Laburra egingo zaigu hautagaitzen prestaketan, programen elaborazioan eta kanpainaren aurreprestaketan gaudenoi, baita udal politika lehen lerrotik bizi duten herritar horiei. Luze edo eternitatea irudituko zaie, aldiz, hasi aurretik hautagaien diskurtsoekin gogaiturik daudenei.
Eta azken hauei ez zaie arrazoirik faltako horretan gabiltzanoi askotan horrela gertatzen zaigunerako. Aurkeztu dira jada Andoaingo hautagai nagusiak, eta hasi dira ere posizioak finkatzen. Lehengo astean, egungo alkatea eta PSE-EAJ koalizioko alkategaiak, ohar labur bat kaleratu zuen. C-II proiektuarekin “zerikusia” duten, elkarte, herritar, enpresa edo alderdiekin bilera erronda egingo zuela iragarri zuen bertan. Bilera horien helburua, “estrategia eta helburu komunak adostea” izango ei da.
Datorren hilean lau urte beteko dira bere gobernukideek proiektua aurkeztu zutela. Eta lau urte beteko dira uztailean gaiaren gainean lidergoa hartu dezala eskatzen diogula. Orain arte, proiektuaren garapenean Foru Aldundiari laguntzeaz gain, gauza ezberdinak egin ditu, eta, oso kontraesankorrak egia esan; proiektuaren aldeko bozka eman dute Batzar Nagusietan zein Foru Aldundiko gobernuan, eta C-IIaren kontrako ekimenetan ere parte hartu dute, dena batera, eta azala gorritu gabe gainera.
Egun batzuk beranduago, bere gobernukidea eta alkateordea izateko hautagaia den Imanol Goenagak hitza hartu zuen EAJ-PNVk BEC-en egin zuen ekitaldi politikoan. Diskurtso landua eta alaia egin zuen. Besteak beste, Andoainek “bultzada berria" behar duela esan zuen. Eta bere alderdia gobernatzeko prest zegoela aitortu zuen pozik, irribarretsu.
Urte luzez oposizioan egon eta aldaketaren beharra aldarrikatzen duen hautagaiaren diskurtsoa bota zuen; azken lau urteotan gobernuan egon izan ez balitz bezala, berak orain arte ardurarik izan ez balu bezala.
Ez da askotan gertatzen, baina oraingoan ados nago PSE-EAJko ordezkariekin. Estrategiak adostu egin behar dira C-II proiektuaren aurrean, eta Andoainek bultzada berria behar du. Hain zuzen ere, hori lortzeko beste gobernu bat behar dela pentsatzen dugunok, ari gara hautagaitza berri bat prestatzen; Andoni Alvarez Lete buru duen hautagaitza horrek, estrategia ezberdinak adostu eta martxan jarri beharko ditu, eta Andoainek behar duen bultzada berri horren alde egin beharko du, herritar zein eragileekin batera.
Horretarako estilo berri bat eta ideia freskoak behar ditu Andoainek. Zaila izango baitu orain arte aukera izanda lortu ez duenak aurrerantzean arrakasta izatea. Eta jende berri hori animatu behar dugu.
Eta, sarritan, hain gainbaloratua dagoen esperientzia erabili dezagun modu positiboan eta eraginkorrean, sartzen diren pertsona berrien babesean eta laguntzan. Hori izango da egin dezakegun ekarpenik handiena.