Plataformako kideek erronka potoloak maite dituztela dirudi. Oso gutxiren esku dago 400 lagun batzea, are gehiago hitzorduaren muina hitzaldi hutsa bada. Irailetik hona gertatu den bezala, plataformaren ideia nagusiak Iñaki Perez de Eulate bozeramaileak xehetu zituen. Bi ideia nagusi defendatzen ari da, argudio eta aipamen historiko ugarirekin osatzen duena. Lehen, ideia nagusia, Gipuzkoako Foru Aldundiak C2 delako egitasmoak sortuko duen kaltea salatzea da. Afekzioak askotarikoak direla dio, alor ugaritan: Landa eremuan, industriguneetan eta baita udalerrian ere.
Bigarren ideia nagusia Andoaingo etorkizunari lotuta dago. Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak udalerri mailan garapen ezberdinak egiteko aukera jaso zuen. Tartean, bizilagunentzat Andoain bizigarri izateko aukerak handitzea. Horren alde egiten ari da Perez de Eulate, hitza hartzeko aukera duen bakoitzean.
Irailean hasita, plataformak ekimen handia erakutsi du. Bere burua aurkeztu, auzo bilerak deitu, lehen mobilizazioak sustatu, plenoan mozioa aurkeztu, Aldundiari ehunka alegazio bidali… Berriki, Bidegiko administrazio kontseiluak Bazkardoko lotunea eraikitzen hasteko egitasmoa aztergai izan zuela-eta, dozenaka andoaindar mobilizatu zituzten Zarautzera. Azaroan gaude eta plataformak ekimen betean jarraitzeko asmoa du. Datorren asteazkenean Batzar Nagusietan hitza hartuko dute, Aintzane Oiarbide Foru Diputatuak gaiari buruz egindako adierazpenari erantzun asmoz.
Eta datozen aste eta hilabeteetarako egitasmo gehiago dituzte eskuartean.
“Herri bilera” delakoan hitza eman zioten entzulegoari eta ez zen tentsio unerik falta izan. Atsegina ez den egoera baten lekuko bilakatu ziren ikusleak, denbora tarte horretan. Errepide sare berriaren afekzioen baitan bi elkarte nabarmentzen ari dira Andoainen, Sorabilla-Errotagain eta C2ak kaletutakoen plataforma. Sorabillako elkartearen izenean herritar batek hitza hartu zuen Perez de Eulatek adierazitako hainbat aipamen ezbaian jartzeko eta Sorabillaren balioa aldarrikatzeko. Eulatek berak eta beste plataformako kide batzuk erantzun zioten, bi mugimenduen arteko kideen artean dagoen ezin ikusia agerian utziz.
Eztabaida edo xextra horren bidez, gainera, bi elkarteetako kideen artean egin ez den bilera baten berri jakin zen. Antza, Sorabillako elkarteak bilera egiteko eskaera informala luzatu zion C2ak kaletutakoen plataformari. Eta azken hauek, idatziz, xehetasun gehiago eskatuz erantzun zieten. Sorabillakoen izenean hitza hartu zuen herritarrak erantzun hori irakurri zuen Basteroko auditorioan, eta horrek gehiago asaldatu zituen plataformako kideak. Dena esatera, esan gabe doa Sorabilla Errotagain elkarteak auzoko interesak defendatzen dituela. Egia da, bestalde, badirela hainbat sorabillatar C2ak kaletutakoen plataformako kide direnak. Atzokoan bi elkarteen arteko urruntzean pauso bat eman zen harago. Xextra horretan, Basteroko ekitaldian zegoen emakume batek hartu zuen hitza, herri bileran halakoak entzutea min ematen ziola adierazteko. Txaloak jaso zituen entzuleen aldetik.
Gaia gertutik jarraitu duenarentzat Basteron gertatu zena ez da ezusteko handia izan. C2ak kaletutakoen plataformak indar eta ekimen handia hartu du, eta indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren garapena defendatzen du. Sorabilla-Errotagainekoentzat aldarrikapen horrek beregain dakar gainditutzat ematen zen mamua biziberritzea. Hots, auzoa kaltetuko lukeen 2009ko Andoaingo Saihesbidea berreskuratzea. Herri plataformak, eta beste herriko eragile batzuk, ez dute zehazki horrelakorik adierazi. Bai, ordea, indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren filosofia garatzea. Zarata eta kutsadura gutxiago jasateko, eta oinezkoentzat bizigarri izateko.
Gaur goizetik Andoain barrena dabilenak ikusiko du geroz eta gehiago direla herriko balkoi eta erakusleihotan ikus daitezkeen banderolak. Basteron erosi berriak dira.
C2ak kaletutakoen plataformak deitu zuen atzoko bilera, eta bere ibilbide-orrian aurrera egingo du. Asteazken honetan jarraituz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan.