Izan ere, arazoari irtenbidea emateko Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen egitasmoak hautsak harrotu ditu. Aurkeztu den proposamenarekin kaltetuak ez dira gutxi, eta modu batera eta bestera erreakzionatzen hasi ziren. Begirada atzera botaz, gobernu taldeko kideek ez zuten Andoainen bizilagun askok bizi duten egoeraren tamaina aurreikusi. Zarata akustikoaren aurkako 5.000 sinaduren ekimen hura bueltan da. Bueltan da, eraldatuta eta nabarmen hazita. Iñaki Perez de Eulate dute bozeramaile, andoaindar askoren etsipena aldarazi duen andoaindarra. Hizlari bikaina da, gurasokeriz aritzen denean salbu. Gai katramilatsu honetan dohai bat erakusten ari da: oso ondo daki zertaz ari den. Haren argudioei aurre egitea ez da batere erraza, eta batzorde eta plenoetan egiten duen galderari ez dio oraindik inork erantzun. "C2 egitasmoaren onurarik ez dugu entzun. Zein onura du Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmoak?". Eta erantzuna airean geratzen da.
Herri plataformak denbora tarte txikian egin duen sentsibilizazio lana oso handia izan da, eta 451 herrikideren alegazioak biltzea lortu du. Diotenez, Correos bidez egunero-egunero 40-50 alegazio inguru iristen ari ziren okasiorako zabaldu duten posta-kutxara. Ez-ohiko plenoa deitzea lortu zuten, mozioa eztabaidatzeko.
Eta, orain, zer?
Zer nolako garrantzia du mozioak? Erabakiorra izango da? Aldundiak zenbateraino hartuko du hori kontuan? Plataforma noraino iristeko prest dago? Eta Udal ordezkariak? Eta alkatea?
Mozioaren bigarren puntua oso argia da: "C2 proiektuarekin planifikatutako ekintza guztiak geldi ditzala eskatu Diputazioari, Plangintza Orokorrean azaltzen diren jarduera-ildoekin bat letorkeen proiektu berri bat birpentsatu eta idatzi ahal izateko". Ildo beretik doa Udal arkitektoaren ondorio nagusia.
Alderdi politikoen artean, izango da oposizioa egitea oso erraza dela dioenik. Gai honetan, ordea, herrian dagoen haserrea antzematen jakin dute. EH Bilduk agintaldi osoa darama gaiari heltzeko mahai berezia sortu behar dela eskatzen. Perez de Eulatek mozioa onartu eta berehala gauza bera eskatu zuen.
Alderdi sozialistaren kasuan behin eta berriro diote C2 egitasmoa ez dutela gogoko, baina astelehenean ikaragarri kosta zitzaien mozioaren alde zeudela berbalizatzea. Jeltzaleak Aldundiaren egitasmoarekin bat agertu dira beti, baina irailaren 12ko Hirigintza Batzordean eta plenoan adierazpen neurtuak egin zituzten. Jakitun dira haserre daudenen jomugan daudela.
Alegazio fasea amaitzear da eta Udala eta gizarte eragileak alegazio orokorrak eta partzialak jasotzen aritu dira. Gipuzkoako Foru Aldundian, dagokion bulegoan, lanik ez zaie faltako.
Lehen txanpa honetan plataformak abantaila hartu du. Eta aurrera egiteko prest daude, abokatu-talde baten gidaritzapean. Eskarmentua badute, lehen ere ezerezean geratu direlako beste garaipen moral batzuk. Bikain azaldu zuen hori plenoan Josune Agirre Mimendiko auzotarrak. Bere senarrarekin batera zarataren aurka 5.000 sinadura biltzea lortu zuten. Eskaera haiek gauzatu gabe daude oraindik. Honakoa bota zien Udal ordezkariei, asteleheneko ez ohiko plenoan: "Eskerrik asko plenoan hitz egiteko aukera emateagatik. Ez nuke, ordea, soilik hitz egiteko aukera izaterik, baizik eta diogunari jaramon egitea". Txaloak entzun ziren.
Andoain bizigarri baten aldeko mugimendua martxan da, berriro ere. Eta Udal ordezkariei begira daude. Gaurkoz, Andoaingo PSE-EE eta EAJ-PNVren arteko arrakala ekarri du ez ohiko plenoaren bozketak. Sozialistek plataformaren mozioa onartu izana ez da jeltzaleen gustuko izan. Foru Aldunditik astelehenean Aita Larramendi ikastolako panelen harira Udalaren aurka atera zuen oharra arrakala horren isla da. Alkatea ez da atzean geratu erantzunean, eta C2ren aurkako jarrera argiagoa erakutsi du.
Epe erdira, ingurumen eta zaratari buruzko kalteak bideratuko direla dirudi. Hirigintza ikuspegitik Andoain zenbateraino izango den duguna baino hobea, hori ikusteke dago.