Badira Gipuzkoan Urnietaren tamainako herriak euskara hutsezko aldizkaririk ez dutenak. Urnieta bakarrenetakoa da. Duela urte askodanik hona, herri gehienek ikusi dute bere altzoan euskara hutsezko aldizkariren bat jalotzen, gure kioskoetan gaztelerak duen nagusitasunari aurre egin nahian. Urnietak denbora asko behar izan du pauso hori emateko. Hainbeste denbora behar izateak ez nau harritzen. Euskaraz bizi beharra ez da Urnietako kaleetan sumatzen dudan premia. Zalantza izpirik gabe, urnietarrentzat gaztelera da hizkuntza nagusi eta gehien-gehienek gogokoen dutena. Oker ote nabil?
Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarra sortu dugu Urnietan, esku artean duzun orri sorta hau astero-astero argitara ematekotan. Sorrera horretara ere ez da urnietar tropelik etorri, dozena bat baino ez, baina aurrera egitea erabaki genuen.
Euskara hutsez izango da, eta hori izango da benetan euskaraz bizi nahi dugunontzat Urnietan bertan emango dugun lehenengo urratsa.
Gazteleraz bizi nahi duzuenok, egon lasai!, aukerarik ez zaizue faltako-eta Urnietan beste larehun urtez nahi bezala gazteleraz bizitzeko... Euskaltzaleok, berriz, astekari hau aurrera ateratzeko hamabi lagun elkartzearekin konforme izan beharko dugu, eta hortik aurrera hamaika lan izango dugu.
Iñistorra ugari baso-mendietan, Unietako kalean behintzat ez dirudi erraz heltzen dionik!
"Que se te va la olla, Unanue!", entzungo diot orain baten bati...