Haurren eskubideak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2021ko aza. 21a, 20:46

Udalak dio ekitaldi hunkigarria izan zela, sareetan zabaldu duen mezuaren arabera.

 

 

Ekitaldian bertan izan zen Aiurriko kazetariak horrela jaso zuen ekitaldiaren muina:

“Azaroaren 20a Haur eta Nerabeen Eskubideen Egun Unibertsala dela eta, Andoaingo udal ordezkari politikoek herriko ikastetxeetako ikasleekin ekitaldi berezia egin dute, udaletxean bertan, gaur eguardian. Ikasleek udal ordezkariei oregano landare bana oparitu diete. Sinbologiaz beteriko keinua egin nahi izan dute horrela, kontuan izan behar baita oreganoa antibiotiko naturala dela, eta otitisa sendatzeko erabiltzen dela. Horrexegatik, ikasleek udal ordezkariei adierazi nahi izan diete haur eta nerabeei entzun behar zaiela eta erabakiak hartzeko orduan haiek kontuan hartu behar dituztela”.

Eta Udalaren prentsa-oharrean haurren ekimenari alkateak eman zion erantzuna jasotzen da:

“Ekintza honen bidez, Andoaingo Udalak konpromiso sendoa hartu nahi du munduko edozein tokitako haur eta nerabeen eskubideen alde, baina bereziki Andoaingo haur eta gazteen alde. Konpromiso horrek eskatzen du adingabeak eskubideen subjektu direla onartzea, hartzen diren neurri eta erabaki guztiak haien interes gorenarekin bat datozela ziurtatuz”.

Honaino iritsita, herriko haurrekiko sentiberatasun hori egunerokoan zertan den galdetzen diot nere buruari. Jar gaitezen kasu zehatzei begira. Jolas garaian musukoaren erabilera derrigorrezkoa da. Andoaingo Udala dagokion tokian eragiteko eta haurren eskubideen alde agertzeko prest agertuko litzateke?

Hauxe dio Munduko Osasun Erakundeak:

Haurrek maskara jantzita eraman behar dute kirola edo beste jarduera fisiko batzuk egiten dituzten bitartean?

Ez da gomendagarria haurrek maskara janztea kirolak edo jarduera fisikoak egiten dituzten bitartean, hala nola korrika egitea, salto egitea edo jolastokian jolastea, arnasketan eraginik izan ez dezaten (No es recomendable que los niños se pongan la mascarilla mientras practican deportes o actividades físicas, como correr, saltar o jugar en el patio de recreo, para que no les afecte a la respiración).

Bestalde, gai honi dagokionez, Ikastolen elkarteak malgutasuna eskatu zion Hezkuntza Sailari. Hauxe urrian egindako adierazpen osoaren pasarte bat:

“Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu gizartean eta eskolan bertan gainerako kolektiboei ezarririko irizpide berak erabiltzeko Lehen Hezkuntzako haurren kasuan ere, eta ikastetxeetako aire libreko guneetan musukoa erabiltzeko derrigortasuna bertan behera uzteko”.

Andoaingo Udalak –bereziki Andoaingo haur eta gazteen alde– konpromiso sendoa hartu nahi duenez, ulertzen dut gai honetan eragiteko saiakera egin beharko lukeela. Ez da bere eskumena musukoaren erabilera erregulatzea, baina bai herrikideen eskubideen alde agertzea. Eta haurren aurrean hartu duten konpromisoa hain argia denez, gai honetan ere haurren aurrean heldua heldu (Udala Udal) agertu beharko litzateke Hezkuntza Sailaren aurrean.

Atera kontuak. Egun, euskal gizartean, egongo dira zazpi ordu eta erdiz jarraian musukoa jantzita dauden pertsonak. Baina ez dira askotxo izango. Zeren eta edozein jarduera edo lanpostuetan, lanaldia burutzen den bitartean, atseden hartzeko eta aire librera ateratzeko aukerak daude. Eta horrelakoetan gehien-gehienek musukoa kentzen dute. Zer eta aire librea arnasteko.

Andoainen goizetik arratsaldera bitarte eskolara doan haurrak ez du aukera hori. Ez diogu aukera hori eman. Jangelan geratzen bada, bazkaltzeko garaian kendu dezake –nola bazkaldu, bestela?–. Gainerakoan goizeko 09:00tatik 16:30ak arte musukoa jantzita dabil. Demagun, gainera, Eskola-Kirola ekimenean izena eman duela. 09:00tatik 17:30ak arte musukoarekin ariko da haur horri. Baita kirola egiten ari dela ere. Haurrak hainbesteraino estutu behar ote ditugun aztertu beharko litzateke. Azaroaren 20a urte osoa da, haurren eskubideei dagokionez.

