Andoaindik eta Andoaindik kanpo begiratuta, albiste esanguratsua da. Sona handikoa baita –baitzen, ohitu beharko dugu iraganean idazten–, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien gisa bereko irismenarekin. Andoain kultur jardueren mapan kokatu duen horietakoa. Jaialdiaren eragina eta irismena handia zen, Euskal Herriko musika eskola askoren ikasturtea Andoaingo Piano Jaialdiaren arabera antolatzeraino. Ikasturte erdialdera jarritako erronka lorgarria zen, ehunka ikasleri jendaurrean eta profesionalen pare aritzeko aukera eskainiz. Motibazioa lantzeko aukera aparta ireki zitzaion irakasle eta ikasle askori.
Ekimen bat abian jartzea, gisa horretakoa, ez da batere erraza izango. Irakasle talde baten bulkada izan zen, eta har zezakeen tamainari beldurrik izan gabe, meritu handikoa izan da jaialdia bera iraunaraztea. Lagun gutxiren eskutik, ehunka lagunentzako plaza ederra eskaintzera iritsi ziren.
Santa Zezilia bezperan albistea eman zutenetik, ordea, bada gaurdaino iristen den infrasoinua. Antza, zail bilakatu zen jaialdiaren finantziazioari eustea. Iaz, esaterako, 300 euroko galera izan zela aipatzen zen albistean. Artikulu osoa irakurrita, hori dirudi jaialdia bertan behera uzteko pisuzko arrazoia.
Bi egun beranduago argitaratu zen prentsa-oharra, Aiurrira iritsi zena. Hauxe, argudioen artean, jaialdiari amaiera emateko arrazoia: "Azken edizioetan, Udalaren diru-laguntza hitzarmen baten bidez ixten zen, aurrekontuan jasotakoari jarraiki. Justifikazio-dosierra oso zorrotza izan da, eta ekitaldiaren kostuak esleitutako diru-laguntza gainditzea eragin du, osorik ez finantzatzea eraginez. Gai horrek zer egin planteatzea eragin du. Ez da Piano Jaialdiaren hurrengo edizioa egingo".
Oharrak, gainera, antzeko egoeran dauden beste ekimenei aipamen zehatza egiten die: "Andoainen elkarte gehiago ari dira antzeko egoerak pairatzen, eta horregatik, elkartasuna adierazten diegu elkarte horiei guztiei".
Geroztik, isiltasuna. Interpretazioei bidea zabaltzen dion isiltasuna.
Udalerriarentzat jaialdiak onura handiak zituen. Urtean behin bederen, musikaren hiriburu bilakatzen zen ehunka piano-jotzaile eta laguntzaileentzat. Jendetza erakartzeak eragin zuzena zuen herriko merkataritzan eta ostalaritzan. Nekez ulertzen da jaialdi bat horrela erortzen uztea, diru kopuru txikiaren galerak eraginda.
Santa Zezilia bezperatik datorren infrasoinuak hortxe dirau. Otsaila iritsiko da eta, antza, ez da jaialdirik izango. Nola ulertu isiltasun hau? Izan dadila jaialdiaren birformulazio bat lantzeko abagunea. Irtenbiderik ezean, eta formula arrakastatsuaren jakitun izanik, jaialdia beste herriren batean antolatzea ekar diezaguke etorkizunak. Eta, orduan, nostalgiaz begiratuko diogu iragan loriatsuari.