Eta galdetuko diozue zeuen buruari: zer demontre da Hircocervusa? Eta horrekin bat amandrea? Bada, Deustuko Unibertsitateko irakasle talde batek egindako ikerlanaren izenburua da hori. Eta, beraz, zer ikertu dute? Luzia Alberrok, Josu Bijuescak eta Jose Antonio Marinek osaturiko taldeak Manuel Larramendiren bizitzan eta obran antzemandako ustezko kontraesanak aurkitu nahi izan dituzte eta kontraesan horiek aztertu, testuinguru historikoan kokatu eta gaur egun Larramendiz eta bere lanaz dugun ikuspegian bere ikerlanaren ondorioak txertatu.
Baina zer da Hircocervusa? Hircus latinez akerra da eta cervus euskarazko oreina: Horrenbestez, akerroreina edo oreinakerra, nahi duzuen bezala. Eta hortik aurrerako xehetasunik nahi duenak eros (edo udal liburutegian eska) eta irakur dezala liburua, kalterik ez baitio egingo. Kontuan izan, baina, historiografiako lana dela, ez eleberria, hori bai, zorrotz landutakoa. Ikerlanean, Larramendiren ustezko kontraesanak hiru ataletan aztertu dira: lehenik, irakasleek Larramendik euskarari dagokionez egin bide zituen kontraesanak aztertu dituzte, funtsean euskara defendatzeko gazteleraren erabilerari dagokiona; ondoren, eliteko kulturaren baliabideak erabili izana herri kulturaren osagai hautatuak goratzeko eta, azkenik, foruzaletasunari dagozkionak, hots, bere pentsamendu politikoan utzitako kontraesanak, azken hamarkadetan historialari eta zientzia politikoko adituen hamaika eztabaida piztu dutenak.
Josu Bijuesca irakasleak egin zituen, bai Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuan bai Andoaingo Basteron, bi aurkezpenak eta azpimarratu nahi izan zuen egin den azterketa- eta hausnarketa-lana kritikoa izan dela, objektiboa, baina Larramendiren emaitzak sortzen duen mirespenetik abiarazia. Deustuko Unibertsitateko aurkezpenean Jabier Kaltzakorta euskaltzainak parte hartu zuen. Ondotxo ezagutzen du Kaltzakortak Larramendik utzi zigun emaitza eta andoaindarra euskal kulturaren erraldoitzat jo zuen. Eskertu nizkion hitz horiek Kaltzakortari; gogorarazi nien bertan zeudenei Larramendi bilbotarra ere bagenuela –nerabezaro osoa eta lehen helduaroa Bilbon egin baitzuen– eta gogorarazi nien Larramendiren ekintza izan genuela gaur Euskalgintza deitzen dugun horren hasiera, bera izan genuela aitzindaria euskararen gainbehera, bertako maila ikasi eta landuetan, ia erabatekoa zen garaian.
Oso maitatua eta goratua izan zen Larramendi ia mende eta erdiz, XIX. mendearen amaieran, eta bereziki XX. mendearen hasieran, hizkuntzalaritzaren inguruko zientzia berrietan aditu eta ustez jakintsu zirenak andoaindarra baztertzen, deitoratzen eta lurperatzen hasi ziren arte, ondo lurperatu ere. Orain, baina, ez noa horren berri ematera; nik uste izango dugula noizbait aukerarik.
Larramendik, Mariana Neoburgo erreginaren mesedeari esker Loiolara jo zuen 1734. urtean eta bertan biziko zen hil arte, Jesusen Lagundiko buru nagusiak guztiz atsekabetu ondoren, Salamancara edo Valladolidera itzuli balitz ibilbide dirdiratsuagoa aurreikusten baitzioten, Unibertsitatean bertan ala, batek daki, Espainiako Gortean berriro ere aitorle gisa –gaurko influenzerra edo lardaxkamaria–. Baina ez, ordurako euskararen gramatika argitaratuta zuen andoaindar egoskor hark, Loiolan sortuko zuen bere Hiztegi Hirukoitza eta baita beste lan asko, horietako gehienak argitaragabe gelditu zirenak sor zitzaketen ondorioen beldur, jesuiten beldurrez, alegia. Izan ere, Larramendik Loiolara jotzeko urrats hori eman zuenean, ordurako bere buruan estrategia jakin bat onduta zuen, iltzatuta.
