Bizitza plataformak manifestazioa deitu du, larunbat honetarako. Agerraldia iragartzeko mezuen artean azkar batean konproba daitekeen gezurra bota dute: "Orain badakigu inokulazioa erabateko porrota izan dela, une honetan iaz baino, hau da, sendagai esperimentala martxan ez zegoenean baino jende gehiago dagoelako bai kutsatuta, bai ZIUetan, baita hildakoak ere. Orain badakigu inokulatutako pertsonek zein sendagaia hartu ez dutenek berdin kutsatzen dutela. Eta hori jakinda, nola ausartzen dira herritarren % 15i hainbeste eskubide kentzera eta gainerako % 85i beren borondatearen aurka agian bizitza osoan sendagai hori hartzera behartzera. FRANCOREN DIKTADURA BAINO OKERRAGOA DA".
Hori ez da egia. Eta datuak hori erakustera datoz. C-19 Analisiarena da grafikoa:
Iazko urriko eta aurtengo urtarrileko eta apirileko oldarraldietan hildakoak –bereziki, hildakoak– eta ospitaleratuak askoz gehiago izan ziren. Seigarren olatu honetan positiboen kopurua hazten ari da, baina hildakoen eta zainketa berezien unitateetako okupazioa baxuagoa da.
Txertaketaren eraginez da hori, nahiz eta Bizitza plataformakoek hori ukatu.
Covid-19 ziurtagiriaren aurkako manifestazioa deitu dute, larunbat honetarako. Eta hizpide duguna testuinguru horretan egindako adierazpenak dira. Ziurtagiria eskatzeko erabakia zalantzagarria da, eta hori kritikatzea zilegi da baina ez litzateke argudio hori sendotzeko gezurretan ibili behar. Borondate oneko eta egoerarekin neka-neka eginda dagoen herritar asko nahasteko besterik ez da.