Beti prest parte hartzeko, prest baino, beti parte hartu beharrean… Kontzientziak halaxe agintzen ziolako, euskaltzale petoa genuelako, berea zuen hizkuntzaren biziraupenaz kezka bizi zuelako…
Adimen zorrotzekoa genuen; bere buruari hurkoarenari baino askoz gehiago eskatzen ziona; baita, aldi berean, eskuzabala ere, beti prest aukera berriak eskaintzeko huts egiten zuenari.
Utzi gaitu, eta norberak bizi dezakeen atsekabetik, norberaren galeratik areago, taldean bizi dugun galera dabil zer suman gure inguruan, galera honek ukituta uzten gaituelako gizarte mailan. Herriko euskalgintza osatzen dugunon puzzleak pieza bat gutxiago dauka, kolore handia ematen zion txatala, burutsua eta dimentsio askotakoa.
Niretzat bazen ere begirada jakin bat; gogokidetasuna azaltzen zidan begiratu lasaigarria, ekitaldiak hasi aurretik jende artean aurki nezakeena, bilera edo eztabaida batean ados ez egon arren, mutur bietan bana egon gintezkeenean ere lasaitasuna eskaintzen zidana, berak irtenbidea ere eskainiko zuelakoan…
Zure azkenaren albisteak guztiz ezustean harrapatu ninduen; ni, piskanaka osatzen ari zinelakoan… Minutu gutxiren buruan izan nuen burutazioa –burutazio nirekoia– horixe izan zen: galdu dut begirada hori, besteren batenarekin bezala beti bilatzen nuena, bilatzen nituen bezala zure iruzkinak 111 Akademiaren webgunean –ustez zureak zirelakoan, akademiakidearen herria baino ez baita azaltzen–; gure irakurle amorratua.
Ez zinen, ez, nabarmentzekoa jende aurrean, ihes egiten zenion horri, beti hain zuhur. Baina isilik ere ez zinen geldituko barruko harrak iritzia azaltzera behartzen bazintuen. Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko kideentzat gozaldia izan da zurekin amets eta lan egin ahal izatea… Bai Arantxa! Zenbat amets bidean geldituko direnak, uste osoz eta ahaleginez prestaturikoak…
Zaude, beraz, gurekin; ametsetarako eta lanerako, zure irakatsiari jarraituz ahaleginduko baikara zuhur eta zentzuz jokatzen, zu bezala, zintzotasunez eta jatortasunez. Hurrengo bilera arte!