Eta, argitaratu nahi genuen albistea hori balitz ere, oso lerroburu zuzena litzateke, ezta? Herenegun, ordea, albistea hauxe zen: “Hitzordu berria izan genuen Andoainen, Euskaraldiarekin”.
Euria inork festara deitu ez eta gainetik kendu ezinik dugun ‘gonbidatu’ pelma hura izan zen. Udazkenik gabeko uda modukoa bizitzen ari gara, tarteka-marteka euri jasa eta ekaitzaren bat lehertzen denean salbu. Eta hain zuzen, badirudi astroak eta eta bestelako elementuak batuta daudela, halako konexio gaizto batean, euskararen aldeko ekimenak antolatzen ditugun bakoitzeko euriak eta ekaitzak agerpena egiteko.
Umoretik hartu beharko!
Busti beharra dago, bustitzea dagokigu antolatzaileoi eta baita euskaltzaleoi ere (ahobizi eta belarriprest garaian erdarakada honen erabilera pecata minuta da, ezta?). Zer da euskalgintza ez bada tai gabeko borroka? Bustitzea, ekitea, zailtasunei aurre egitea.
Janaren eta edanaren bueltan bi musika proposamen agertu ziren Andoaingo kaleetan: Burrunba eta Elektropottotte elektrotxarangak. Eskarmentua eta freskotasuna, bakoitzak eskaini zuena hitz bakarrera eramanda. Eskarmentua esperientziari lotuta dago, eta Burrunba taldearen gurditxoak arituaren eta adituaren alforja bana soinean zeraman. Freskotasuna kalera ateratzeko bulkadari lotuta dago, eta Elektropottotte adituaren eta arituaren jantziak bidea urratu ahala eskuratuko dituenaren hamaikagarren adibidea da.
Eskarmentua eta freskotasuna izan ziren gaubelaren osagai nagusiak. Hein batean, gurera ekarrita, osagai horiek uztartzen dira Andoaingo Euskaraldiaren lantaldean. Aurreko egunetan, Kale Nagusiko egoitzan, dozenaka herrikide hurbildu zen txapa bila. Hara agertu den orok ikusi du belaunaldi ezberdinetako jendea elkarrekin lanean. Eskarmentuaren irudi dira Garbiñe Agirre, Miren Erkizia, Garbiñe Huizi, Karmen Rodriguez Ranz. Garazi Kamio eta Ane Jalonen inplikazioa agerikoa da. Eta, aurten, dinamizatzaile lanetan fin-fin dabilena Ainhoa Manterola gaztea da. Guztiak lanean, bakoitza bere zereginean eta era berean elkarlanean. Lezioa ematen ari zaizkigu gainerakooi. Eskarmentuaren eta freskotasunaren adibide garbia da Andoaingo Euskaraldia batzordea.
Bietatik aberastea garrantzia handikoa da. Eskarmentua, bere horretan, ona da. Baina freskotasunaren premia du, zenbait inertziekin hausteko. Freskotasunak bide eta modu berriak probatzera garamatza. Arriskua hartu beharra dago, betiko inertzietan ez erortzeko.
Herenegun, Kale Nagusian, eskarmentuaz eta freskotasunez hausnartzen jarrita, zer da Burrunbak eta Elektropottottek irudikatzen zutena? On Kixoteren ‘eroaldi’ ezagun hura hona ekarrita, Burrunba ez zen elektrotxaranga bat, ahobizi erraldoi bat baizik. Eta Elektropottotte ez zen musika talde bat, belarriprest handi-handi bat baizik.
Ahobizi eta belarriprest, bi rol horietan aritzeko gonbitea luzatu digu Euskaraldiak. Atera dezagun euskara plazara, aritu gaitezen euskaraz plazan. Batzuren eskarmentuarekin eta besteen freskotasunarekin, ez legoke gaizki masa aktibo eta kritiko bat euskaraz aktibatzea.