Sanjuanak 2022

Aitortza

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2022ko eka. 23a, 09:31

Finalista izateak emozioa biderkatzen du, bakoitzak bere ilusioa bizi duelako. Baina azken erabakiaren berri emateak ondorio gazi-gozoa sortaraztea gerta daitekeen egoera da.

Urrutira joan gabe, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan gertatu izan zait hori. Poztu naiz sarituekin, baina Oier Arantzabal kazetaria birritan geratu da sariaren ateetan. Eta merezi, ene uste arraroan saria merezi zuen. San Juan jaien hasierako pregoian bat baino gehiago egongo da tenore horretan. Batzuk, pozarren. Besteak, sortutako ilusioa bete ez izanaren frustrazioarekin.

Hasteko eta behin Maizorri txalaparta taldeari zorionak! Disfruta dezatela, oso une berezi eta bakana baita herritarrei “Gora Andoain! Gora Sanjuanak” oihukatzeko aukera izatea. Sari bat bada, duela hogei urte abiatutako ekimenari eskainitako saria. Hutsean sortu zen txalaparta taldea eta ibilbidea egiten ari dira euskaldunona den kultur tradizioa biziberritzeko garaian.

Pregoilaria aukeratzeko sistema honek, aukeratu behar den unetik, bazterrean uzten ditu beste aukera batzuk. Esan dezagun, nolabait esatearren, injustizia txiki bat badela. Zehazki, saritu gabe geratu denarekin. 

Merezimendu osoz eman lezakeelako pregoia Kanpezuko udalekuen sustatzaile taldeak. 50 urte bete dituzte, eta ospakizun betean izan dira udaberrian. Pregoia emateko aukera eurei eskaintzea urteurrena borobiltzea litzateke. Meritua aitortu behar zaie. Belaunaldiz belaunaldi herriko hainbati aisialdiaz gozatzeko aukera eskaini diete, eta euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustu argia egin dute. Berrogeita hamar urtetan euskal herritarren arteko anaikidetzean eragin dute, Leitzaran aldeko eta Arabako mendialdeko biztanleen arteko sozializazioan sakonduz. Horrela ere egiten da Euskal Herria.

Badakit ez dela erosoa gauza hauez hitz egitea, gaiari buruz idazte hutsarekin Kanpezuren alde agertzen ari naizela dirudielako. Hori baino gehiago, pregoia aukeratzeko sistemak sortzen duen albo-kalteak eraman nau lerro hauek idaztera. Merezi, batzuk eta besteek merezi dutelako. Eta ez dakit zergatik baina bazterrean geratzen direnei erreparatzen diet horrelakoetan.

Saririk gabe ere, egindako lana aitortzeko modu ugari dago. Lerro hauek idatziz, adibidez.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!