Jaiotzez zuen herrena, baina horrek ez zion galarazi inoiz auzoko eta herriko beste haur guztiek bezala korrikan edo futbolean ibiltzea, eta bai batean bai bestean trebea omen zen oso mutikoa. Azkonobieta baserrian 1910. urtean sortua, Joan Bautista Garmendia Ikutza, Battista etxekoentzat, XX. mende hasierako urte haietan hain modan jartzen ari zen baloiarekiko jolas hartan oso zalea zen. Battista etxekoentzat, baina, ezer gutxi behar izan ohi dugunez hurkoa bere akatsengatik gutxiesteko, haren adintsukoek eta gazteagoek Azkonobietako kojua ezizenez ezagutzen zuten, eta asko dira Urnietan gaur egun ere izen harekin baizik gogoratzen ez dutenak. Mutiko bizia behar zuen izan eta berez herren izateak-edo eman zion akaso bizitzarekiko halako ezinegona edo bizitzak eskaintzen zionaren aurrean ez etsitzeko kemena, eta agian horrexegatik, hazi eta gizondu ahala, ideia aurrerazaleak azaltzen zituzten sozialista edo komunistekiko sinpatia hartu zuen.
Gazte gera gazte ta ez gaude konforme!, dio kanta ezagunak, eta Battista gazte izan zen sasoi hartan, Errepublika garaian, Urnietan karlista-tradizionalistak eta jeltzaleak nagusi ziren herri kontserbadore hartan, gorri izatea zen apur bat errebelde izateko modu bakarra. Esan beharrik ez da Urnietan gorri oso gutxi zela, batik bat gazteak, maiz etxeko pentsakera edo tradizioarekin hautsi nahi izaten zutenak. Prim jeneralaren diktadura amaitu eta Errepublika iritsi zenean, politika giroa asko suspertu zen herri askotan, eta Urnietan EAJ guztiz indartu zen, herri giroan nagusi izan baitziren bere agerraldi eta kultur emanaldiak, Roke Lasarte Enrike Arizmendi eta beste batzuk gidari. Herrian bere burua gorritzat zutenek ez zuten aukerarik galduko jeltzaleak zirikatzeko politika kontuan; ezta alderantziz ere. Gure Battistak familian bertan izan ohi zuen horretarako aukerarik, baina bazuen gainera gogaide edo laguntzailerik: bere arreba Engraxi; hark ere komunistak-edo gogoko baitzituen oso. Nolanahi ere, ez batak ez besteak ez omen zuten inoiz politikarik egin: zale hutsak ziren.
Gainera, ez zen gure Battista gorri oso peligrosoa izango, mezetara ere tarteka jaisten omen zen eta kalera. Hori bai, bere izaera ezagutzera emateko, aukera zenean beste batzuek bezala zapi gorria jantziko zuen lepotik behera. Eta horiexek izan ziren hogeitaka urteko gazte umoretsu haren ekintzak gerra hasi bitartean. Militarrak Errepublikaren aurka jo eta Molak bere tropak Gipuzkoarantz bidali zituen uztailaren 18 hartatik aurrera, Battista ez omen zen ia baserritik atera ere egin, bertako lanetara bildu bide zen eta kalera behin edo beste baizik ez omen ziren jaitsi Azkonobietatik.
Molaren nafarrak Urnietara hurbildu ahala Errepublikaren aldeko milizianoek Urnietako kaletik atera egin ziren, Hernani aldera eginez, Santa Barbaran, Langardan, Basaunen bateriak ipiniz. Handik morteroak botatzen zituztenean herrian komeriak izaten ziren. Haietako batean, Azkonobietakoak kalera jaitsi behar zuelarik Basaun aldetik tiroak somatu omen zituen, eta atzera egin zuen baserriraino. Bertan, makil luze bati oihal gorri bizi bat erantsi zion, eta bandera hura astinduz atera zen etxetik, babesa emango ziolakoan, eta gisa horretara iritsi omen zen Ollanume baserri ingururaino. Han zapia gorde eta kale aldera jaitsi zen. Zoritxarrez, zelataria ez zuen urruti.
Molaren tropa errebeldeak Andoaindik Urnietarako bidean zirelarik, Engraxi eta Battista Garmendiak aurrera egitea erabaki zuten, alegia, herritik hanka egitea nafarren eskutan gerta zekiekeenaren beldur. Donosti aldera egin zuten beste urnietar askok bezala. Baina Urnieta, eta Hernani, eta baita azkenik ere Donostia, denak erori ziren. Eta Battistak ez zuen gehiago aurrera egin; berak ez zuen inoiz ezer txarrik egin, ez zuen inongo deliturik bere bizkar, ez zuen zertan ihes ibili beharrik. Ordurako Urnietako alkate berria, Bartolome Ugalde, hasia zen etxetik falta ziren gizaseme guztiei errekerimendua bidaltzen, azaltzeko Udaletxera bere egoeraren berri ematera, bestela iheslaritzat jo eta justiziak haien kontra egingo zuela, besteak beste ondasun guztiak bahituz. Azkonobietan ere jaso zuten abisua.
Battista Donostian zen oraindik eta egun batean Beltrango bere lehengusu Martxiel Garmendiarekin egin zuen topo Donostiako Alde Zaharreko Intza tabernan, Martxielek Caja de Reclutas-era joan behar izan zuenean. Battistak argi eta garbi adierazi zion Martxieli Azkonobietara itzultzeko asmotan zela: Ez hadi bueltatu gizona, garbitu egingo haute-eta!, erantzun zion Martxielek berehala.
- Baina nik ez dit ezer ein! –eman zion arrapostu Battistak.
- Hoiek ordia ez ditek ezer bihar jendia botatzeko!!
Azkonobietara itzuli eta Herriko Etxera aurkeztu zenean, segituan eraman omen zuten komandantziara salaketa eginda: bandera gorriarekin ibilia zela milizianoei seinalea egiten, baita herrian zapi gorriarekin ere. Ez dago garbi komandatziatik Ondarretako kartzelara eraman ote zuten ala fusilatzera zuzenean bidali, baina fusilatu ondoren gorpua Adunako bidean azaldu omen zen, beste gizaseme batzuenak bezala.
Azkonobietan berriak balek baino hotz eta zorrotzago zartatu zuen familia osoa. Etxeko txikiena, etxeko mutil bakarra piztia bailitzen zerraldo hilik. Bihozminak ahitu egin zituen Antonio eta Dolores gurasoak. Antonio aitak ezin izan zuen luzaro jasan semearen galera, eta penek ahituta hil zen hilabete gutxira. Dolores amak eutsi egin behar izan zion barruari geratzen zitzaizkion alabekin aurrera aterako baldin bazen. Azkonobieta baserria utzi eta Hernanira jo zuten lan eta aterpe bila; aurkitu ere aurkitu zuten Urnietatik alde egindako aita Oblatoen etxeko atezain gisa.
Horixe izan zen Battista gazte haren bekatua: mundua alda zitekeenik amets egitea, guztiak ez zuela zertan alda ezina izan behar, senda ezina, berak mendean hartu ahal izan zuen.