Martxoaren 14an bideo labur bat zabaldu zen whatsapp bidez, non ikusten baitzen Elizondoneko Jose Luis –semea–, pertsiana jaistearekin batera taberna ixten, purrustadaren bat botatzen zuen aldi berean. Irudi haiek ikusita askok ulertu genuen zeozer apartekoa gertatzen ari zela, Elizondo itxiarazteko motiboak benetan larria behar zuela: halaxe zen, ditxosozko koronabirusak inork itxaron ezin zezakeen hondamendia ekarri zuen gure gizartera eta Andoaingo gune ekonomiko esanguratsuenaren itxiera –Elizondo taberna eta burdindegia– horren erakusgarri zen. Geroztik, zorionez, taberna eta burdindegia berriro ere zabalik ikus ditzakegu.
Eta horren kontura sortu zitzaigun galdera hauxe izan zen: zein ote dugu Andoaingo denda, saltegi, taberna edo merkataritza jardundegirik zaharrena? Zein dugu saltzaileetan dekanoa? Erantzuna ia-ia galderarekin batera etorri zitzaigun: Elizondo.
Elizondo taberna eta burdindegia gaur egun itxura batean ikusten ditugu, baina Elizondo (Iriartetxiki etxea) beste gauza asko izan da bere ibilbide jada luzean: bertan tabernarekin batera ileapaindegia ezagutu genuen eta gaurko burdindenda dagoen horretan, aurretik janari eta goxoki-denda ere izan zuten. XIX. mendearen amaieran gaur burdindegia ikusten dugun horretan zaldikorta edo ukuilua zegoen, eta bertan izaten ziren Kaletxikiko Guardia Zibilaren koartelari zegozkion zaldiak, lau bat denetara boladarik onenean, gutxienez bi nahikoa baitzuten guardia zibil“bikoteak”bere ibilerak egin zitzan inguruetako baserri, auzo eta herrietara...
Iraganean Sanjuanetan Goikoplaza zezen-plaza bilakatzen zen. © Andoaingo Udal Artxiboa. Moises (1968)
Zaldikorta hori, gutxi gorabehera, XX. mendearen bigarren hamarraldian desagertu zen, ordurako elizondotarrek bere burdindegia bertan kokatu baitzuten, baina kalera jotzen zuen aterik gabe, sarrera tabernatik eginez. Tabernak ere ez zuen gaurko itxura, oraingoaren aurrekoan, barruan, beste banaketa zuen eta orain La Salle aldera jotzen duen atearen alde horretan bizartegi edo ileapaindegia zegoen, non Juantxo Olazabalek bertara azaltzen zen orori ile-adats-bizar-tximak txukuntzen zizkion, ondoren tabernan trago txikia egin aurretik. Gizonezkoena zen, noski... Gerraostean, 1950. urtearen aurretik egin zioten atea plazara burdindegiari, eta ordukoak dira ere janari-denda eta gozoki-denda burdindegiaren eta oraingo tabernaren zati batean...
Baina noizdanik zeuden eliza ondoan elizondotarrak? Baten batek pentsa dezake elizondotarrek hortik hartu zutela deitura edo abizena: elizaren ondoan dagoen –ondoan baino aurrez aurre– etxea delako, baina ez da horrela: gaur Elizondo deitzen dugun etxe horren jatorrizko izena Iriartetxiki da, ondokoa –Luziano Unanue bizi dena– Iriarteaundi den bezalaxe; bi etxe horiek Iriarte deitzen dira garai batean, Goikoplazan etxe eta eraikinik ez zenean –udaletxea eta eliza egin aurretik, noski–, Andoain osatzen zuten bi “hiri”edo “kaleen” artean zeuden etxeak zirelako: Kaletxiki alde batera eta, bestera, Kale Nagusia, eta bien artean Iriarte etxeak, eta baita Arrate etxea ere Kaletxiki burutzen, harriari egindako atean, hain zuzen ere...
Erreportajea osorik Aiurri hamaboskariaren 567. zenbakian
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.