2021eko martxoan zendu zen Nerea haurra, eta aurreko urteetako San Juan jaietan berak eta bere familiak lezio ederra eman ziguten gainerako bizilagunoi. Gaixotasuna ez zen oztopo, gaixotasunak Nereari eragiten zion ezina ez zen arazo. Arazoa gizarte honetan guk geuk dugu: “Normal” garenok dugu arazoa. Bizitzak kolpatzen dituen haur eta familia horiekiko nola jokatu ez dakigulako.
Zer egin eta nola jokatu ez genekiela, horrela zihoan denbora aurrera. Eta ekaina iritsi eta kalez kale lasterka irteten zirenean bihotza pittin bat apurtzen zitzaigun. Txalo gogotik egiteko baliatzen genuen aukera hura, “zuekin gaude” esanez bezala.
Duintasuna zer den erakutsi ziguten. Igande honetan Nerearen hutsunea nabarituko dugu. “Kros mistoa” irakurri nuen egitarauan. Begien bidez jaso, burmuinean interpretatu eta bihotzean ageri zaidana “Nerea eta Armandoren lasterketa” da .