Beste modu batean esanda, PSE-EEren ezezko botoa bakarrik jaso zuen proposamen bati buruz. EH Bilduko kide eta Udal Gobernuko bozeramailea naizenez, erantzuteko beharrean naiz.
'Miraria' aipatzen du Irazuk, Udalak zerbitzu bat publifikatzearekin urtean 68.000 euro inguru aurreztuko dituelako. Gezurraren susmoa hedatu nahian bezala, beste Udalek errepikatu beharreko formula bat asmatu bagenu bezala egiten du baieztapen hori.
Datuak estimazioak dira; urte amaieran aurrezkia handiagoa edo txikiagoa izan daitekeelako. Ikusiko dugu hori 2020ko urtarrilean. FCCrekin zerbitzua eskaintzeak urteko 212.727,72 euroko kostua suposatzen dio Udalari. Zerbitzuaren publifikazioarekin 144.000 eurora jaitsiko da urteko kostua. Nola? Horrela: Barredora berria 25.000 euro (hamar urteko epean kantitate hori izango da), mantenua 18.000 euro, materiala 8.000 euro, kamioi bereziaren kontratazioa 8.000 euro eta bi langileren kontratazioa 85.000 euro. Gauzak horrela, 68.000 euro gutxiagorekin garbiketa zerbitzua bermatu eta osatuko dugu.
Kaleratzeei buruz, argi utzi nahi dut, Udalak ez duela langile bakar bat ere kaleratu. FCCk kaleratu ditu. Gogoratu behar dugu, Udalak modu irregularrean zuela zerbitzu hau 2006. urteko irailetik. 6 hilabeterako sinatu zen kontratua, luzatu ezin zen kontratua zen eta 6 hilabeteak pasa ondoren, funtzio horretan geratu zen FCC, PSE-EEko Udal gobernuaren aginduz. Aurreko agintaldian gaia konpontzen saiatu ginen, proposamen landu bat aurkeztu zen batzordean eta ez genuen gehiengorik lortu (PSE-EE, EAJ-PNV eta PP alderdiek kontra egin zuten). Eta publifikazioaren proposamena bertan behera geratu zen. Agintaldi honetan, gaia berrartu eta prozesu osoa landu eta gero (barredora erosketa prozesu luzea, langileen lan poltsa publikoa egin eta proposamena berritu), publifikazioa ia agintaldi amaieran lortu dugu.
Gauzak horrela, eta kontraturik ezean, Andoaingo Udalak ezin zuela subrogatu ulertu genuen. Horrela aholkatu digute zerbitzu juridikoek eta horrela ulertu genuen alderdi politiko ia guztiek, eta baita Udaleko ordezkaritza sindikalak ere (ELAk eta LABek, hain zuzen ere). Epaitegiak izan beharko dute hori ebatziko dutenak, eta Udalak noski, epaia errespetatu. Eta egiari zor, Hernaniko Udalaren kasua aipatzea ez da gauza bera, Garbitania enpresa publikoan kokatu baitzituen langile horiek, ez Udalaren egituran. Kasu horretan kontratu legal bat zegoen indarrean, publifikazioa gauzatu zen unean, FCC eta Hernaniko Udalaren artean. Ez da Andoaingo kasua izan.
Amaitzeko, deigarria egin zait “Andoaingo Bildu"ri egiten zaion aipamen iraunkor eta zuzena, Iberdrolarekin alderatzeraino. FCC
enpresa multinazionalari, aldiz, urtero milaka milioiko irabaziak dituenari eta bi langile horiek kanporatu dituenari, eskaerarik ez; ezta erabakiarekin bat egin duten beste alderdi zein sindikatuei ere. Ez da gure kasua hori izango, eta lehen egunetik FCCri
eskatu genion gauza bera eskatzen diogu lerro hauetatik: baduela nahikoa diru eta lan karga bi langile horiek bere egituran kokatu eta lanpostu duin bat bermatzeko.