Sanjuanak 2022

Datorkiguna

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2022ko eka. 26a, 10:34

San Juan jaietan gertatu da, baina ez da propio jaietako ekitaldia izan. Eta hala eta guztiz ere Aiurrin albiste irakurriena dugu, ordu hauetan.

Kukuteiko Joseba eta Beleni omenaldia egin zieten atzokoan, dendari eta bezeroen eskutik. Kale Nagusiko harategiak egin du berea, eta ikustear dago lokalaren jabeak beste maizterren batekin negozioari segida ematen ote dion. Aurrekaria ez da itxaropentsua. Kukuteitik ez oso urruti, uztailean bost urte beteko dira Jauregi harategia itxi zutela. Eurena zen lokala eta erretiroa hartuta harategia iraunarazteko prest zeuden. 2017ko uztailaren 29az geroztik negozio hark ez du segidarik izan, ordea.

Orain arte ezagutu gabeko panorama honakoa da: Kaleberria, Aingurasutegi, Zumea kalea eta Kale Nagusiaren zati handi bat harategirik gabe geratu dela. Eta beste hainbat negozio aspaldi pertsiana jaitsita daudela.

Estu ziren negozio txiki asko, eta datorkiguna ez da hobea. Lanpostuak sortu dira Illarramendiko merkatal eremu berrian. Pozarren daude agintariak. Lanpostu eta soldatatxo batzuk ziurtatzen dituzte bai, baina aberastasuna geroz eta gehiago lau aberatsen artean metatzen ari da.

Paradoxikoa Andoainen moda bilakatu den joera: Kalea merkatariz hustu eta erosketa handia egiteko kotxea hartu beharra.

Herritik atera gabe, oinez ia pausorik eman gabe, kotxea hartu eta karbono monoxidoa isurtzea. Horixe da mugikortasunaren eta ingurumenaren bandera hartu eta edukiz hustutzea. Kapitalismo bortitzarekin datorkiguna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!