Eremuaren arabera gorabehera handiak izan arren, eta haurren artean euskara gehien entzun arren, ezin ezkuta daiteke erabileraren datu orokorra eskasa dela. Kontsolamendurako balio dezake ikerketaren grafikoak aurreko neurketatik datorren joera adierazten ari direla ikusteak. Batera edo bestera, erabileraren %20ko datu eskasa da. Emaitza Basteroko ekitaldi aretoko hustasunarekin kateatzen ari ziren minutu haietan. Eserlekuak, ia guztiak, hutsik. Hogei lagun inguru elkartu ginen. Hutsune nabarmenak antzematen ziren, twitter bidez purrusta modura kaleratu nuena.
Eta halako batean, gauzak zer diren, txispa piztu zen. Inork gutxik entzuten gintuela baliatuta, hiru lagunen artean iragarritako solasaldia lagun askoren terapia modukoa bilakatu zen. Garbiñe Agirrek hartu zuen hitza, lehenik. Peio Manterolak, ondoren. Eta Andoni Etxezarretak eman zion errematea, lehen saiotxoari. Eskarmentuaren ahotsa zen Garbiñerena, sendoa. Gaztetasuna ordezkatu zuen Peiok, herabe. Eta patsadaz eta argudio bakoitza ondo neurtuz aritu zen gurasoaren paperean aritzea zegokion Andoni. Arantza Aguado Euskara lansaileko teknikaria aritu zen mikrofonoa hari eta besteari eskaintzen. Ez zen beharrezkoa. Bitartekorik gabe entzulegoari zuzentzeak konfiantza giroa erraztu zuen. Eta Garbiñeren, Peioren, Andoniren eta Arantzaren adierazpenak hasierako puntuak balira bezala, koplaka jardun zuen entzulegoak. Hizlarien artean eserita egon behar lukeen Izaro Arrutik argudio ugari eskaini zituen, eta haren atzetik jarraitu zuten Andoni Alvarezek, Garbiñe Huitzik, neronek… Guztion artean euskararen erabilera –eta erabilera eza– testuinguruan jartzen saiatu ginen. Eta ginda jarri zion Xabier Fondonek, lan munduan dagoen hutsune handiaz ohartarazteko. Denen ekarpenekin, hitzaldia urduri antzera eskaini zuen Soziolinguistikako Klusterreko Belen Urangak gozatu ederra hartu zuen. Ekarpen interesgarriak egin zituen ikusleen artean eserita zegoela.
Bakoitzak bere atalaiatik ekarpen baliotsuak egin zituen, eta hitzorduaren amaiera iristerako ahaztuta genituen grafiko, datu eta erreferentzia numeriko oro. Kuantitatiboari gailendu zitzaion kualitatiboa. Garazi Kamiok aitortu zidan bezala, bazkari edo afari baten bueltan luze eta zabal hitz egiten jarraitzeko moduko unea zen. Eroso, gustura aritu ginelako. Hitz egiten, entzuten eta esperientziak partekatzen.
Errepikatzeko modukoa izan zen.
Euskaraldiak –bereziki, Euskara lansaileko langileek– arratsalde atsegina oparitu ziguten. Panorama ez da batere erraza, baina lagunekin eta partekatutako esperientziekin ez dago nekerik, ez da bide txarrik. Gora, gora! Gora egin nahi badu euskarak, segida badu: Basteron, hortxe zegoen behar genuen txispa. Ezberdinen artean, abiatzeko moduko oinarria badagoela antzeman nuelako. Bidea eman beharko diogu bulkada horri. Aiurritik, Bazkunetik, Udaletik, ikastetxeetatik, jendartetik.
Ekiteko garaia da? Bai, hitzez ekiteko garaia da.