Tolosakoak, urrutira joan gabe. Hara joan behar izaten baitugu haur txikiak ditugunok, gelako baheketak egiten direnean. Gabon hauetako irudi horiek pandemiaren hasierara garamatzate. Gogoan duzu, irakurle, Zumea plazan Eroskira sartzeko sortzen zen ilara luzearekin?
Ia bi urte hauetan tokian tokiko datuak jaso eta argitaratu ditugu Aiurrin. Olatuz olatu, bazegoen nolabaiteko logika bat. Gertaera jakinen atzean positibotasun handia antzematen zen. Iazko ekainean esanguratsua izan zen Hernaniko ez festen eragina inguruko herrietako egoera epidemiologikoan.
Oraingoan ezberdina izan da. Azaroan Andoainen eman zen jauzi handia, tsunamiarekin parekatu genuena. Baina hona iritsita, eta Euskal Herri osoko positibotasunak gainezka egin duela ikusita, zein da tsunami hitza txiki uzten duen hurrengo adiera? Bilaketan ari garen bitartean esan dezagun seigarren olatuaren gainean zazpigarrena iritsi dela: Olatuaren gainean olatutzarra. Zutabea idazten ari naizela (13:00) ez ditugu oraindik aurreko asteko datuak jaso, Osakidetzaren boletinak geroz eta beranduago argitaratzen baitira. Hala eta guztiz ere, garrantzitsua al da Andoainen 45 edo 66 positibo izan ote ziren jakitea? Horrek zertan alda dezake egun hauetako pertzeptzioa?
Aldaera berri honekin gaixotasuna arin igarotzea da ohikoena. Milaka eta milaka kasuren artean, ordea, badira dozenaka batzuk ospitaleratu behar izaten dutenak. Hortxe dago orain kezka iturri nagusia, arazo handi baten aurrean gauden seinalea. Zenbateraino estutuko ote den lehendik herren xamar zebilen osasun sistema.