe gertatu: noizbait deitu zuten soldadu tropara joateko, eta Asturias aldera bidali zuten frontera. Denbora gutxira, hantxe hil zuten Martin, Llanes herrian. Iluntasun hits batek hartu zuen Bentako minertarren gogoa, etxeko giroa ez zen berriro inoiz aurrekoa izango…; 70 urte igaro diren arren, Mikela bere arreba gazteenari begirada urrunean galtzen zaio anaiaren heriotzaz hitz egin behar duenean.
Ordurako Mikela, minertarren etxeko gazteena, ohituta zegoen tiro hotsetara eta gerrak zekartzan beste gabezia eta miseria batzuetara: Bentatik Andoain edo Urnieta aldera astoarekin erosketaren bat egitera ahizpak jaisten zirenean, inoiz somatu zituzten oso hurbil, buruan bueltan, gorriek Basaundik botatako tiroak. Beste behin, Andoainera zihoala tabernarako ogia erostera hegazkina antzeman zuen zeruan, gerra abioia, eta korrika batean astoa trenbideko pasonibelean lotu ondoren, trenbide azpiko erreka zuloan babestu zuen bere burua. Berehala entzun zen leherketa handi bat: abioiak bonba Agerreborda baserrian bota zuen.
Hamalau urte zituen Mikelak, nahikoak inguruan gertatzen ari zenaz jabetzeko: Goiburuko gazteak frontera eramaten zituzten bitartean etxean falta ziren gazteen galdera egiten hasi zitzaizkien Herriko Etxetik gurasoei: etxe askotara iritsi ziren Bartolome Ugalde alkateak sinaturiko errekerimenduak. Batzuk azaldu ziren; besteak ez. Azaldu zirenetako batzuk, dagoeneko kontatu izan dudan legez, Herriko Etxean oinak jarri bezain laster antzematen zituzten Goardia Zibilaren komandantzira eramateko edo zuzenean Ondarretako espetxera, edo fusilatzera. Azkonobietako Bautista Garmendia izan zen gisa horretara Udaletxera sartu eta gero komandantziara eraman zutenetakoa. Halaxe gertatu zitzaion Mozotegiko Juan Joxe Izetari; baita Eulako mutilari. Baita Zulueta baserrian babestu zen Manuel Lasarteri. Herrira zetorrrela Bentan gelditu omen zen eta Mari Kruzek ahakar egin zion: baina Manuel, presentatu egin behar al dek? –galdegin zion. Neri zer egin behar didate? Nik ez diot inori ezer egin! –erantzun omen zion. Fusilatu egin zuten. Horiek guztiak eta aurreko artikuluetan aipaturikoak: Rafael Barkaiztegi aita-semeak, Trino eta Niko Olaizola, Amisoroko Julian Olasagirre Txuri…