Lo importante, en castellano

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2022ko ira. 19a, 20:03

OFERTAS. DESCUENTO EN TODO. Hizki larriz, irakur zitekeen urrutitik: HOY Y MAÑANA. Kale Nagusiko merkatalgunean fosforitoaren gainean inprimatuta ageri ziren esaldi horiek.

Aurkezpenik behar ez duen merkatalgunea da Andoainen, aski ezaguna. Bereizgarri ona dute gainera: Abegikorrak dira hurbiltzen zaien bezeroarekin. Azkar batean bizi garenez, Salkinen kanpainaren hasierak lan eta lan harrapatu dituela pentsatu dut. Horrelakoetan azkar batean egokitu behar izaten da erakusleihoa. Lortu zuten, “Outlet kalean” hasterako prest zuten lelo nagusia urrutitik ikusgai jartzea: HOY Y MAÑANA. Hizki larriz.

Andoaingo Udaleko Euskara Sailetik ekimen ugari bideratzen dira euskararen erabilera tokiko merkataritzan normalizatzeko bidean. Udaberrian abian jarri zuten, esaterako, merkatari eta ostalarientzako euskara eskola. HOY Y MAÑANA hizki larriz ipini duten merkatalguneko dendariek ekimen horretan parte hartu zuten. Oso aberasgarria izan zen, denen artean euskaraz eroso aritzeko giro bikaina sortzea lortu zutela adierazi zuten lehen edizioan. Abiatzear da bigarrena. Hizpide ditudan dendariek euskararekiko konpromisoa erakutsi dute, denda itxi eta bazkalorduari denbora kenduz oinarrizko lezioak hartzeko tartea hartzen hasi zirenetik.

Gertatzen dena da badela une bat zeinean “LO IMPORTANTE” gailentzen den. Estu gabiltzanean, denbora gainera etorri zaigunean, ez gaude lore jokoetarako. Horrelakoetan “LO IMPORTANTE EN CASTELLANO” izan ohi da aterabidea.

Joera hori nahikotxo zabalduta dago, eta azken egun hauetan penagarria izan da gure gizarte eta politika mailako ordezkariek euskararekiko izan duten jokabidea. Bazkardoko lotune berria dela eta, trafikoa-zarata-kutsadura-hirigintza eredua elkar lotzen diren auzian, garrantzia handiko plenoa deitu zuten astelehenean. Auzia pil-pilean dugu, eta Udaletxeko pleno aretora eta Goikoplazara dozenaka lagun elkartu zen. Udal ordezkari bakoitzak bere posizioa agertzeko unea zen, Herri Plataformak aurkeztu zuen mozioaren bitartez. Egun inportantea zen, jende askoren arreta bereganatu behar zutelako. Nagusiki, bost pertsonek hitz egin zuten. Ordezkaritza duten lau alderdi politikoetako ordezkariak eta Herri plataformako bozeramailea. Bostetik lau erdara hutsean aritu ziren. Bakar bat, ordezkari politiko bakar bat elebitan aritu zen. Egun hartan argudioak euskaraz defendatzen aritu zen bakarra izan zen. “LO IMPORTANTE EN CASTELLANO”, beste behin ere. Joera hori, 2022ko irailera iritsita, oso barnean daramagu.

2022an gaude, eta gauzak zer diren: egun hauetan ematen ari den eztabaidan jokoan dagoena etorkizuneko Andoain da. Ez da errepide afera huts bat, ez eta egunerokoan jasan daitekeen zarata maila. Ez da kutsadura arazo bat soilik. Hirigintza eredu bat mahaigaineratu da eztabaidaren erdian. Zer nolako Andoain izango dugu etorkizunean? Paisaia, mugikortasuna, aisialdirako espazioak… 2035eko Andoain herrian biziko direnentzat garrantzia handiko aztergaiak dira. Eta etorkizun horretan aipaturiko guztia bezain garrantzitsua izango da hizkuntza.

Komunikazioan euskara eraginkorra da. Andoainen hori aspaldi frogatuta dago. Nire egunerokotik urrutira joan gabe, Aiurrik urteak daramatza Aiurri.eus webgunean, Facebooken, Twitterren, Instagramen eta Telegramen “LO IMPORTANTE EUSKARAZ” argitara ematen. Irismen handiko azken ordukoak, albisteak, argazki-bildumak, bideoak argitaratu ditugu, argitaratzen ditugu. Andoainen erdaldunaren arreta aspaldi bereganatu genuen. Sareen bidez, lerroburuak eta albisteak euskaraz irakurtzeko eta ulertzeko inoizko ahalegin handiena egiten ari da Andoaingo erdaldun jendea.

Komunikazioan euskara eraginkorra da, bai. Udal ordezkariek eta gizarte mailako ordezkariek oso presente izan behar duten detailea da. Baita dendariek ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!