Buruntzako gurutzea eraistearen helburua frankismoaren ikur nagusiarekin amaitzea bazen, hura bota eta gero masta sendo bat altxa eta ikurrina altxatzea gurutzea botatzeko ekintzaren errematea izan da. Esan liteke, ondorio horretara iritsi denarentzat, elkarren artean urrun dauden bi abertzale familia politikoek koordinazio modukoa erakutsi dutela. Gurutzea eraitsi, eta hara! Bederatzi hilabetera sinbolo berria jaio zen: Ikurrina. Batzuk eta besteak, guztiak abertzaleak, poz-pozik daude.
Beste interpretazio bat egin liteke, oso bestelakoa. Esaldia berregingo dugu, hasiera berdinarekin eta amaiera ezberdinarekin. Buruntzako gurutzea eraistearen helburua frankismoaren ikur nagusiarekin amaitzea bazen, hura bota eta gero masta sendo bat altxa eta ikurrina jartzea Ernaiko gazteen enbidoari ordago batekin erantzutearen parekoa izan da. Ideia horren arabera, gurutzea eraistea itsusia izan da eta ikur ezagun hori gabe umezurtz utzi dituzte sinboloak gogoko dituzten andoaindarrak. Sinbolo bat bestearen ordez: Gurutzea bota zuten? Ikurrina jarriko dugu. Abertzaleak, bakoitza bere erara, poz-pozik daude.
Egunak aurrera doaz eta urriaren hasierako ekintzari buruzko isiltasun administratiboa deigarria da. Gurutzea bota zutenean, Udal gobernu taldea osatzen duten sozialistek eta jeltzaleek “gogor gaitzetsi” zuten gurutzea eraitsi izana. Egun hauetan masta eraiki eta ikurrina jarri dute, egunak aurrera doaz eta adierazpenik ez da argitaratu. Oro har, estatistika zientifikoak esku artean izan gabe, ikurrina jartzearekin poza agertu duten herrikideak ez dira gutxi. Andoain abertzalea da, ikustea besterik ez dago Udal ordezkaritza zein den: 17 zinegotzitatik 11 abertzaleak dira. Aritmetika erraz horretatik abiatuta antzeman daiteke Buruntzako ikurrinarekiko andoaindar askoren iritzia zein den.
Buruntzako sinboloen auzian, printzipioen eta desioen arabera, ekintza hauekiko iritzia osatu dugu. Badira gutxienez bi galdera, gizarteko kide gisa, gure buruari egin beharrekoak. Lehena: Ikurrinak, gurutzeak, zizelkatutako harriak… inguratzen gaituzten toki kuttun horiek guztiak sinboloz betetzea beharrezkoa al da? Eta, bigarren galdera: mendian libre da edozer gauza egitea?
Gure buruari antzeko galderak egiten dizkiogun bitartean, oinarri sendoa eta landua du ikurrina eusten duen mastak. Egileek pasarte berria idatzi dute Buruntza mendiaren historian. Martin Ugaldek “Hiltzaileak” ipuin-liburuan jaso zuen, 1936ko Gerran, Buruntzako mendi-gainaren borrokaldian bizi izandako amaiera gordina: “Atsalde osoa mendi gailurrera begira egon nintzen. Eguzkia mendi tontorrean luzatzen hasi zen garaian, ikurrin bat heldu zen gain-gainera; ikurrin gorri-hori bat!”. 2022ko udazkenean, zutik dagoena euskal ikurrina da, ñ-rekin idatzi ezin baina ñ-z ahoskatzen duguna.
Historia errepasatzen hasita, 1936ko uda hartan, Buruntzan borrokatu zirenak abertzaleak, sozialistak, anarkistak eta komunistak izan ziren. 2023ko apirilaren 14a iristen denerako diot.