Martxiel Garmendia ez zuten, zorionez, 1936. urtean fusilatu. Eta geroztik, zorionez, bizitza luzea eta oparoa egin du Urnietan, jaiotetxe duen Beltran baserrian. Baina bereak eta bi zalantza izan zituen Martxielek Molaren militar errebeldeak Andoaindik barrena Urnieta aldera inguratu ahala, gau askotan loa galarazi ziotenak: aurrera egin ala gurasoekin gelditu? Bere anaia Patxik argi eta garbi esan zion zer egin behar zuen: hi goazemak! Aurrera jun behar diu, bestela hementxe botako haute-eta! Urnieta osoan aski ezaguna zen Patxi Beltrangoa Batzokiko kidea zela, jeltzalea alegia, Batzokia Antonionea edo Matxonean zabaldu zenean dirua biltzen-eta ibilitakoa; beraz, bazekien Patxik bere bila berehala izango zirela etxean.
Bien bitartean, buruak Martxieli aurrera joan behar zuela agintzen zion arren, bihotzak ezetz esaten zion, gurasoak ezin zituela inolaz ere etxean bakarrik utzi trantze zail eta itsusi hartan. Eta arriskatu egin zen; etxean gurasoekin gelditzeko karta jokatu zuen: berak ez zuen inolako deliturik; jeltzalea zen, ez noski anaia bezain ezaguna, Urnietako kalean ez zen halakotzat nabarmendu, eguna baserrian ematen baitzuen lanean, eta, gehienez ere, Matxoneko aurrean herriko segurtasuna zaintzeko Batzokikoek jarri ohi zuten kontrolean, gau bakar batean aritu zen zaindari, Andoaindik behera zetozen ibilgailuak kontrolatzen. Bitxia da; Martxielek ez du gogoan jeltzaleek zein zuten beren santo y seña, baina ederki gogoratu du, barre artean, Molaren naparrena: ¡Alto! ¿Quién va?, galderari: ¡España! erantzun behar omen zitzaion-eta…
Martxielen anaia Patxik milizia abertzaleekin, Sindicato de Trabajadores Vascos-ekoekin (ELA/STV) frontera joan zen, Ernio aldeko Urkizura, eta bertan aritu zen borrokan kokaleku hura galdu zuten arte. Milizia horietako bataloiez sortua zuten alderdi abertzaleek Eusko Gudarostea. Urnietar mordoska ibili bide zen Ernio inguruko borroka haietan, eta, azkenik, naparrek Urkizuko gaina irabazi zutenean, Urnietan zabaldu zen fronteko borroketan Roke Lasarte eta Patxi Garmendia hilik suertatu zirela, hiru gurutzeren ondoan azaldu baitzen, besteak beste, Beltrango Patxiren Sindicato de Trabajadores-eko karneta. Etxean, beraz, Patxi hiltzat jo zuten. Eta izan zen Urnietan, hori jakin zenean, Patxi Beltrangoa Urnietako plazan erdian bota behar genin lau haizetara zabaldu zuen txapelgorri ospetsurik. Baina ez zuten hil, erretiradan galdu zuen agiria; eta Roke Lasarte bera ere ez zen borroketan hil, erretiradan zihoazela zauriturik gelditu zen, eta jada errekete eta militarren eskuetan, han bertan fusilatu omen zuten. Hortik, agian, Rokeren heriotzari buruz Urnietan zabaldu izan diren bi usteak: fusilamenduarena batzuena; frontean hila izatearena besteena. Frontean hil zen bai, baina fusilatua…
Bien bitartean, Martxiel Urnietan gelditua zen, eta ordurako errekete, falangista eta militarrak, tropa osoa, herrian sartuak eta Donostia aldera joanak ziren. Martxielek kirioak dantzan ibili zituen egun askotan, baina bakean utzi zuten, eta berehala ohartu zen zein zen herriko jaun eta jabe berrien jokabidea: etxetik aurrera joan ziren gizasemeak ziren susmagarri; deliturik handiena etxetik alde egin izatea zen, eta ongi garesti ordaindu zuten errurik batere ez zuten askok, bere lagun Amitesarobeko (Amisoro) Julian Olasagirrek, Txurik bezala. Etxeko karta jokatu zuen Martxielek eta ordura arte onik atera zen! Ez horraitio kezkak eta beldurrak eraginda etxetik mugitu zirenak! Denak deitzen zituzten Herriko Etxera edo komandantziara.
Martxiel ere deitu zuten azkenean, baina Caja de Reclutas-en aurkeztu behar zuela-eta luze-zabaleko neurriak –talla- hartzeko. Udaletxean balekotzat jo zuten eta Caja-ra bidali zuten, Donostiako Alde Zaharrera. Han egin zuen topo, Intza tabernan Bautista Garmendia lehengusuarekin, Azkonobietakoarekin, eta han izan zuten lehenago ere kontaturik dudan elkarrizketa, ordurako ongi baitzekien Martxielek etxetik aurrera mugitu izana nahikoa zela susmagarritzat jo eta fusilatzeko. Caja de Reclutas-etik Lizarrara bidali zuten Plazaolako Trentxikian instrukzioa egitera, eta Martxielek gogoan du joan aurretik ikusi zuela Matxon azkenekoz bizirik Rafael Barkaiztegi Apezetxea, herriko epailea, bera Lizarrara joan zen egunean bertan, San Migel egunez, bigarrenez atxilotu eta hilabeteren buruan fusilatu egin zutena: fede handiko gizon ona, Martxielen hitzetan.
