Albiste on bat ilustratzeko lerroburua izan daiteke hori. Lerroburuak mamian dakarren errealitate hori Andoainen ikusten ari gara, Euskaraldiaren bueltan. Herrian zeresana eman duten ekimen ezberdinak antolatu dira azken asteotan, oharkabean igaro ez direnak.
Ez da, diodana, errealitate gordina ezkutatzeko pantaila modukoa. Euskararen erabilera nahi baino apalagoa da, eta hori aldarazteko input egokirik ez dugu topatzen. Euskaraldiak behar luke input horietakoa, baina Euskaraldiak ez du lehen edizioko ilusio eta parte hartze hura berreskuratu. Datuei eta sentsazioei erreparatzea besterik ez dago. Aurreko edizioetan baina herrikide batzuk gutxiago gerturatu dira izen-ematera eta txapa jasotzera. Bestalde, norbanakoen artean ez da garai batean bezalako parte hartze aktiboa somatzen. Izango da arrazoiak aztertu eta ondorioak ateratzeko denbora. Erreparatu beharko zaio apalaldi horri. Oraingoan ez da olatu erraldoirik agertu, baina ez da etsi behar. Haizea alde denerako prest egotea bezalakorik ez dago. Eta horretan ari gara. Ezin dugulako begien aurrean dugun panorama horrekin tematu. Bestelako irakurketak egin behar dira. Horrexegatik diot euskaltzale aktiboen Euskaraldia izaten ari dela. Antolakuntza-taldean egonik, hurrengo urteei begira euskarari eusteko ahaleginari heldu nahi dion talde eragilea ikusten dudalako.
Udazken honetan egitasmo ezberdinak sustatu dira, eta etorkizunean etorriko dira berriak. Izango denari heltzeko garaia iritsiko da, baina bitartean erreparatu diezaiogun aurreko hilabeteetako jardunari. Gau Beltza nabarmendu behar dugu, denen aurretik. Atzerriko kulturatik datorren ospakizuna zen Andoainen, 2022a iritsi den arte. Ospakizun horretan euskal kutsua duen Gau Beltza erdigunean jartzea lortu da. Lehen urtean, gainera. 2023an herrikide askok ez du gutxiago espero, eta Gau Beltzaren antolaketan errepikatu beharko dugu. Aurtengoan Halloween ospakizunetik Gau Beltzarako aldaketa hasi da. Etorkizunean aldaketa hori eraldaketa bilakatuko da. Eta hori egiteko talde eragile bat behar-beharrezkoa da. Zorionez, Andoainen hilabete hauetan ikusitakoaren arabera, bada talde antolatu modura lanean aritzeko oinarri sendoa. Eskarmentua, pasioa eta lanerako gogoa uztartzen duena. Ezin ahaztu tokiko erakundea, eta aurten Andoaingo Udalak izan duen lankidetzarako portaera on hori behar-beharrezkoa izango dugu etorkizunean ere.
Euskaraldiaren bueltan antolatutako bokata-afaria, Zasan ikusi dugun boluntariotza lana, ostiral honetarako antolatzen ari garen festa… tira eta tunba aritzeko euskaltzale eragileak martxan jarri gara. Kemen horri eutsiz gero, hurbilduko zaizkigu herrikideak euskararen aldeko borrokan. Baikor begiratzen diot etorkizun hurbilari.