Sanjuanak 2022

Glamourra

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2022ko eka. 24a, 11:05

Distira handiko emanaldiak programatu dituzte aurtengo jaietan, herrikideak asetzeko eta jendetza erakartzeko helburu argiarekin. Festa handiak direlako, herriko patroiaren izena daramaten jaiak. Muga zehatzik gabe, gastuari begira ibili behar izan gabeko jaiak dirudite aurtengoak.

Gure begiekin ikusi genuen etxebizitzen burbuilak eragindako krisi latza, iragan hurbilean. Europan bizi dugun krisi politiko, ekonomiko eta energetikoak zein ondorio ekarriko dituen ikusteke dago. Glamour gutxiko jaiak izan daitezke etorkizunekoak, aldagai ekonomikoak tartean sartzen badira. 

Aldagai horien gainetik dagoena auzo mugimendua da, gutxirekin gauza handiak egitera ohituta dagoelako. Larunbatean lagunarteko bazkaria ospatuko dute. Ez hori bakarrik, eskuzabal jokatu dute eta herrikide guztiei zabalik dagoen txuleta jatea antolatu dute. Herri xehea da, jende aski okupatua eta jaietan lan eginez gozatu eta gozarazten duena. Entsalada prestatzen auzolanean, parrila lanetan lagunartean. Auzoek egiten dute herria, eta herriko jaietan auzoetako jai batzordeetako ordezkariak plazan elkartuko dira. Ba ote udalerri batentzat hori baino gauza eraikitzaileagorik?

Ez dute Pello Reparazen glamourra, Foyonek beefeatzeko duen trebeziarik ere ez. Ez dute Gabannak bezala postureoan ibili behar. Diren bezala agertuko dira.

Glamourrik gabeko festak tristeak izan daitezke musika, dantza eta antzerki ikuskizunen zaleentzat. Baina herria herri egiten dutenak glamourrik gabeko ospakizun horiek izaten dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!