Lizarran instrukzioa egin eta Arabako Villarrealera bidali zuten, frontera. Han ezagutu zituen Martxielek buruz buruko gerraren miseria eta gorabehera guztiak, garunean josita gelditu arren gogoratu ere egin nahi ez dituenak: egun berriari eskerrak emanez bizirik irauten zuelako. Hiru urtez eduki zuten soldadu, gerra bukatu eta lizentziatu zuten arte. Lehenengo hilabeteak egin zitzaizkion bereziki gogorrak, Lizarra eta Villarrealeko haiek, Gasteizen koarteleratuta igaro zituztenak… Gero, Espainian barrena borrokaleku berrietara bidali eta, azkenik, brigada motorizatuan txofer sartzea lortu zuen, ibilgailuak gidatzen jakiteagatik baino –ez baitzekien- eskolatua izan eta erne ibiltzeagatik.
Gasteizen koarteleraturik zirela 1936ko Gabonak iritsi ziren, eta baita Eguberri eguna ere, eta artean soldadu bidali zutenetik etxera etorri gabea zen Martxiel, bertan ziren lagun guztiak bezalatsu. Permisua zaukau egun pasa etxera joateko nahi dunak, por Navidad!, zabaldu zen soldaduen artean, eta denborarik galdu gabe zazpi lagunen artean taxia kontratatu zuten Hernaniko Zinkoeneraino etortzeko, baikoitzak hiruna duro ordainduta! Taxi hartan etorri ziren hernaniarrak, urnietarrak, goizuetarrak, baita abaltzisketar bat ere, eta ez galdetu nei nola konpondu zan hura Zinkoeneatik Abaltzisketa joateko!, esan digu barre artean Martxielek. Taxistarekin konponduko al zen noski, Fagollagan utzi zituen goizuetarrak bezala! Iluntzeko zortzietan elkartuko ziren denak berriz Zinkoenean Gasteizera itzultzeko. Eta itzuli, itzuli ziren, baina ausartu ez koartelera sartzen zentinelek harrapatuko zituzten beldurrez! Beldurrak zergatik? Dena gezurra zelako. Gezurra zelako goiz hartan soldaduek beren artean zabaldu zuten permisoaren kontu hura, eta bazekiten gezurra zela, baina huraxe sinistu egin nahi ordea! Azkenean, behintzat, banaka-banaka koartelera sartu ziren aparteko gorabeherarik gabe.
Eta egun bakar baterako halako lan eta arriskuak Martxiel? Galdetu diot nik.
–Bai gizona, bai! Halako egun batean ba al dakik horrek zer harmonia handia ematen dion familiari?
Familia, huraxe zuen gogoan Martxielek. Etxera etorrita entzun behar izaten zituen herriko kontuak ez ziren ez parte onekoak: Kaxeta eta Berrasuetako familietako ahizpei ile-adatsak guztiz moztu zizkietela iraingarri uzteko; beste horrenbeste egin ziotela Anjela Arrue Goiburuko maistrari, kuttuna zuen iloba fusilatu, lanpostua kendu eta herritik atera edo elizara joatea galaraztea gutxi bailitzen; eta beste abar luze bat. Tarteka berri onen bat ere izan zuten Beltran baserrian: anaia Patxi bizirik zegoela, eta Bilbon, handik etorritako auzoko urnietar batek egiaztatu zien legez.
Noizbait, baina, bukatu zen gerra madarikatu hura eta Martxiel lizentziatu egin zuten; baserrira itzul zitekeen Dolox arrebarekin utzi zituen gurasoengana. Urnietara etorri eta bake-bakean utzi zuten geroztik. Patxi anaia ere, gerra amaituta halako batean itzuli zen etxera. Hura ere bakean utzi zuten.
92 urte beteta ditu Martxielek eta kontatu dizkigun hamaika pasadizo tristeen artean ahalegindu da umore piska bat jartzen. Baina elkarrizketa amaitu denean isilik gelditu da, begiak mahaian josita, bere baitan, berak ezagutu eta fusilatu zituzten guztiak, Bautista, Barkaiztegi, Txuri, Trino…, edo frontean erortzen ikusi zituenak une horretantxe bere aurrera ageri balira bezala. Korapilo bat egin zaio gizonari eztarrian eta begiak lausotu: nolakoak pasa behar izan genittun! Nolakoak! Ez dedila berriz holakoik gertatu!
Hala izan bedi; eta mila esker, Martxiel.