Gaueko aisialdiari lotuta daude, eta pandemia garaian sortu den arazo erantsia dela esan genezake. Bi aste atzera eginez, Zizurkilgo Udalak antzeko gertaerekiko gaitzespen irmoa adierazi zuen: "Asteburu bat baino gehiagotan, goizera arte luzatzen diren festa eta parranda gune gisa hartua dago Joxe Arregi plaza, eta parranda horiei lotuta zarata, zikinkeria eta txikizio bat baino gehiago ari dira gertatzen. Onartu ezin diren jarrerak. Are gutxiago hainbeste herritar bizi den inguru batean". Hilabete atzera, Asteasuko Udalak ere ordu txikitan gertatzen diren txikizioak salatu zituen: “Lotsagarria iruditzen zaigu. Ez da lehenengo aldia, zoritxarrez, zeren azaroaren amaieran ere herriguneko zuhaitz bat moztu zuten. Gazteen dibertsio beharra ulertzekoa da, baina inoiz ez bere herrian txikizioak eragitea. Asteasuko Udalak ez du gauez herria zaintzeko baliabiderik, eta honen bidez denon ardura eskatzen dugu, honelako jarrerak salatzeko. Herria zaintzea denon ardura da”.
Urtarrilaren 16an, eguna argitzean, suteak eta keak Villabonako Kale berria utzitako panorama kezkatzekoa zen. Sutearen ondorioak larriak izatera iritsi zitezkeelako. Eskarmentua dutenek ondotxo baitakite sutea pizten denean badela sua bera baino arriskutsuagoa den elementua, eta hura suteak sortzen duen kea da. Amasa-Villabonako Udalak berehala erreakzionatu zuen, goiz hartan bertan gertaera salatuz: "Udalak bart gauean izandako Kale Berriko edukiontzien erreketa onartezina dela adierazten du eta irmoki salatzen du. Era berean, Udalak elkartasuna adierazten die kaltetuak izan diren bizilagunei".
Txikizioak eragitea gaueko aisialdiaren parte dela uste den bitartean, arazo baten aurrean gaude.