Larunbatean Andoainen Ruben Gelbentzurekin eta Jon Lizarribarrekin elkartasunez egin zen elkarretaratzearen bezperan, eta Twitterrek eskaintzen dituen 240 karaktere eskasetan, kasu honen atzean dagoen poliziaren obsesioa laburbiltzen saiatu nintzen. Ez da erraza gutxienez 17 urte irauten duen gehiegikeria hori horrela laburbiltzea. Aiurrik, dezente eskuzabalagoa, tarte luzeagoa ematen du zorionez.
Ruben eta Jon, Jon eta Ruben, aski ezagunak dira bai Andoainen, bai Urnietan. Ez da beharrezkoa beren militantzia politikoaren berri ematea. Gaztetatik militantzia politiko jakin bati lotutako pertsona askok bezala, poliziaren errepresioaren biktima izan dira, espetxearekin ordaindu behar izan dutena. Nola ez.
Egoera honek susmagarri kronikoak bilakatu ditu. 2003. urtean akusazio berri batekin atxilotu zituen Espainiako polizia nazionalak. Jon eta Ruben, ezizen zehatz bat zuten bi ETAko kide zirela zioten. Ez zuen ibilbide luzerik egin akusazio horrek eta komisaldegiko 3-4 egunak igaro eta gero, epaileak libre utzi zituen. Ez ziren epaituak izatera ere iritsi.
Bazirudien gai hori behin betiko itxita geratu zela. Gehiago, ETAk bere jarduna behin betiko amaitutzat eman ostean Euskal Herrian bestelako giro politiko bat irekiko zela pentsatzen genuelako gehienok. Eta gutxien espero zenean, 2013. urtean, Guardia Zibilak berriro atxilotu zituen. Atxiloketa oso modu bortitzean gauzatu zuten gainera. Kasu honetan, akusazioan zehaztapen gehiago zekartzaten, ekintza zehatzak leporatzen, baitzizkieten. Baina, oinarrian, 2003. urteko akusazio bera zen. ETAko kide zehatz horiek izatea, eta ezizen horien babesean ekintza zehatz batzuk egin izana.
Itxura txarra hartu genion. Urtebeteko espetxealdia egin behar izan zuten, Euskal Herritik urrun… Andaluzian. Berriz ere, froga nahikorik ez eta kalean utzi zituzten. Auzia artxibatu zuen epaileak.
Eta jakina, iritsi da hirugarren saialdia. Soilik poliziaren obsesioaren logikatik ulertu daitekeen saialdia. 17 urte beranduago. Oraingoan ekintza ezberdinak oinarri hartuta, baina berriz ere 2003. urteko ezizen berberak erabiliaz. Zur eta lur.
Luze eztabaidatu daiteke une politiko honetan horrelako gertaeren onuradunak nortzuk diren, nork sustatzen dituen eta zein helbururekin egiten diren. Bada inork ukatu beharko ez lukeen erpina: Bi herritar ditugula erdigunean. Bi herritar ingurune sozial zabal batekin. Inolako oinarri juridikorik gabe, eta izan daiteke egoera politiko bat baldintzatzearen helburuarekin, edo sektore baten obsesio politiko eta pertsonalak asetzeko helburuarekin egiten dela, baina Rubenen eta Jonen bizitzak ditugu jokoan. Eta bidegabea da, guztiz.