Galderak airean. Antzeko fenomenoa gertatu zen Wi-Fi aparailuak jarri zituztenean. Sekuentzia errepikatu egin da, hurrenkera honetan: Tresneria jartzen da, gertaera bolo-bolo zabaltzen da whatsapp eta "andoaindarras y punto" bezalako Facebook orrialdeetan eta ondoren azalpenak ematen dira.
Eta alderantziz probatuko bagenu? Zalapartaren erdia sortuko litzateke, beharbada.
Ibilgailuak eta trafikoa hizpide hartuta, gutako bakoitza erretratatuta gera daiteke afera honetan. Eta hori azaltzen saiatuko naiz. Andoaingo udalerriak, trafikoari dagokionez, arazo kronikoak dituelako. Bi, behintzat, aipagarri dira.
Trafikoa
N-1 errepidearen eta A-15 autobidearen ondorioz sortzen diren trafiko arazoak. Lasarte-Oriatik Tolosara bidean edo Tolosaldetik Donostiarako noranzkoan istripu edo trafiko arazoren bat egonez gero, Andoain zeharkatzen duen herri barruko errepidea azkar batean iristen da kolapsora. Karrikan, Kaleberrian, Bazkardo aldean, Leizotz inguruetan eta Sorabilla-Bordaberri aldean efektua berehalakoa da. Ez dago hori geldiaraziko duen kamera edo udaltzaingorik.
Bistan da udalerritik harago doan arazoa dela.
Auto gidari batzuren-askoren ohiturak. Herriguneko bizilagun askok ibilgailua hartzeko ohitura dute-dugu goizeko lehen orduan, eguerdian eta arratsaldean. Horren ondorioz trafiko arazoak sortzen dira Agustin Leitza etorbidean, La Salle etorbidean, Kale Nagusiaren hasieran, Kaletxikin, Erroitz kalean, Doktor Huitzi kalean eta Kale Nagusiaren hasieran. Egun euritsuetan Kaleberriraino iristen dira eskolako sartu-irteerak eragindako trafiko pilaketak.
Kontzientziazio kanpaina handia egiteke gaude. Oinez edo bizikletaz eskolara joan-etorrian doazenek badakite-badakigu, kasu gehienetan, herrigunearen zati handiena 10-15 minututan zeharkatzen dela. Autoan denbora beretsua igaroko genuke, eta egun euritsuetan, denbora tarte hori handitu egiten da. Ibilgailuaren bila joan behar da, udalerria zeharkatu, aparkatzeko tokia bilatu, aparkatu eta eskolako atera gerturatu. Hori guztia egiteko igarotzen den denbora tarte horretan metro asko egin daitezke oinez.
Etorkizun hurbileko aipamen bat: Kontsumoan zer nolako eredurantz goaz? Zertara garamatza udalerriaren kanpoaldean hedadura handiko merkatalgunea eraikitzeak? Andoainen, ziur, ibilgailua hartzera. Edozein auzotik Illaramendiko eremu berrira doanak ibilgailua hartuko duelako. Nekez joango da oinez, poltsaz beterik itzultzeko. 2030 helburu duen Europa honetan, ibilgailuaren erabilera areagotu egingo du Illarramendiko egitasmoak.
Bide-segurtasuna
Heziketan lan handia egiteko dago. Andoaingo alkateak kameren erabilerak jokabide itsusiak saihesteko baliagarria izango dela adierazi zuen. Eta adibide bezala Txitibarko biribilgunea jarri zuen. Jokabide zatar hori toki gehiagora zabaltzen da, zoritxarrez. Zumea plazan bizi garenontzat ezagunak dira Belabi kalearen ondoan dagoen harrizko aparkaleku handian ero moduan ibili izan diren gidarien ibilerak.
Haur txikiak ditugunok ordu asko ematen ditugu kalean eta guraso asko haserre samar gabiltza BMW markako ibilgailu klasiko eta ez hain klasiko batzuren gidatzeko joera arriskutsuarekin. Zumea plazan orduak ematen dituenarentzat ez da adibide ezezaguna. Ezta Olagaindik Olazar aldera oinez doanarentzat edota Goiburu aldean bizi denarentzat ere. Arrisku biziko egoerak sortu dituzte, maiz. Bizilagun asko gara horrelakoak gure begiekin ikusi ditugunak. Errepikakorra da eta udalerri osoan gertatzen da. Kamerarik gabe ere jokabide horiek kontrolatu behar ziren, egunen batean istripu larriren bat gertatuko delako. Oraindik ere gogoan dut, hilabete batzuk atzera, guraso batzuk BMW horietako bat gerarazi genuela Goiburun. Haserre bizian jarri ginen, haurrez beteriko eremuan oso jokabide arriskutsua izan zutelako.
Kamerak jartzeko erabakia hartu duten Udaltzaingoaren eta Udal arduradunen argudio gehiagoren faltan geratu naiz. Ondo legoke beste herrietan emaitza onak eman dituela eta funtzionatu duela diotenean, zehaztapen gehiagorekin aritzea. Emaitza onak eman dituela diotenean, zeri deitzen diote emaitza ona? Isunak jartzeari? Oso ondo funtzionatu duela diotenean, zer esan nahi dute? Kameren presentzia hutsarekin nabarmen murriztu direla gidarien jokabide traketsak?
Argibide gehiago eman behar diren ustekoa naiz, bestela inpresioa dut herritar batek baino gehiagok hasieran zituen galdera berdinak egiten jarraituko duela. Zer dela eta? Zertarako? Nondik nora? Azalpen osagarririk gabe tarte zabala hartzen du zalantzak.