Kamera aurrean ageri da lehen planoan, bizi duen deserosotasuna agerian utziz. Aurrerago, Jon Zulueta hitz egiten ari den ia bi minutuetan kamera galdu antzera dabil beste udal ordezkarien lehen planoak agertuz eta une batzuetan pareta huts bat bistaratuz. Ia bi minutuko pasartea da. Erakunde serio batean onartu ezin diren bideo atalak dira.
Paradoxikoa da andoaindarren etxean, udaletxean, horrelako eszena zatarrak ikusgai dauden bitartean herritarren adierazpenak eteteko erabakia hartu izana. Eta, era berean, ez ohiko bisitaldi kopuru handia du bideoak. Ziurrenik asko eta asko topatuko ez dutenaren bila dabiltzalako. Zehazki, Etxeberrietako auzokideen hitzartzea. Ez ditu aurkituko agintaldi honetan zehar erabaki berria hartu delako. Idazkariak azaldu zuen arrazoia, plenoan bertan: "Izaera pertsonaleko datuen babeserako arrazoiak medio, eta, Alkateak hala eskatuta, ikusleen parte-hartzeak ematen direnean grabazioa eten egingo da".
Herritarrek egindako ekarpenak ikusi gabe geratu gara herritarrak eta kazetariak. Eta, aldiz, plenoan irudia babestu nahi zaien herritar haien aurpegiak noiznahi ageri dira bideoan. Sei-zazpi etxeberrietar ezagutzeko moduan gaude bideoa ikusiz gero. Irudien erabileraz galdetzea zilegi da, baina egun indarrean dagoen prozedura kontraesankorra da. Streamingaren garaian, kazetariok plenora itzuli beharko dugu gertatzen denaren berri emateko.