Udazkenean murrizketak iragarri ziren Euskadi osoan, birusaren zabalkundea eteteko. Andoaingo Udalak, gainera, haur parkeak ixtea erabaki zuen, “sozializazio guneak” zirela argudiatuta. Guraso talde batek aurre egin zion erabaki horri, eta azkenean Andoaingo Udalak azaroaren 5ean haur parkeak berriro irekitzea erabaki zuen. 916,69koa zen intzidentzia tasa, egun horretan. Urtarrilaren 11n agertu zen 607,15eko intzidentzia tasa baino askoz handiagoa.
Zer gertatu zen “sozializazio gune” horiek ireki zituztenean? Parkeak irekita, plazatan haur eta familia gehiagoren presentziarekin, intzidentzia tasa jaitsiz joan zen astez aste. Azaroaren 5ean 916,69koa zen, eta abenduaren 15ean 73,60koa. Tabernatan, terrazetan eta bankuetan kafea hartuz pasa diren sei aste luzeetan intzidentzia tasa nabarmen jaitsi zen. Beraz, “fokoa” eremu horretan dagoela iradokitzea ez da oso argudio indartsua. Abenduaren 26tik urtarrilaren 5a bitarte inor gutxi ibili da plazan kafea hartuz, oso eguraldi txarra egin duelako. Gabonetan euria, hotza, izotza eta elurra nagusitu dira. Andoaindar askok etxean eman ditu eguneko ordu gehienak.
Astelehenean argitaratu genuen elkarrizketa batean tabernari batek gazteengan jartzen zuen kutsatzeen igoeraren ardura. Abenduaren 24an eramateko janaria barra-barra saldu zieten gazteei. Non jan ote zuten? Eta zertan ibiliko ote ziren, jaten ari ziren bitartean?
Egun hauetan irakurri ditugun adierazpenetan kolektibo ezberdinak seinalatu dira. Batzurentzat gazteak dira errudunak, eta besterentzat plazan-parkean egoten direnak (haur eta nerabeen gurasoak, hein handi batean). Egoera gogor, luze eta zail honetan errudunak arinkeriaz seinalatzearen aurka agertzen naiz, eta uste dut tentuz jokatzen hasi behar dugula. Errudunak seinalatzen hasi aurretik informazioa asko falta zaigulako.
Hedabideak gizarteari informazioa zabaltzeko eragileak dira, eta informazio aldetik eskas gabiltza. Har ditzagun informazioa eman dezaketen hiru erakunde:
San Juan bataiatzailea. Foko bat egon zen, hildako bat ere bai. Eta oraindik orain birusak hortxe darrai. Nabarmen jaitsi da intzidentzia, eta hori oso berri pozgarria da. Kabiarena da zerbitzuaren ardura. Zergatik uko egiten diote informazioa ematea tokiko hedabideari? Zergatik ez dute informazio gehiago ematen? Hasi al da txertaketa Ama Kandidan? Eta diot nik, zein da zurrun jokatzearen arrazoia? Zergatik itxi ateak informazioari? Adinekoein egoitza Andoainen dago, bertakoentzat erreferentziazko gunea da. Zergatik ez baliatu hedabideak herritarrei informazio argia eta gardena helarazteko?
Anbrosia Olabide eraikineko eguneko egoitza. Aurreko astean itxi zutela iragarri zuen Udalak, kutsatze bat egon zela eta. Egoera horrek eragin negatiboa izan al du Andoaingo egoera epidemiologikoan? Bestela esanda, soka ekarri al du edo ekarriko du langile horren kutsatzeak? Zergatik ez du Osakidetzak horri buruzko informazioa ematen?
Andoaingo Udala. Abenduaren 29ko intzidentzia tasa 267,55ekoa zen, urtarrilaren 7an 413,66koa. Datuen gainean gabiltzanok zer zetorren ikusten ari ginen. Udalak ezin du horrelakoetan informazio eta sentsibilizazio kanpainarik egin? Ez al dagokio herritarrei ohartaraztea, eta egoera okertzen ari dela jakinaraztea? Udalak gehiago egin dezake arduragabeengan eragiteko. Eta hori sentsibilizazio kanpaina ezberdinen
bidez egin daiteke.
Musukoa egoki erabiltzen ez dutenak, festa beste ardura batzuren gain lehenesten dutenak, etxean geratzeko beldurrez proba egiteari uko egiten diotenak... segmentu ezberdinak daude, eragin ahal izateko.
Euskadi osoan, urtarrileko lehen asteburutik bigarrenera positibotasun tasa nabarmen igo da. Egoera epidemiologikoa okertuz joan da, eta Andoain eremu gorrian sartu da. Eta orduan hasi gara “errudunen bila”. Luze egiten ari zaigu denori pandemia garaia. Martxoan hasi zen eta murrizketa ugari pairatu ditugu geroztik. Ostalariek, zer esanik ez. Itxiera martxoan, maiatzean, azaroan, urtarrilean...
Tokian tokiko datu gehiago jakin beharko genituzke zer gertatzen ari den ulertzen ahalegintzeko. Andoainen, urte hasiera honetan, zein adin tartean ematen ari da kutsatze handiena? Eta non kutsatzen dira? Zer diote kutsatuek? Galdera hauei buruzko erantzunak ematen dituzte? Gabonetako ospakizunak dira akaso kutsatzeen biderkatzearen arrazoia? Eta datozen asteetan beherapen garaian merkatalgune handietara Andoaindik joan diren dozenaka herrikideak kutsatze berrien sortzaile izango dira?
Galdera asko, bai. Tira, bestalde, bistakoa da kazetaria naizela. Jakin nahian gabiltza, gizarteari informazioa helarazteko. Silvio Rodriguezen kantuarekin akordatzen naiz horrelako egunetan: “Yo vivo de preguntar, saber no puede ser lujo”.