Ostegunean Andoaingo Udalak hamar lerroko prentsa-oharra zabaldu zuen, bi lapurreten berri emanez. Bietan ere atxiloketak izan zirela adierazten zuen, eta herritarrari “kontu handiz ibiltzeko” eskaera egiten zion. Oharraren azken parragrafoak arreta deitu dit: “Horregatik guztiagatik, herritarrei kontu handiz ibiltzeko eskatzen zaiela lapurreta gehiago ez egiteko”.
Beste behin ere karga herritarrengan jartzen ari gara, horixe izan zen nire lehen pentsamendua. Eta, jarraian mezu horrek sor ditzakeen erreakzioaz pentsatzen jarri nintzen.
Bada etxez etxe lanean dabilen jendea. Ezezaguna izanik, egun hauetan sortzen ari den giroarekin, zer nolako erreakzioa izan dezake bizilagunak portalera gerturatzen denarekin?
Zabaldutako oharrak frustrazioa eragin dezakeela pentsatu nuen ondoren. Zeren eta “herritarrei kontu handiz ibiltzeko eskatzen zaie lapurreta gehiago ez egiteko” esaldi horrek nora garamatza? Arreta ipiniz gero lapurretak desagertuko direla iradokitzen da esaldi horretan? Azken aldi honetan, Olagain auzoan ikusi dutenez, oso denbora tarte txikian egindako lapurretak izan dira. Eta modus operandi-a ez da hain sinplea. Beraz, arretaz ibiltzeak ez du bere horretan lapurreta saihestea bermatzen.
Dena dela, herritarrei egiten zaion eskaera horri tiraka jarriz gero, Andoaingo Udalak oharra aberastu beharko lukeela iruditzen zait. Aholku sortarekin eta, besteak beste, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arretarako telefono zenbakiekin. Udan kanpoan gaudela neurri bereziak har daitezke, lapurrak uxatzeko. Baina uda amaieran herrikide gehienak dagoeneko bertan gaude. Zein neurri-sorta hartu beharko genituzke? Faltan bota dut neurri sorta baten proposamena irakurtzea, ohar berean.
“Kontuz handiz ibili” ohartarazpenak, gainera, ez du beldurra uxatzen. Komunikazioaren ikuspegitik Udalak bere mezua birformulatu beharko luke, konfiantzari eta segurtasunari loturikoa. Udaltzaingoa gaiaren gainean dagoelako, ez dio iskin egiten. Eta ziur nago lapurreten arazoa lehentasunezkoa dela Udaltzaingoarentzat. Are gehiago, ziur nago Beterri-Buruntzan Ertzaintza eta Udaltzaingoa gai zail honen inguruan elkarlanean ari direla. Eta hori ere bildu zezakeen prentsa oharrak. Konfiantza eragiteko mezuen aldekoa naiz, horrelakoetan.
Izan dira, egon badaude eta egongo dira lapurretak. Hori ezin da saihestu. Ez da batere samurra izango lapurreta pairatu duten familien kasua. Eta horrelakoetan biktimak, haien bizilagunak eta herrikideak gertuko erakundeari begira jartzen dira. Izan Udaltzaingoa, izan Ertzaintza. Erakunde horietatik erantzunak “kontuz ibili” esalditik harago joan behar du. Kontuz ibiltzeko mezu horrek herritarrengan erreakzio ezberdinak eragin ditzakeelako. Espero dut Aiurri eta bestelako argitalpenak banatzen dituzten lagunek ezustekorik ez izatea, hurrengo egunetan. Ez da dirudiena bezain erraza banatzailearen lana, eta tarteka batere atseginak ez diren egoerak bizi behar izan dituzte.
Herritarrei soilik eta bakarrik kontuz ibiltzeko mezuak zabalduz gero, aurreikusi ezin daitezkeen erreakzioak sor daitezke. Gai zail honetan, segurtasuna eta konfiantza eragiten duten mezuak gizarteratu beharko lituzte Udalak.