Tirolina, Lizarkola pasealekua eta "Agenda 21 belaunaldia"

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2021ko mai. 24a, 10:25

Unanibia zubia zeharkatzen duen tirolina martxan jartzear dira, hilabete honetan bertan. Azken asteotan, giza mugimendua antolatu da egitasmo honen aurka agertzeko. Eguzkiko kideek interes handia piztu duen hitzaldia eskaini zuten Bastero Kulturgunean, duela bi aste.

Eta egun gutxira elkarretaratzea deitu zuten Goikoplazan. Bihotz-begiekin lotzen dugun toki kuttun horietakoa da Unanibia. Tirolinak ingurua maite duten batzuren emozioa, sentimendua ukitu du. Asaldura edo min batetik abiatu dira, eta Eguzki talde ekologistak hasierako sentimentalismo hori argudio sendoekin jantzi du. Jokaldi ona izan da. Tirolina, egitekotan, beste toki batean egitea eskatzen ari dira.

Agintzea, bestalde, erabakiak hartzea da. Eta erabaki gehienak ez dira denon gustuko izaten. Agintarientzat herritarrak egitasmo baten aurka agertzea ez da erosoena izaten.

Giza mugimenduak, agintarientzat deserosoak izan arren, garrantzia handikoak dira euren ekimenarekin kontrol lana egin dezaketelako. Andoaingo Udalak iragarri dituen egun bakoitzeko bidaia-kopuruan harago joanez gero, jakin badaki aurrean zer topa dezakeen. Sentsiblea da gaia, andoaindar askorentzat kuttuna den toki batez ari baikara.

Unanibiaren konkista lehenago hasi zen, urez eta lurrez okupatu genuenean. Airez zeharkatzeko egitasmoa aurkeztu denean hainbat herritar asaldatu dira. Distantzia hartu dut hasieratik, eta Change.org sinadura kanpaina horretan izena eman ez duen horietakoa naiz. Eta arrazoiak, laburbilduz, bi dira. Oso zaila zait sinadura ematea, Hendaia aldeko baso baten kontura negozioa egiten duen Wow Park tirolina parkeko edo Larraitz aldeko tirolinaren erabiltzaile naizen aldetik. Kontraesankorra iruditzen zait Andoaingo tirolinaren aurka sinatzea Kataluniako edo Espainiako jarduera aktiboak ezagutzeko informazio guneetara jotzen dudanean. Hemendik kanpo beste turista bat gehiago naiz.

Unanibiaren konkista lehenago hasi zen, eta tirolinarik gabe ere biotopo babestuak hamaika arazo ditu. Arazoak biderkatu ziren Lizarkola pasealekua martxan jarri zenean. Iazko azaroan hamar urte bete ziren irekiera ekitaldia egin zutenetik. Adostasun zabala antzematen dut Lizarkolaren inguruan. Onarpen eta erabilpen handia, andoaindarren artean. Baita tirolinaren aurka Lizarkolan barrena pintaketak egiten dituztenen artean ere. Eta gauzak zer diren: Lizarkola pasealekukoa izan da azken urteetan inguru hark pairatu duen okupaziorik bortitzena. Geroztik biderkatu egin da Unanibira oinez, bizikletan edo lasterka zeharkatzen duen herrikideen kopurua. Garai batean jende asko hurbiltzen zen Otietara oinez, Trentxikitik barrena. Eta Txapelaraino egiten zuten aurrera. Joan-etorria bide beretik egitera ohituta zeuden, oinezko eta korrikalari gehienak. Lizarkolako pasealekuaren eraikuntzak aukerak biderkatu egin ditu, eta batez ere gizakiarena ez zen eremu bat konkistatu da. Lizarkola duela hamar urtera arte ubide bat zelako. Egun, dozenaka herritarren joan-etorrirako ibilbide ederra da. Naturaren ikuspegitik, distortsioa areagotu duen ekimena izan da. Erregulazio handirik gabekoa, dena esatera. Udan zarata ozen entzun daiteke Lizarkola pasealekutik, ibaiaren ertzera belarria jarrita. Gizakiok guretzat hartu dugun eremua da Unanibia, eta Lizarkola martxan jarri zenetik joera hori areagotu egin da.

Tirolina arazoaren muinean jarri dugu, eta arazo gehiago ditu gure haran maiteak. Tirolinak beste kokapen bat behar luke, eta bitartean oso jarrera etsigarriak ikustera ohitu gara. Gogoan dut Aste Santuko egunen atarian, martxoaren 30ean eta 31n, ordu aldaketarekin luzatzen hasi ziren arratsalde horietan Olazar eta Otieta parkean biltzen den jendetza. Inguruak eta naturak eskaintzen digunaz gozatzen ari ginen. Baina parke horietan zein zen biharamuneko argazkia? Plastikoa, kristala eta errefusa ugari belazean botata. Nire begiekin ikusi nuelako, inguruaz gozatzen zeuden asko eta asko gaztetxoak ziren. Gozatu bai, baina handik etxera joandakoan jokabide oso zatarra erakusten ari ziren. Zenbat urte zituzten? 14? 16? 20? Inguruarekiko errespetu falta hori ikustean, “Agenda 21 belaunaldia”k horrela jokatzen duela ikustean, frakaso kolektibo baten aurrean gaudela pentsatzen dut.

Unanibiak eta Leitzaran bailarak arazo handiak ditu. Benetako desafioa beste bat da. Frakaso kolektibo horri buelta ematen hasi beharko genuke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!