Etxebesteren postalak: Karrika

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2022ko abu. 17a, 08:00

Karrika, Andoain

Aspaldi itxi zuten kioskoa. Barrura begira jarrita, martxan zegoeneko zantzuak aurki daitezke oraindik. Garai hartako izozkien afitxa, esaterako. Argiro agertzen da hainbaten prezioa. Pezetatan. Iragan mendeko txanponaren garaikoa da gertu dagoen kabina. Dei gutxi egingo zen, euroa erabiliz. Dagoeneko ez ditugu kabinak erabiltzen, eta gutxi gara postalzaleak.

So last century.

Auzotarren eguneroko joan-etorrian hortxe daude buzoia, kabina eta kioskoa. 2022an gaude. Eskuz, nekez idazten da. Aldi bereko telefono deia egitea adin bat dugunon kontua da eta prentsa idatziaren aterpe izan ziren kioskoak hiriburuetan soilik aurki daitezke zabalik. Ezustean, semaforoa gorriz dagoela, zebra-bidea gurutzateko zain dagoela, zer arraio izango da mende honetan jaio den gazte bati begien aurrean duena ikusita burura datorkion pentsamendua. Galdera hori bueltaka dabilkit buruan, lehen postala idazten ari naizen bitartean.

1/5

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!