Herri plataformak Bazkardoko lotune berriaren aurrean aurkeztu zuen mozioak espero ez zuen ondorioa ekarri du. Mozioa aurrera atera izanak, gobernu kideen arteko talka eragin du. Sozialistek bat egin dute Herri plataformak proposatzen duenarekin, eta hori ez da jeltzaleen gogoko izan. Ez dute auzi horretan, andoaindarren artean, Aita Larramendi ikastolaren parean panel akustikoak jarri ez izanaren pagaburu bezala agertu nahi, eta sozialisten aurka ekin dute.
Ika-mika, oilar-jokoa, rap musikarien artean ezagun den "beef"a... Egunerokoa interesez jarraitzen duen andoaindar asko zur eta lur geratu da Andoaingo EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien artean sortu den polemikarekin. Ez delako ohikoa horrelakorik gertatzea. Udal jardueran sortuko dira diferentziak, baina herritarrak horrelako talka baten lekuko izatera ez gaude ohituta.
Ez bat, ez bi. Hiruna mezu publiko zabaldu dituzte, gudu-zelaia hedabideetan kokatuz. Astea Aiurri.eus-en klik eginez eman dute andoaindar askok. Borrokaldi honetan lubakiak alderdi bakoitzaren bulegoan kokatu dira, eta bertako ordenagailuetatik jaurtitako munizioa prentsa-oharrak izan dira. Airez hasi zen borrokaldia, Donostiako Gipuzkoa plazatik iritsi baitzen lehen "boom" mezua. Handik aurrera borrokaldiak gorputzez gorputz jarraitu du. Oharrez ohar tentsioak gora egin du. Oraingoz horrela doa partida: Azken oharraren arabera, Udal Gobernu taldeko alderdi jeltzaleak kide duen alderdi sozialistako buruzagiari ezjakintasunez aritzea leporatzen dio: "Maider Lainez alkateak bere nahasmenean jarraitzen du, bere argudioak eta jarduteko modua oraindik ere ulertezinak baitira". Gudu-zelaiaren bestaldean, Udal Gobernu taldeko alderdi sozialistak kide duen alderdi jeltzaleari bazterrak nahasten ibiltzea adierazi dio: "EAJ-k benetan garrantzitsua denaren fokua nahastu nahi du: Andoainek C2 trazaduraren proiektuaren aurka emandako erantzun irmoa". Monty Pythonen “Brianen bizitza” zenbat bider erabili da eredu bezala, ezker mugimenduen parodia egiteko! Gobernu taldean dira, egun, “Judeako Herri Batasuna” eta “Judeako Fronte Batua”.
Gisa berean hasitako ika-mika, oilar-joko edo "beef" askoren segidan haustura iritsi izan da gobernantza partekatua ematen den erakunde askotan, baina ez dirudi Andoainen horrelakorik gertatuko denik. Jeltzaleen esku jarraituko du Kultura, Ingurumena edota Euskara sailen kudeaketak. Eta sozialisten ardurapean jarraituko dute Hirigintza, Gizarte Zerbitzuak edota Kirol sailek. Andoaingo Udal arduren eta gobernu taldea osatzen duten bi alderdien baitan hierarkia argi bat eraiki da, Maider Lainez eta Imanol Goenaga buruzagien baitan.
Gertaturikoa ez da hain erraz ahaztuko
Aita Larramendi ikastolako panel akustikoen harira, Gipuzkoako Foru Aldundia izan zen prentsa-ohar bidezko borrokaldiari hasiera eman ziona. Helburua argia zen: Andoain herriari adieraztea nor zen panelak lehenago jarri ez izanaren arduraduna. Jeltzaleek ez zuten errepideak Andoain barrena sortzen duen zarataren krisian erantzule modura agertu nahi. Errua sozialistena da, horixe zen –hitz lauak erabilita– lehen oharrak iradokitzen zuena. Geroztik elkarri zuzendutako beste bost prentsa-oharrek zatiketan sakondu dute. Gatazkaren eskalada horretan Maider Lainez alkateak izan duen erreakzioa aipagarria da. Oharrez ohar, egunez egun, are eta argiago agertzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen C2 egitasmoaren aurka. Esponentziala izan da bere aurkakotasuna. Ez zuela gogoko esaten zuen irailaren hasieran, eta hamar eguneko bueltan Andoain C2ren aurka irmoki agertu dela defendatzen du. Honaino iritsita, gobernu talde berean talka egiten duten bi posizio daude: C2 egitasmoa Andoainen aurkeztu eta defendatu zuena (EAJ), eta C2 egitasmoaren aurka geroz eta argiago mintzatzen ari dena (PSE).
Herritarren artean, aurreko asteko borrokaldiaren lekuko izan diren herrikideen artean izango dira iritzi ezberdinak. Baina bada ahaztea komeni ez den detailea. Alderdien arteko gatazka publikoak ez luke herritarren premiak eta arazoek baino protagonismo handiagoa hartu behar. Auzia ez da zein alderdi haserretzen den gehiago. Benetako auzia da zaratak, kutsadurak eta errepide egitasmoak egunerokoan sor dezakeen kalteari irtenbidea ematea.