Eta sentiberatasunez ari garela, eta neguan sartzeko ateetan, pentsatzen jarri gara betaurrekoak dituzten haurrengan adibidez? Jar gaitezen euren lekuan. Betaurrekoak eta musukoa jantzita 09:00tatik 16:30etara. Hozberoarekin ahotik irteten den arnasketa musukoan gora doa eta betaurrekoak lausotzen zaizkio. Arnasketa eta ikusmena zailduta igaro behar du egunaren zati handi batean. Arretaz egotea eskatzen zaion denbora tarte luze horretan.

Adingabeak eskubideen subjektu direla onartu berri du Andoaingo Udalak. Ekitadi sinbolikoetatik hasita, ondo legoke gerora ere ekitea. Euren jardunean –kasu honetan ikasten ari dira–, aire librean daudela musukoa erabiltzera derrigortzen dituzten kolektibo bakarra da haurrena.

Andoainen bada beste kasu bat, haurren eskubideekin lotura duena. Pandemia garaian Allurralde kiroldegian protokoloak maiz aldatu dira, eta urriaren hasieratik hona indarrean dagoena lehengo normaltasunetik oso gertu dago. Haur eta gazteei, ordea, jantzi aurreko dutxa eta xaboitzea galerazi zaie. Ez dute horretarako baimenik. Eta 2015-2017 urteetan jaiotako haurraren aita edo ama bazara ezinezkoa zaizu aldageletan sartzea. Covid-19 ziurtagiria ezartzeko bidean diren garai honetan, Andoaingo Allurralde kiroldegian harago doaz. Ziurtagiri horrek ere ez dizulako barrura sartzeko aukera hori ahalbidetzen. Haurra dutxatzeko eta janzteko aukerarik ez duzu, haur txiki horren gurasoa bazara. Ziur nago erabaki hori hartu dutenek esplikazioren bat izango dutela. Baina hainbatetan arauak zerutik erorita bezala ezartzen dira, inolako azalpenik eman gabe. Eta ondo legoke erabakiak hartzen direnean azalpen guztiak ematea. Paradoxikoa baita egoera.

Demagun igerilariak 9 urte dituela. Igeriketa ikastaroari ekiteko Allurraldeko instalakuntzatan sartu da. Lehen pasilloa igaro du, aldagelara sartu da, erantzi egin da, bainujantzia jarri, igerilekura sartzeko pasilloa zeharkatu du, igerilekura sartu aurreko dutxa azkarra hartu du, igerilekuan murgildu da, bere denbora tartea eman du eta bueltan igerileku ondoko dutxara doa. Bertatik pasilloa zeharkatu, eta aldagelara doa. Aldagelan lehortu, erantzi eta jantzi egiten da. Aldagelatik irteerara doan pasilloa zeharkatu du, eta horrela amaitu da haur horren egonaldia Allurralden. Hori guztia egin eta gero ezinezkoa zaio 9 urteko haur horri aldagelako dutxan xaboitzea? Ulergaitza iruditzen zait hori. Eta gaiaren gainean ez badaude, irakurle, jakin ezazu aldagelako dutxak zabalik daudela. Adin nagusiko batek 9 urteko haur horrek egin duen guztia egiteaz gain dutxatzeko aukera baduelako. Akaso adin nagusiko igerilariak 9, 10 edo 11 urteko haur batek baino eskubide gehiago ditu?

Eta 2015-2017 urteean jaiotako haurren kasuan, antzekoa esan daiteke. Gurasoari ez zaio haurra dutxatzeko eta janzteko aukerarik ematen. Ez da haur guztien kasua, baina haur batzurengan igerilekuko urak arazoak eragiten dizkie azalean. Guraso askok, aste hauetan, haurra igerilekutik atera eta etxera eramaten dute. Eta berriro erantzi, etxeko dutxan sartu, xaboitu eta jantzi egin behar dute haurra.

Uretan sartu eta atera, igerilekuko dutxan sartu eta atera, etxeko dutxan sartu eta atera... haur batek baino gehiagok otitisak jota amaituko du martxa honetan.

Fikziora eraman dezagun iritzi artikulu honen amaiera. Otitisak jota dagoen haurraren amari aholkua eskainiko dio beste ama batek: “Izaro, emaiozu Liberi oreganoa. Antibiotiko naturala da, otitisa sendatzeko erabiltzen omen da. Aiurrin irakurri nuen, aurreko astean”. Eta gutxira guasapez udalaren ekitaldiaren linka pasako dio amatxo horri: “Azaroaren 20a Haur eta Nerabeen Eskubideen Egun Unibertsala dela eta, Andoaingo udal ordezkari politikoek herriko ikastetxeetako ikasleekin ekitaldi berezia egin dute, udaletxean bertan, gaur eguardian. Ikasleek udal ordezkariei oregano landare bana oparitu diete. Sinbologiaz beteriko keinua egin nahi izan dute horrela, kontuan izan behar baita oreganoa antibiotiko naturala dela, eta otitisa sendatzeko erabiltzen dela...”.

Horraino iritsita, zalantza sortuko zaio amatxo horri. Oreganoa akaso udaletxean zuzenean eskatzea izan daiteke aukera azkarrena?

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!