Oraingoan bai. Leitzaran eta Oria ibaiek gainezka egin dute. Albistegietako lerroburuak, oraingoan bai, ibaien inguruan gertatzen ari zenarekin bat zetozen.
Arreta berezia bereganatu ohi du Andoaingo udalerriak, Kale Nagusiaren amaiera eta Zumea kalearen hasiera bereizten dituen Espigoian batzen direlako Leitzaran eta Oria ibaien ur-emariak. Ez ohikoa da udalerrian bertan naturak -eta gizakiak- sortutako paisaia bortitz horren lekuko izatea. Kronika, argazki eta bideo bidez gertaeren jarraipena egin dugu Aiurritik. Leitzaran ibaia Olagain aldetik hain harro badator, nolakoa da egoera Olazar eta Otieta aldean? Aiurri hara hurbildu zen ostiral goizean. Eta Oria ibaiaren hazkundeak zer nolako eragina izan du Calonge auzoan? Inor gutxi hurbiltzen da apartean geratzen den auzo xarmangarri horretara, eta herrikideak pantailaren bidez ikusi zituen Aiurrik eskainitako irudiak. Oria ibaia eta haur parkea maila berean zeuden auzune hartan, ostiral goizean.
Arreta eta fokua herrigunean jartzen da, jende gehien bertan bizi delako. Zer nolako eragina izan zuen euriteak, bereziki etxabe eta merkatariengan? Goizean goizetik Zumea kaletik bertatik zabaldu genituen "parteak", ostiral eta larunbat goizean.
Esan bezala, kronika, argazki eta bideo bidez gertaeren jarraipena egin dugu Aiurritik, eta beste behin ere irakurle eta jarraitzaile ezberdinek tokiko hedabideok egiten dugun lana balioan jarri dute. Informazioa zabaltzea garrantzitsua da, eta zabalkunde horretan egindako lanagatik zorioneko mezuak jasotzen ditugu. Eskertzekoa da hori (gure lana da, erantzun ohi dut nik), eta dena esatera aitortza hori ez genuke Aiurrikook soilik bereganatu behar. Horrelakoetan komunitatea aktibatu egiten baita, eta askotxo dira gurekin harremanetan jartzen diren ezagunak eta ezezagunak. Balio handiko informazioa eta edukia helarazten digute. Aiurriko kide naizen aldetik, pozez eta eskerronez jasotzen ditugu ekarpen guztiak. Anek, Iñigok, Diegok, Jonek eta hainbatek eta hainbatek garrantzia handiko laguntza eskaintzen digute. Aiurriri, baina bereziki komunitateari.
Egun hauetan Oria eta Leitzaran ibaiak gainezka eginda iritsi dira Andoainera, bidean erreka askoren emaria jaso eta gero. Informazioaz ari garela, konparaziora, Aiurriko informazio jarioa ez al da antzekoa izan? Aiurriko albisteak gainezka eginda iritsi dira irakurleengana Ane, Iñigo, Diego, Jon eta hainbaten eta hainbaten emaria (argazkia, bideoa, oharra) jaso ostean. Erredakzio taldeak lan handia egin du, baina komunitatearen ekarpena ezinbestekoa izan da. Eskerrik asko guztioi.
Eskerrik asko, beraz, gure lana balioan jarri duzuenoi eta zuen ekarpenarekin informazioa osatzen eta aberasten ekarpenak egin dituzuen guztioi. Gizartea informatzea lortu badugu, denon artean egindako ahaleginari esker izan da.