Ekuazioa azkar batean egin nuen: aforoa % 60ra murriztuta ere, 300 ikuslek pilatuta jarraitzen genuen. Ekuazioak galdera zekarren berarekin: aforoa murriztea prebentzio-neurri bat al da distantzia soziala bermatzen ez den kasuetan? Gerora jakin dut beste areto askotan logika beraren arabera murriztu dutela aforoa. Usurbil da salbuespena. Aforoa murriztu zuten azaroan, eta salmentarako eserleku bakoitiak baliogabetu. Areto itxian metro eta erdiko distantzia bermatzeko ahalegina egin duen administrazio bakanetakoa dela dirudi. Burutapen horietan nenbilela, abenduan Aiurrin argitaratu genuen albistea gogoan hartu nuen. “Udal erakundeei ohartarazpena” izenburupean, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuaren argazkiarekin batera, bere adierazpenak bildu genituen: “Sagarduik mezua helarazi zien Udal erakundeei: Prebentzio-neurriak betetzea ezin izango dela bermatu aurreikusten badute, jarduera eten edo atzeratu beharko dute. Eta, aurrera egiten badute, neurriak indartzeko eskaera egin zien: Ekitaldietan prebentzio-neurriak hartzen badira, hauek indartu egin behar dira”.
Arratsaldeko 16:00etan sartu eta 18:00ak aldera irten ginen Basterotik. Bi orduz, hirurehun lagun elkarren ondoan eserita egon ginen, areto itxi batean. Barrualdean gehien-gehienak 6 urte azpiko haurrak zirenez, haurren artean ez zeraman ia inork musukorik jantzita.
Ez da aditua izan behar prebentzioa eta gutxieneko distantzia soziala ez zirela bermatu ondorioztatzeko.
Prebentzio-neurrien zirimola are gehiago katramilatu zen, 72 orduko epean. Larunbatean gurasoek haurrak pailazoak ikustera eraman eta gero, asteartean ikastetxeetatik haurrak eraman zituzten Basterora. Oraingoan zinemaz gozatzera. Ideia ona! Hitzorduari begira, gurasook oharra jaso genuen e-postaz. Negritaz nabarmendutako esaldi eta guzti: “Bastero barruan ikasleek musukoa jantzi beharko dute, beraz, zuen seme-alabek asteartean etxetik musukoa ekarri beharko dute”.
Udalerri berean, 72 orduko epean, erabat desberdinak ziren neurriak ezarri zituzten. Eta biak ziren, era berean, “prebentzio-neurriak”.
Haurrak zinemara eraman zituzten egun berean, Sagardui Sailburuak honako hau adierazi zuen: “Ziurgabetasun-egunak datoz, eta pandemiaren bilakaera arretaz aztertzea dagokigu. Bitartean, herritarrei prebentzio-neurriak betetzeko eskatzen diet, kutsatze kopurua are gehiago murrizteko, osasun-sistema arintzeko”.
Pandemia izendatu zenetik, bi urte beteko dira laster, eta oraindik ere herritarrei proposatzen zaizkien neurrietan asko hobetu behar da. "Prebentzio-neurria" adiera darabilgunean, neurri horren aplikazioa zehatza, argia eta koherentea izan behar da.