II. Errepublikak aurrera egin ahala, Urnietan Eusko Alderdi Jeltzalea –EAJ, alegia- bizi-bizi indartzen joan zen, gero eta herritar gehiago bildu zuen bere inguruan, eta hori guztia, bereziki, eskuineko alderdi tradizionalista eta monarkikoen kaltetan izan zen. 1933. urterako urnietarren gehiengoak garbi egin zuen jeltzaleen alde Madrileko Gorteetarako hauteskundeetan -%64a!- eta 1934. urteko urriko iraultzaren gertakari larriak giro politikoa guztiz nahasi zuten arren, 1936ko otsailean berriz ere Madrileko Gorteetarako egin ziren hauteskundeetan urnietarrek bi joera politiko aukeratu zituzten nagusiki botua emateko orduan: Ia %64ak EAJ-ri eman zion botua eta ia %34ak Fronte Popularrari(*). Eskuineko Coalición Contrarevolucionaria batasuneko zerrendak botu gutxi batzuk baino ez zituen lortu Urnietan. Eskuin monarkiko-tradizionalista desagerturik zebilen herrian.
Errepublikako gorabehera guztien zurrunbiloan EAJ-k Urnietako Udaletxean izan zituen zinegotzien artean Juan Jose Izeta Arrue izan genuen, Goiburu auzoko Mozotegi baserrikoa, 1909. urtean jaioa eta, beraz, 27 urteko gaztea militar errebeldeek gerra piztu zutenean Errepublikaren aurka. Baserriko lanetan eman ohi zuen eguna Juan Josek, lanik ez baitzen falta orduan Mozotegin, ezta Goiburun auzolana ere, eta auzolanari ez zion berak muzin inoiz egin bere izeba Anjela Arrue Goiburuko maistrak egiaztatu ahal izan zuenez Goiburuko eskola auzolanean egin zenean, Mainguanea baserriaren sailetan, 1925. urtean. Abertzaletasunaren oihartzuna aspaldian iritsia zen Mozotegira eta Urnietako batzokian Juan Jose Urnietako auzorik handieneko ordezkari gisa zinegotzi izan zedin aukeratu zuten, eta aurkeztu.
Izan ere, gutxi omen ziren Mozotegikoak bezala Urnieta, Andoain eta Hernanitik Nafarroa bitarteko mendiak ezagutzen zituztenak, arbaso nafarrengandik baizetorkien Mozotegikoei joera haruntzakoa. Gizon umila omen zen, eskolan baina baita etxean bere izeba Anjela maistrarekin ikasia, eta haren kuttuna omen zen gainera Juan Josek 9 urte zituela Maria ama galdu zuenez geroztik. EAJ-ko zinegotzi atera ondorenean, herriko etxeko lanak baserriko lanekin tartekatu behar izan zituen, eta lehen auzolanean bezala orain herriarentzat ahalik eta txukunen saiatu zen. Ez zen erraza, baserri batzuetako karlista-monarkikoek ezin zuten eraman bizkaitar haiek herrian nagusi izatea eta okasiorik ez zen falta izaten zirikatzeko edo inoren bizkarretik gaizki esaka ibiltzeko.
Uztailaren 18ko altxamendu militarra gertatu eta denbora gutxira EAJ-k eta ELA-k, beste alderdi edo mugimendu politiko eta sindikal batzuek bezala, bere miliziak sortu zituzten, Euzko Gudarostean bateratuko zituztenak, eta Juan Jose Izetari eginkizun berria jarri zioten Urnietako Udaletxean: Nafarrora bitarteko mendibide guztiak garbi eta zabalik eduki behar ziren gudarientzat; eta horretaraxe jarri omen zen Juan Jose, baserri bateko eta besteko mutilak aukeratuz lan hori burutuko zuten taldeak antolatzeko. Bere lana isilik eta fin egin omen zuen, ohitura zuen bezala.
Baina napar erreketeak Urnietara iritsi ziren, eta haiekin soldaduak eta baita falanjistak ere. Juan Jose Izetak, beste askok bezala, zalantza handiak izan bide zituen: aurrera egin ala baserrian gelditu, aitonaren familikoengana bildu Nafarrora ala Urnietan gelditu. Berak ez zuen, ordea, inongo deliturik. Herriarentzat lan egin zuen, besterik ez, militar errebeldeek Udaletxe berrituan jarritako alkate eta zinegotzi haiexek ere lehen jardunak ziren bezalaxe. Baina bekatu izugarria zuen Juan Josek: abertzale izatea, separatista hobe esanda, no afecto sino contrario al Glorioso Movimiento Nacional.
Mozotegin gelditu zen Juan Jose Izeta, eta egun batean errekerimendua jaso zuen etxean: azaltzeko berehala Herriko Etxera hainbat kontu argitzera. Bertan ez zen luze egon: Udaletxera azaldu bezain laster karguak irakurri eta goardia zibilek eraman zuten. Preso eduki zuten; beste urnietar batzuk bezala herriarentzat gogotik zenbateraino lan egin zuen jakin ongi zekitenek salatu eta saldu egin zuten. Pedro Manuel Lasarte Larburu eta Rafael Barkaiztegi Garmendia bezala urriaren 20an fusilatu zuten.
Izeba Anjela ere zigortu egin zuten. 1928ko Urnietako Udalak eskolan egin zuen lan bikainarengatik sari berezia eman zion bezalaxe, zortzi urte geroago Urnietako agintari berriek Goiburuko maistra kargua kendu egin zioten, herritik ateratzea debekatu eta baita elizara sartzea ere. Ez zuen elizara joan beharrik ordea Anjelak, bere iloba kuttun haren alde negar eta otoitz egiteko; nahikoa zuen etxeko isiltasunean bere gogora Maria ahizparen oroitzapenarekin batera ilobarena biltzea eta ordurako elkar harturik izanen zirela erregutzea. Bizi zuen amesgaizto hura arintzeko modu bakarra izan zuen.
(*) Datu horiek in Rodriguez Ranz, Jose Antonio: Guipuzcoa y San Sebastián en las elecciones de la II República. Kutxa fundazioa. Donostia, 1993.