Estrategia horri Salamancan eman zion hasiera 1728 eta 1729. urteetan, bere apologiaren eta bere gramatikaren argitalpenarekin, eta erreginaren mesedean ikusi zuen aukera arriskuz eta mehatxuz beteriko itsasaldi luze bati hasiera emateko. Estrategia haren xede nagusia bere herriari, Euskal Herriari –Gipuzkoa ardatz hartuta, orain azalduko ez ditudan arrazoiengatik–, bere buruaz jabe eta nor izateko bitartekoak ematea izan zen. Gipuzkoako historia idatzi zuen, Gipuzkoako korografia, Gipuzkoako Foruei buruzko lana… Beharrezkotzat jo zituen alorretan sartu zen auzi-konpontzaile gisa, Erregeren lehen ministroarekin buruz buru negoziatzen batzuetan, Hernanin Urumeako lokatzetara jaitsiz aingurasutegi berrien oinarriak eraikitzeko… Gernikako Gandarari gutunez adierazi bezala, euskaraz idatzitako lanak ere bazituen, baina ezin argitara eman, “beltxok” –berak jesuitengatik zioen bezala– ez ziotelako uzten.
Horrenbestez, Larramendi ez da bere burua gailen ikustearren apologiak eta burugabekeriak idatzi zituen harroputza, hitzak asmatze hutsez euskararen gaitasuna handikeriaz frogatu nahi izan zuena. Ez, horixe. Larramendi euskal kulturak izan duen erraldoirik handiena da; Larramendi dugu euskalgintzaren sortzaile, euskal arimaren suspertzaile, hizkuntza politikaren eta euskal pentsamendu politikoaren aitzindari… Gauza asko izan genuen Larramendi baina, zoritxarrez, gaur ezer gutxi da. Jabier Kaltzakorta euskaltzainak Larramendi erraldoiaz hitz egin zuen. Halaxe izan zen, erraldoia, baina azken ehun urteetan begirunerik gabe lurperatu duguna, ahaztuz orain ia 300 urte hasi genuela gure borroka euskaldunok bere eskutik euskarak guztiz jantzi gintzan eta egin genitzan euskal kultura eta euskal nortasuna gure bizitzaren gontz eta ardatz.
Horrenbestez, gure ahaleginak behar du gure aitzindariaren bideari berriro heltzea, bere eredua zabaltzea, gure ekimena berearen handitasunaz eta kontzientziaz janztea, Euskal Herriari eta mundu osoko jendarteari adieraztea orain ia 300 urte aurkeztu genuela gure hizkuntza zibilizazioen agertokian.
Zoritxarrez gertatuko ez delakoan nago. Larramendi hiltzear zela, Loiolan, bertako aita nagusiak Gaztelako probintziaburu zen aita Idiakezen agindu zorrotza jaso zuen: “Larramendi hil bezain laster, itxi itzazu gotor bere logela eta langela; ez dadila inor sar eta ez gero bertatik paper txatalik atera, inolaz ere. Den-denak bidal egizkidazu honantz”. Halaxe egin zuten; ziurrenik den-denak Valladolidera joan ziren, baita euskarazko argitaragabe haiek ere. Hervás y Panduro hizkuntzalari handiak ere Valladoliden izan zuen aukera Historia de Guipúzcoa irakurtzeko, ustez eskuzko kopia bat zelakoan eta obra bikaintzat jo zuen… Gizarajoa! Jatorrizkoa huen!
Ez zioten argitaratzen utzi, itxaron egin behar zuen, aurrerago agian, Jesusen Lagundiarentzat garai eta tenore hobeak iritsitakoan… Alferrik izan zen, 1767an, Carlos III erregeak berdin-berdin bota zituen jesuitak bere lurralde guztietatik eta, jakina, bahitutako idatzi haiek guztiz galtzeko arriskua geroztik areagotu egin zen. Zorionez, batzuen batzuk azaldu ziren XX. mendean eta horiei esker ezagutzen dugu gaur argiago zein izan zen Larramendiren patua.
Larramendiren patua zain egotea izan da, beti aiduru, noiz garai hobeak iritsiko, noiz tarterik aurkituko haren erakutsiaz gure burua janzteko. Noiz egokierarik bere izena eta obrari dagokien balioa emanez euskaldunon kontzientzia historikoa indartzeko. Noiz une egokia aldarrikatzeko utzi zizkigun altxorretatik hiru, euskararen apologia, Ezina ekinez egina gramatika eta Hiztegi hirukoitza, bere akats eta guzti, Euskal Herriaren benetako harribitxiak direla eta harro beharko genukeela haiek mundu osoari erakusteaz. Horien gainean eraiki baikenuen euskararen lehenengo pizkundea.
Baina gaur Larramendi ez da deus, ez andoaindarrentzat, ez gipuzkoarrentzat, ez gure erakundeentzat, agian bai kanfor usaina darion jesuita zahar bat kristoren malaletxea zeukana. Ez hura bilatu gure Donostiako Gipuzkoa plazan, erraldoi ofizialen artean –haietako askok erraldoi baino buruhandi lana egin zuen arren–... Ez! Dagoela zain oraindik urte batzuetan, mende batzuez akaso, oraintxe ez dugu lehentasun. Zain egoten badaki gure Garagorrik; hori izan da, mendetan, gure erraldoiaren kondena!